Literatur Emailuak
114 zenbakia: 2004ko martxoaren 18an
Susa literatura argitaletxea

Egan aldizkaria Interneten

Beste pieza inportantea gehitu dio Susa argitaletxeak Literatur Aldizkarien Gordailuari: Egan aldizkaria. 1948an elebidun sortua, 1953tik aurrera euskara hutsezkoa bihurtu zuten Koldo Mitxelena, Aingeru Irigarai eta Antonio Arruek, aldizkariak garai luze batean izan zituen gidariek; aurrerago, hiru horiei Juan San Martinen izena erantsi beharko litzaieke. 1987ra arteko, Koldo Mitxelenaren heriotzara arteko 74 zenbakiak jarri ditugu Interneten, beti bezala katalogatuta eta aurkibideetan, eta faksimileak inprimatzeko moduan. Aldizkariaren aurkezpen orokorra ere egin dugu, eta baita zenbait informazio osagarri: egileak, euskaratutako egileak, estatistikak... Egan aldizkariak garrantzi handia izan zuen, eta handia da halaber hala zenbakiz nola izenez aldizkarian idatzi zutenen izen-zerrenda.
Esan dezagun gaur egun bizirik den aldizkaria dela Egan, 1988tik aurrera beste lantalde batek heldu baitzion proiektuari, eta aldizkariaren web gunea ere badute.
Literatur Aldizkarien Gordailuan, esan bezala, Egan-en1987ra bitarteko zenbakiak jarri ditugu. Oraindik orain jarritako Olerti eta orain paratutako Egan-ekin, 460tik gora aldizkari topa ditzakezu Gordailuan, ia 11.000 dokumentu. Bada zer irakurri.

Gabriel Kortaren Isiletik

Mundu poetiko eta ahots berezia du Gabriel Kortak. Halaxe nabari da hasieratik, Ustela bilduman 1980ko martxoan kaleratu zuen Isiletik liburutik. Poema laburrak gehienak, isiletik esanak baino xuxurlatuak balira bezala irudituko zaizkizu liburu honetako poemak. Idazten segitu du Kortak, eta Susa argitaletxearekin eman zuen 1986an Okaranak poemarioa, eta oraindik ez asko, 2002an egileak berak kaleratu du oraingoz bere azken lana den Harri hautsiak obra. Bere lehen lana, Isiletik, osorik eskaintzen dizugu aste honetan.

Mikel Zarate Haurgintza minetan

1973a da Euskal Herrian. Franco jaun eta jabe. Mikel Zaratek, nobela alegorikoa egin gura du; ezizen, metafora eta alegiekin aberastu bere herria. Nobela idatziko du: Haurgintza minetan. Berak argitaratu nobela bakarra. Arrakasta izan zuen irakurleen artean, baina ez zen askorik zabaldu. Geroago ezagutu ditugun edizioek, espetxeko irakurketa batean daukate motiboa. Carabanchelen irakurri zuen Bilboko liburudenda bateko langile amorratu batek, eta argitaratu behar zutela esan zien Elkar argitaletxeko arduradunei kartzelatik irtendakoan. Deustuko Hizkuntza Eskolarekin batera, edizio berriak etorri ziren gero. Gaur, Interneten aurkezten dugu.

Elurrak ez du dena zuritzen Linterna Gorrian

Linterna Gorria literatur aldizkari digitala da, hilero 17an berrizten ditu bere edukiak, eta martxoaren 17arekin hirugarren zenbakia plazaratu du: Elurrak ez du dena zuritzen. Elkarrizketa sailean bi berbaldi mamitsu ditu: Harkaitz Cano eta Jon Benitoren artekoa bata eta Julen Gabiria eta Unai Elorriagaren artekoa bestea. Poema asko eta zenbait narrazio ere irakurriko dituzu Bihotz Bakartien Klubak bultzatzen duen edizio elektronikoan. Guztira 20 egileren lanak batzen ditu martxoko zenbaki honek.

Efemerideak

1890 martxoak 18: Gabriel Manterola jaio zen Zeanurin.

1896 martxoak 18: Jose Ariztimuño Aitzol jaio zen Tolosan. "Umezurtz olerkiak" liburuari hitzaurre hau idatzi zion.

1898 martxoak 21: Juan Garmendia Zeleta jaio zen Lasarten.

1920 martxoak 22: Luis Villasante jaio zen Gernikan. Bere biografia irakurriko duzu Bidegileak bilduman.

1849 martxoak 23: Augustin Etxeberri jaio zen Saran.

1849 martxoak 23: Jose Manterola jaio zen Donostian. Euskaraz.net gunean bere lanen bilduma laburra irakurriko duzu.

1920 martxoak 23: Fidel Sarriegi jaio zen Azkoitian.

1930 martxoak 23: Juan Garbizu Zubigar hil zen Errenteriako zink fabrikara lanera zihoala trenak harrapatuta.

1933 martxoak 23: Juan Arana Loramendi hil zen Donostian.

1909 martxoak 24: Santi Onaindia jaio zen Amoroton. Poesiaren alorrean lan asko batu eta argitaratutakoa, Olerti aldizkaria osorik dago Interneten.

Agenda

Itxaro Bordak "Neandertalen ametsak" poesia emanaldia egingo du martxoaren 18an (osteguna) 20:00etan Donostiako KMn. Musikarekin laguntzen izango ditu Karlos Gimenez, Maialen Estecahandy, Frantxua Cousteau, Txomin Heguy

Bihotz Bakartien Klubak Poeta hilen kluba saioa eskainiko du martxoaren 25ean (osteguna) 20:00etan Durangoko Institutuan.

Asier Serrano "Literaturatik musikara" hitzaldia eskainiko martxoaren 25ean (osteguna) 19:30etan Bergarako Kultur Etxean.

Jasone Osorok "Greta" liburuaz berba egingo du martxoaren 31n (asteazkena) Santurtziko Udal Euskaltegian.

Isaac Bashevis Singeren "Zortzi kontakizun" liburua izango dute eztabaidagai martxoaren 31n (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.

Pedro Alberdik "Orhoit gutaz" liburua izango du mintzagai martxoaren 31n (asteazkena) 20:00etan Santutxuko AEKn.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: