Literatur Emailuak
113 zenbakia: 2004ko martxoaren 11n
Susa literatura argitaletxea

 

Bobby Sands (1954– 1981)

 

Bobby Sands gose greba epiko batean hil zen Long Kesh espetxeko H Blokeetan. Ez zen izan gerrilari mitiko bat, bere ondoren gose greban hildako Francis Hughes bezala, baina bere figurak Irlandaren askatasunaren alde hil diren burrukalarien irudia da. Horixe dugu bere alderdi ezagunena. Baina idazle ere izan zen. Bai eta H Blokeetako kronikaria ere.

Eta nik gehiago ere esango nuke.
Batetik, irakurtzeko eta idazteko zaletasunak eraman zuela bizitzan H Blokeetako preso errepublikarren arduraduna izatera, bere izaera, ezaugarri eta beste zirkunstantzia batzuek ere kontutan hartuta jakina. Eta, hartara, gero gose greba gidatu eta bertan hil izanaren loturak ere aurkitu ahal ditzakegula literaturazaletasunaren aldetik.
Beste aldetik, Bobby Sandsen gaineko aipamenak eta erreferentzia puntual batzuk aparte, oso gutxi dakigu gose greba hartaz. Badago azken urteetan gaztelaniaz “En el nombre de la madre” izenarekin zinema aretoetan ikusi dugun filma ere. Baina ezer jakitekotan liburuetara jo behar dugu, eta horretan ezinbesteko erreferentzia ditugu Bobby Sandsen kartzelako idatziak.

H Blokeetan gehien idazten zuen preso errepublikarra bera zela gogoratu du Gerry Adamsek. Komunikazioak, gutunak, prentsa oharrak, proposamenak, plangintzak... eta literatura lanak. Uzkian sartuta eramaten zuen bolalumaz idazten zuen, komuneko paperetan edo kontrabandoan pasatuta edukitzen zuten erretzeko paperetan. Irakurtzeko liburu guztiak debekatuta zeukaten, Biblia izan ezik.

Eta irakurtzeko eta idazteko zaletasunak H Blokeetan ardura politikoak hartzera eraman zuela esan dut. Izan ere, Brendan Hughes zen 1980an preso errepublikarren arduraduna eta, etengabe gutunak eta komunikazioak idatzi beharrean, Bobby Sands zuen idazkari. Beraz, urte horretako azaroan Brendan Hughes eta beste sei lagun gose greban jarri zirenean, Bobby Sands bilakatu zen preso errepublikarren arduradun. Gose grebalari haietako bat, Sean McKenna, hilzorian sartu zen abenduaren 18an.
Britainiarrek egoera hori baliatuz eskaintza itxuraz on baina zehaztugabea egin zieten presoei. Gose greba bertan behera utzi zuten. Britainiarrek hitza jan zuten gero, eta Bobby Sandsek, neurri batean porrot haren erantzule sentitzen zela, aurrekoaren puntu ahulak aztertu eta bigarren gose greba bultzatu zuen. Bazekien hilko zela. Baina bere atzetik zihoazenak aterako zirelako esperantza zeukan. Bost urte baino gehiago zeramatzaten ziegetatik irten gabe, manta bi eta espumazko lastaira besterik ez, arroparik gabe eta zikinaren greban... Erabat konbentzituta zeuden IRA kriminalizatzeko ahaleginari aurre egin ezean burruka osoa bertan behera joan zitekeela... Emaitzak ezagutzen ditugu: Bobby Sands eta beste 9 preso errepublikar hil ziren gose greban. Eta ondorengo prozesu politikoa egungo erreferente politiko bilakatu zaigu Euskal Herrian.

Nik Bobby Sandsen “Egun bat nire bizitzan” liburua irakurri nuenean ulertu nuen zergatik egin zuten hil arteko gose greba hura. Euskal Preso Politikoentzat zail egiten zitzaigun bueltarik gabe irizten genion erabakigarritasun hori ulertzea. Ez genuen ezagutzen. Bobby Sandsek asmo horrekin idatzi zuen liburua hain zuzen: jendeak H Blokeetan zer ari zen gertatzen jakin zezan. Eta kartzelako literaturaren generoko erreferentzia ahaztezina idatzi zuen horrela, burruka, determinazio eta esperantzaz beteriko lau horma zikinen barruan entzerraturik, Irlandari eta mundu osoari begira. Liburu horren orrialdeetan badago amaiera tragiko baten premonizioa ere. Egoera horretan biziez gero normala izan daitekeena bestalde, baina gerokoak ezagututa gehiago nabarmentzen dena.

Kartzelan gertatzen zenaz Marcella bere arrebaren izenaz sinatuta espetxeko kronikak idatzi zituen bestela ere An Phoblacht/Republican News aldizkarian.

Eta bere literaturako zaletasun handiena poesia zen. “Skylark Sing Your Lonely Song” obran bilduta daude kartzelan idatzita gorde diren poema guztiak. Horietako batzuk Joseba Sarrionandiak eta Jon Mintegiaga euskal preso politikoek argitaratu dituzte euskaraz. Kritikari batzuek esan dute Bobby Sands bizirik balego poema horiek berridatzi egingo zituela. Baina Danny Morrisonek erantzun dien moduan poema horiek horrelakoak dira: preso politiko errepublikar gazte batek muturreko egoera batean idatzitakoak. Ez daukate zertan aldatu. H Blokeetako poesia gordin eta ederra da hori.

Bobby Sandsek idatzi eta bizi egin zuen literatur zaletasuna H Blokeetan. Libururik ez zeukatelarik ate azpitik egunez egun irakurritako liburuak kontatzen zizkien inguruko ziegetako lagunei. Idatzitako poemak irakurtzen zituen denok entzuteko. Kantak ere idatzi zituen, eta horiek kantatzen zituen, H Blokeetako himnoak bilakatu direnak. Bere obra ia guztia ingelesez idatzita dago. Baina gaelikoa ikasi zuen H Blokeetan eta hainbat pasarte gaelikoz idatziak utzi ditu. Presoen artean gaelikoz hitz egiten zuten elkarren artean kartzelariek ez ulertzeko (gaelikoa dugu geure lurralde libre bakarra!).

Gose grebari ekin zionean Egunerokoa idazteari ere ekin zion. Azken sarreran kontatzen du kartzelari batek liburu bat irakurtzen ari zela ikusi eta esan ziola: “eskerrak liburua laburra den, bestela ez zenuke amaitzeko astirik izango”. Ametsetan ere ihes egiterik ez zuela kontatzen du “Egun bat nire bizitzan”. Hilobi batean zegoela egiten zuen amets. Oraindik orain, 2004ko urtarrilaren 16an bere hilobia birrindu egin dute paramilitar lealistek Belfasteko Milltown hilerrian. Bobby Sands gure ametsetan bizi da ordea. Ez dago bakerik: “Tiocfaidh ár lá”. Iritsiko da eguna.

mitxel sarasketa

 

(*) Gose greba hartaz liburu asko idatzi da, baina sakontzeko nik hiru aipatuko nituzke:
Ten men dead, David Beresford
Out of Time, Laurence McKeown
Nor Meekly Serve my Time, preso ohi errepublikarren liburu kolektiboa




113. Literatur Emailura itzuli