Literatur Emailuak
112 zenbakia: 2004ko martxoaren 4an
Susa literatura argitaletxea

Santi Onaindiaren Olerti osorik Interneten

Santi Onaindiak Milla euskal olerki eder liburua argitaratu zuen 1954an, eta lehenago 1951. urtean Karmengo Amaren Egutegia (artikulu, poema, kantu eta bestez 130 orrialde ingurukoa), ondorengo bost urtetan ere azaldu zena. Azken horretatik eratorria da Karmel aldizkaria, eta honexen gehigarri gisa argitaratu zuen Santi Onaindiak Olerti aldizkariaren lehen zenbakia 1959an Zornotzako Larrean. Ia osorik poesiari emana izan zen Olerti, hiruhilekoa, 1969ra bitartean 28 zenbaki ekarri zituena, harik eta 1970ean Espainiako Gobernuak argitalpena debekatu egin zuen arte. Gerora berriro argitaratzeari ekin zitzaion 1995an azkena publikatu arte. Orain, ia 10 urte beranduago guztiak (38 aldizkari orotara) Interneten kontsultatu, irakurri eta inprimatzeko aukera dago Literatur Aldizkarien Gordailuan (Susa argitaletxearen lana izan da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera burutua) .

Mikel Zarateren Bilbo irribarrez

Mikel Zarateren barre egiteko 42 ipuin labur batu zituzten Bilbo irribarrez liburuan, Bizkargi argitaletxeak 1980an kaleratutako horretan. Ipuin bakoitzak, labur-laburrak batzuk, eta luzetxoagoak besteak, Javier de las Heras artistaren irudi bana dauka. Hitzaurrea Kirikiñori hartutakoa da, eta oraingo hauteskunde girorako be aproposa, beharbada. Datorren astean: Ipuin antzeko alegi mingotsak.

Jautarkolen Ipuiak

1953an argitaratu zituen Luis Jauregi Jautarkol-ek bere Ipuiak, Itxaropena argitaletxearen Kuliska Sorta bilduman plazaratuak. Poesi lanagatik ezaguna, prosa ere landu zuen. Honetaz gain, beste ipuin libururik ere argitaratua zuen: Egizko edertasuna ipuin luzea 1923an, eta Ipuiak 1924an. 1924koaren berredizio antzekoa da hau, lehen ipuina aldatuta. Oso ipuin elizkoiak dira, "dotrinatzaileak" direla ere esan liteke, baina badute bitxikeriarik. Hiru ipuinok eredu herrikoian idatziak, berrizalekerietatik urrun, bigarrenak 1914ko Europako Gerla Handia eta Ipar Euskal Herriko baserriko bateko semea ditu protagonista. Ez da Hegoaldeko idazle batengan oso ohikoa. Hiru narrazioz osatua, beraz, hementxe duzu osorik Jautarkol-en Ipuiak.

Efemerideak

1896 martxoak 5: Odon Apraiz jaio zen Gasteizen.

1876 martxoak 6: Bitor Garitaonaindia jaio zen Zaldibarren. Argia aldizkariko sortzaile eta zuzendaria izan zen.

1933 martxoak 6: Mikel Zarate jaio zen Lezaman. Astero bere liburu bat osorik jartzen ari gara Interneten.

1923 martxoak 8: Sabin Irizar jaio zen Deban.

1533 martxoak 9: Esteban Garibai jaio zen Arrasaten.

1952 martxoak 9: Jon Andoni Irazusta hil zen Liman (Peru).

1981 martxoak 9: Telesforo Monzon hil zen Donibane Lohizunen. Olerti aldizkarian idatzitako Oñazea poema irakurriko duzu, Onaindiaren sarrera eta guzti.

Literaturaz eta filosofiaz Eskoriatzan

Seigarren Literatura astea antolatu dute Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitatean. Aurten literatura eta filosofia izango dituzte hizpide martxoaren 8tik (astelehena) 12ra (ostirala). Fito Rodriguezek "Kant, Modernitatearen maisua" hitzaldia eskainiko martxoaren 8an (astelehena) 19:00etan. Ignazio Aiestaranek "Kanten argiak eta itzalak" izango ditu hizpide martxoaren 9an (asteartea) 19:00etan. Laura Mintegik "Intelektual kantiarra munduari beha" gaiaz arituko da martxoaren 10ean (asteazkena) goizeko 11:30etan. Martxoaren 11n (osteguna) 19:00etan Joxe Azurmendi eta Jon Sarasua arituko dira "Meditazioa moderniaren heriotzaz". Azkenik, eta urtero bezala ikasleek errezitaldia egingo dute martxoaren 12an (ostirala) 11:30etan "filosofia bizitzaz, heriotzaz eta amodioaz".

Agenda


Joseba Iriondok "Palestina hotela" liburuaz jardungo da martxoaren 4an (osteguna) 20:00 Derioko kultur aretoan. Antolatzaileak: Tximintx euskara elkartea eta Txepetxa euskaltegia.

"Mikel Zarate idazlea" mahaingurua egingo dute martxoaren 5ean (ostirala) 19:30etan Lezamako kultur aretoan. Antolatzailea: Zorrizketan euskara elkartea.

Bernardo Atxagak eta Garik "Aitormena" irakurketa egingo dute martxoaren 5ean (ostirala) 20:30etan Gasteizko Principal antzokian. Antolatzaile: Geu Gasteiz.

Patxi Zubizarretak "Barrikadak" liburua izango du hizpide martxoaren 10ean (asteazkena) 20:00etan Deustuko Bidarte etxean.

Joseba Sarrionandia denbora eta espazioan izango dute hizpide martxoaren 13an (larunbata) 10:00etan Larrabetzuko Literatura eskolan.

Itxaro Bordak "Neandertalen ametsak" poesia emanaldia egingo du martxoaren 18an (osteguna) 20:00etan Donostiako KMn.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: