Literatur Emailuak
111 zenbakia: 2004ko otsailaren 26an
Susa literatura argitaletxea

Zaldi Ero idazleekin

Berrehun argazkiko erakusketa duzu Zaldi Ero idazleekin webgunea, Miel A. Elustondok aurkeztua. Literaturarekin lotura duten jendeak agertu ditu: nagusiki idazleak, baina baita ere itzultzaileak, editoreak, kantariak, aktoreak. Lekuentzat ere gorde du txokorik, adibidez: Lauaxeta fusilatu zuten horma edo Arestiren hilobia. Argazki gehiago ekarriko ditu udaberrian, batzuk testuez lagunduak.

Mikel Zarateren Bizipenen bultzadaz

Mikel Zaratek argitaratu zituen poesia liburuetatik bigarrena da Bizipenen bultzadaz. Hasiera eta amaieraren artean, Atsekabezko bizipenak, Atseginezko bizipenak eta Ametsezko bizipenak batu zituen. Ederra ere bada Bitoriano Gandiagak egin zion hitzaurrea, literatur egilearen lanaz berba egiten duen gogoeta. Datorren astean: Bilbo irribarrez.

Hego haizearen konpasean

Poema-liburu aparta dakarkizugu aste honetan: Hegoa haizearen konpasean, Mikel Arregirena. Kriseluk 1975eko irailean argitaratua, indar handiko poeta plazaratu zen liburu eder askoan. Juan Mari Lekuonaren hitzaurrea dakar, eta bertan nabarmentzen da Arregiren "nortasun poetikoa, sorkuntzarako ahalpida eta hizkuntza poetiko bizi-bizia".

Efemerideak

1977 otsailak 27: Ixaka Lopez Mendizabal hil zen Tolosan. Gernika aldizkarian asko idatzitakoa.

1884 otsailak 29: Jose Manterola hil zen Donostian.

1899 martxoak 1: Aingeru Irigaray Apat-Etxebarne jaio zen Beran.

1915 martxoak 1: Anjel Goenaga jaio zen Zegaman. Ernest Hemingwayren Agurea eta itxasoa euskaratu eta argitaratu zuen Itxaropena argitaletxean 1963an.

1869 martxoak 3: Emeterio Arrese jaio zen Tolosan. Olerki Berrizte (Kuliska Sorta, 1952) osorik berrargitaratu genuen edizio elektronikoan.

1916 martxoak 3: Salbador Barandiaran jaio zen Oñatin. Arrasateko euskaraz irakur daiteke Lurreko piztien ekiketak, Euzko Gogoan idatzitako lana.


Agenda

Dee Brown idazlearen "Ehortzi ezazue ene bihotza Wouden Knee-n" liburua aurkeztuko dute otsailaren 26an (osteguna) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Bertan egongo dira: Joxe Luis Aramendi euskaratzailea. Jon Arano, Mikel Aramendi, Jon Urrujulegi eta Andoni Eskisabel. Argitaldaria: Txalaparta.

Jean-Paul Sartreren "Goragalea" (Monika Etxeberriak itzulia) eta Luigi Pirandelloren "Sei pertsonaia autore bila" (Josu Zabaletak itzulia) aurkeztuko dituzte otsailaren 26an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldariak: Elkar eta Alberdania.

Gianni Celati eta Harkaitz Canok "Nahiago nuke ez egin" solasaldia eskainiko dute otsailaren 26an (osteguna) 19:00etan Bilboko Bidebarrieta liburutegian, Periferiak egitarauaren barruan.

Bihotz Bakartien Klubak poesia errezitaldia egingo du Mikel Zarateren omenez otsailaren 27an (ostirala) 20:30etan Lezaman.

"Letren kilimak" izenburupean otsailaren 27an (ostirala) 22:30etatik aurrera nahi duen orok poemak irakurtzeko aukera izango du Oreretako Mikelazulo kultur elkartean.

Bernardo Atxagak "Begiradak eta memoriak ertzetik" hitzaldia egingo du otsailaren 28an (larunbata) 19:00etan Bidebarrietako liburutegian. Ostean Ruper Ordorikak poemak irakurriko ditu. Antolatzailea: Periferiak.

Susa argitaletxeak Olerti aldizkariaren digitalizazioa aurkeztuko du martxoaren 1ean (astelehena) 11:30etan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan.

Jean Louis Davantek bere "Idazlan hautatuak" aurkeztuko ditu martxoaren 3an (asteazkena) 20:00etan Donostiako KMn.

"Mikel Zarate idazlea" mahaingurua egingo dute martxoaren 5ean (ostirala) 19:30etan Lezamako kultur aretoan. Antolatzailea: Zorrizketan euskara elkartea.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: