Literatur Emailuak
110 zenbakia: 2004ko otsailaren 19an
Susa literatura argitaletxea

Koldo Izagirreren Gauzetan

Testua zein jenerori dagokion erabaki aurretik harrapatuko zaitu testuak berak. Hitzak gauzetan jarri zituen Koldo Izagirrek, baina ez zen gauzez ari. Gauzen bitartez ari zen. 1979ko irailean plazaratu zuen Gauzetan liburua Koldo Izagirrek, Ustela Saileko bildumaren baitan. Sei sailetan, sei gauzatan banatutako hogeita gehiago testuz gozatzeko aukera paregabea. Osorik irakur dezakezu Izagirreren liburua, Ramon Sanchez Lasaren azal eta marrazki eta Joxan Artetxeren marrazkiez apainduta datorrena.

Mikel Zarateren Utopiaren fantasian

Liburua inprentan zen Mikel Zarate hil zenean, eta handik lasterrera kaleratu zen Utopiaren fantasian liburua, Kriselu argitaletxeak plazaratua. Testu laburrez osatutako lana, utopia, hainbat utopia desberdin dituzte ardatz liburua osatzen duten testuek. Hitzaurrea Luis Haranburu-Altuna editoreak egina da (1979ko aberri egunean idatzia, hitzaurrearen amaieran nabarmentzen denez). Datorren astean: Bizipenen bultzadaz.

Txistu y tamboliñ aldizkariaren 5.a

Txistu y tamboliñ aldizkariak zenbaki berria argitaratu du. Paperezko edizioa aspaldi utzia (Literatur Aldizkarien Gordailuan osorik eskuragarri), Durangaldeko koadrilak 2002ko ekainean berrekin zion argitaratze lanari, Interneteko edizioan orain, eta hauxe duzu bosgarrena. Ohi bezala, poemak, artikuluak, hemeroteka... aurkituko dituzu.

Larrea Dorretxeko jaunaren eskuizkribua

Juan Perez Lazarragaren eskuizkribua, 1560ko hamarkadan idatzia, eskuratu eta formatu digitalean argitaratu dute. Adituen arabera, Ernazimentu garaian erabiltzen zen letra moldea eta idazkera baino antzinagokoak dira testuarenak. Gai profanoak agertzen dira: amodiozko koplak, bertsoak eta gisakoak. Eskuizkribua osorik sarean jarrita dago.

Efemerideak

1869 otsailak 20: Jose Antonio Uriarte hil zen Zarautzen.

2001 otsailak 21: Bitoriano Gandiaga hil zen Arantzazun. Poema bat bera gogoratzeko. Bere poemak, bere ahotsez entzun ahal izango dituzu.

1932 otsailak 22: Felix Zubiaga jaio zen Errigoitin.

1898 otsailak 24: Tomas Agirre Barrensoro jaio zen Errezilen. Honela gogoratu zuen Jokin Zaitegik, Euzko Gogoa aldizkarian.

1948 otsailak 24: Frantzisko Apalategi hil zen Loiolan.

Agenda

Piarres Xarritonek "De re publika edo politikaz" liburuari buruz hitzegingo du otsailaren 19an (osteguna) 20:30etan Donapaleuko Zabaliken.

Jokin Muñozek "Bizia lo" ipuin liburuari buruz mintzatzeko aukera izango du otsailaren 20an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Irakurriz dibertitzen gara ekimena.

Jasone Osorok "Greta" liburuari buruz egingo du berba otsailaren 25ean (asteazkena) 20:00etan, Santutxuko AEK Euskaltegian. Antolatzaile: Asapala Elkartea.

Rikaro Arregi Diaz de Herediaren "Kartografiak" liburuari buruz mintzatuko dira otsailaren 25ean (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.

Bihotz Bakartien Klubak poesia errezitaldia egingo du Mikel Zarateren omenez otsailaren 26an (ostirala) 20:30etan Lezaman.

Jean Louis Davantek bere "Idazlan hautatuak" aurkeztuko ditu martxoaren 3an (asteazkena) 20:00etan Donostiako KMn.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: