Literatur Emailuak
108 zenbakia: 2004ko otsailaren 5ean
Susa literatura argitaletxea

Mikel Zarateren Ipuin antzeko

25 urte beteko dira apirilaren 10ean (larunbata) Mikel Zarate hil zela. Bera gogoratzeko hainbat ospakizun burutzen ari dira bere jaioterrian, Lezaman. Guk ere, orain hasi eta apirilera bitartean astero Mikel Zarateren liburu bat eskainiko dugu osorik. Ipuin antzeko (1975, Gero) da aurkezten dizuegun lehenengoa. Hilabete batzuk geroago Ipui antzeko alegi mingotsak kaleratuko zuen, bata euskara batuaz eta bestea bizkaieraz, bigarrenean testu batzuk emendatuta. Biak Lauaxetari eskainitakoak. Datorren astean: Higidura berdez.

Ez zaigu ahaztu

Kronika gordina, ez ahaztekoa, ekarri zigun Argentinatik Alberto Barandiaranek 1998an, Susa argitaletxearekin: Ez zaigu ahaztu. Argentinako diktadura garaian jatorri euskalduneko hainbat lagunek pairatutakoen kronika latza, desagertuen mamua itsasoaren beste aldetik gureganaino aldatu zuen idazle eta kazetari nafarrak, kazetaritza, historia eta literatura ederki ezkontzen diren liburu batean. Osorik eskaintzen dizugu aste honetan.

Hitzaldiak irakurgai

Literaturaren inguruan hitzaldiak antolatzen dira han hemenka. Horietako batzuk gainera Interneten argitaratzen dira gero. Paperean ere argitaratu izan ohi dira. Guk topatu ditugunak zerrendatuko ditugu, inork irakurri gura baditu eskura eduki ditzan. Bilbo Zaharra forumean 7 idazleren hitzaldiak daude irakurtzeko moduan (Bernardo Atxaga, Joan Mari Irigoien, Itxaro Borda, Pedro Alberdi, Anjel Lertxundi, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria); Literatura Eskolako tailerretan (Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi, Mikel Elorza, Alberto Barandiaran); EIZIEren web orrian Bernardo Atxagak Tarazonako jardunaldietan emandakoa aurkituko duzu, eta Uztarria.com gunean berriz Baite euskara elkarteak antolatutakoak. Anjel Lertxundik udako ikastaro batean emandako hitzaldia ere batu dugu.

Efemerideak

1980 otsailak 5: Julene Azpeitia hil zen Bilbon. Bere biografia idatzi zuen Laura Mintegik Bidegileak sailean.

1840 otsailak 6: Juan Mateo Zabala hil zen Zarautzen.

1934 otsailak 7: Juan Anjel Etxebarria Dirauket jaio zen Santurtzin.

1958 otsailak 7: Jules Moulier Oxobi hil zen Hiriburun. Gernika aldizkarian "Egile bakharra" poema dauka publikatua.

1894 otsailak 9: Manuel Lekuona jaio zen Oiartzunen. Euzko Gogoan irakurgai dituzu bere lanak.

1895 otsailak 10: Jazinto Karraskedo jaio zen Billabonan.

1927 otsailak 11: Jean Hiriart-Urruti jaio zen Hazparnen.

Agenda

Maria Dolores Agirre antzerkigilea omenduko du Errezil herriak otsailaren 7an (larunbata). Patri Urkizuk idatzitako "Maria Dolores Agirre eta Euskal Antzerkia" lana banatuko dute bertan. Ekitaldi batean berak idatzitako Aukeraren maukera, azkenian okerra antzerki laburra irakurriko dute.

Euskal Kultur Erakundeak Xabier Iratzeder idazlearen gainean "Iratzeder olerkiz olerki" prestatu literatur emanaldia otsailaren 12an (osteguna) 15:00etan eskainiko dute Donibane Lohizuneko Maurice Ravel entzutegian.

Zakil alu hori! errezitaldia egingo du Bihotz Bakartien Klubak otsailaren 13an (ostirala) 20:30etan Larrabetzuko gaztetxean.

Gabriel Aresti izango du hizpide Koldo Izagirrek otsailaren 14an (larunbata) goizeko 10:00etan Larrabetzuko Literatura eskolan.

Castillo Suarez Mugarri estaliak liburuari buruz berbetan izango da otsailaren 18an (asteazkena) 18:30etan Arrasateko udal liburutegian, bertako literatur solasaldietan.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: