Literatur Emailuak
107 zenbakia: 2004ko urtarrilaren 29an
Susa literatura argitaletxea

Kirikiñoren Abarrak

Orain 75 urte, 1929ko urtarrilaren 31n, hil zen Mañarian Ebaristo Bustintza Kirikiño. 1866an Mañarian jaioa, Euskalzale eta Ibaizabal aldizkarietan jardun zuen XX. mende hasieran, eta Euzkadi aldizkarian, "Euzkel-Atala"ren arduradun. Hiru agerkariotan, nagusiki, plazaratu zituen ezagun egin duten narrazio eta kontakizunak: Abarrak. Berak jaso edo sortutako istorioak, xelebre edo umorezkoak gehienetan, hizkuntz eredu jaso baina era berean herrikoia baliatu zuen. Bera bizi zelarik plazaratu zen bere lehen narrazio bilduma, 1918an, gure literaturako klasikoa egin den liburua, hemen osorik eskaintzen dizuguna: Abarrak. Bera hil eta hurrengo urtean Bigarren Abarrak kaleratu zuen Jaungoiko-Zalek.

Egunsenti biluzia

Ustela bildumako beste lan bat dakargu aste honetan osorik, Jose Luis Otamendiren Egunsenti biluzia. Bildumako 15. liburua, poemario ederra da, Iñaki Egañaren azal eta marrazkiz hornitua. Euskal poesigintzan izen eta toki berezia irabazia duen azpeitiarraren lehen poema liburua duzu, 1980ko abenduan plazaratua. Ustela bilduman bertan ere eman zituen besterik, hiru urte beranduago: Azken undinaren kaira. Gerora, Susa argitaletxearekin beste hiru poema-liburu argitaratu ditu: Zainetan murrailak (1987), Poza eta gero (1990) eta Lur bat zure minari (1995). 2000. urtean Jose Luis Otamendiren XX. mendeko poesia kaiera kaleratu zen.

Literatuztan... orri zuriekin elkarrizketan

Interneten euskaraz literatura irakurtzeko aukerak ugaltzen ari dira. Azpeitian iazko udan Uztarria kultur koordinadorak bertako idazle berriekin Literatuzta liburu-aldizkaria plazaratu ostean, sarean ere testuok irakurtzeko aukera dago orain. 15 egile berrirekin batera (Josu Salegi, Ion Pozo, Alizia Gomez, Maider Bastida, Otsoa, Itsaso Andres, Xabier Borda, Urko Egaña, Igor Aranbarri, Aitor "Ondarru", Anne Agirre, Kepa Urbieta, Arantxa Aldalur, Manex Beristain eta Aritz Unanue) Fernando Morillo edo Jose Luis Otamendiren testuak daude.

Efemerideak

1766 urtarrilak 29: Manuel Larramendi hil zen Loiolan.

1930 urtarrilak 29: Martin Landerretxe hil zen Ezpeletan.

1859 urtarrilak 30: Jean Hiriart-Urruti jaio zen Hazparnen. Euskalduna kazetaren sortzaile ere izan zen.

1891 urtarrilak 30: Jean Pierre Duvoisin hil zen Ziburun. Laborantzako liburua (1858, Baiona) irakurgai duzu Euskal Testuen Gordailuan.

1778 urtarrilak 31: Agustin Paskual Iturriaga jaio zen Hernanin. Juan Ignazio Iztuetak berari igorritako bertso eskutitza irakurgai duzu, Iztueta'ren olerkiak liburutik batuak. Donostiako Gorostian gorosti sailean Hernanin Eskola sortzeko bideratutako ahaleginen berri izango duzu.

1897 urtarrilak 31: Agustin Zarrantz Polikarpo Iraizozkoa jaio zen Iraizotzen. Jesus Goldarazek idatzia du bere biografia Bidegileak bilduman.

1971 otsailak 2: Koldo Jauregi Jautarkol hil zen Zarautzen. Euzko Gogoan asko idatzitako egilea dugu errenteriarra.

1897 otsailak 3: Blas Fagoaga jaio zen Erratzun.

1934 otsailak 3: Txomin Garmendia jaio zen Berrobin.

1983 otsailak 3: Fernando Artola Bordari hil zen Hondarribian. Euzko Gogoan Urrundik eta Euskalerriko Arrantzaleak argitaratu zituen. Olerti aldizkarian ere maiz idazten zuen.

1881 otsailak 4: Jose Eizagirre jaio zen Tolosan.

1883 otsailak 4: Blas Alegria jaio zen Lakuntzan.

1969 otsailak 4: Bingen Amezaga hil zen Venezuelako Caracasen. Wiliam Shakespeare euskarara ekarri zutenetatik bat dugu Algortakoa.

Agenda

Mikel Peruarenak "Eguraldiaz hizketan" liburuko poemak errezitatuko ditu urtarrilaren 29an (osteguna) 20:30etan Bilboko Kalderapekon burutuko den Literatur Jazza ekitaldian. Musikari lanetan arituko dira Four Friends taldekoak.

Euskal Kultur Erakundeak Xabier Iratzeder idazlearen gainean "Iratzeder olerkiz olerki" literatur emanaldi bat prestatu du, urtarrilaren 29an (osteguna) 19:30etan Andoaingo Bastero kultur gunean emango dute eta otsailaren 12an (osteguna) 15:00etan Donibane Lohizuneko Maurice Ravel entzutegian.

Letren kilimak poesia ikuskizuna burutuko dute urtarrilaren 30ean (ostirala) 22:30ean, Errenteriako Mikelazulon.

Bihotz bakartien klubak Zakil alu hori eskainiko du otsailaren 6an (ostirala) 20:30etan Lemoako gaztetxean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: