Literatur Emailuak
105 zenbakia: 2004ko urtarrilaren 15ean
Susa literatura argitaletxea

Joan eta Ane zigarro bat erretzen

Astindu ederra ekarri zion Ustela Sailak euskal literaturari, makina bat ate berri ireki balira bezala. Aste honetan osorik eskaintzen dizuegun liburua Ibon Sarasolaren narrazioa da, bildumako bigarrena, Joan eta Ane zigarro bat erretzen. 1977an argitaratua, zigarroa erre bitarteko bikotearen jarduna eta gehiago jasotzen du narrazioak, euskal literaturan garai hartan diferentea zen estiloan kontatua. Ibon Sarasolaren bigarren literatur lana izan zen hau, 1969an Poemagintza plazaratua baitzuen. Jarri Borodin-en Koartetoaren andantea, eta gozatu.

Linterna Gorria literatur aldizkari berria

Linterna Gorria izeneko literatur aldizkaria aurkeztuko du Bihotz Bakartien Klubak urtarrilaren 17an (larunbata) Larrabetzun. Literatura Eskolan literatur aldizkariei buruz egindako tailerrean sortutako eztabaida aproposak aldizkari bat ekarri zuen, eta Eskolaren inguruan batutako jende multzoak emaitza gauzatu du Interneten. Aldizkarian, manifestuaz gain, editoriala, poesiaren tartea, narrazioak, elkarrizketak eta literatura laborategia topatuko ditu irakurleak. Hilabete bakoitzeko 17an berriztatuko da aldizkari elektronikoa eta ekainean paperezko bertsio berezi bat argitaratuko dute.

Periferiak Bilbon

Livornon buruturiko Memorie Perifericheren ondoren, Periferikek bigarren ekitaldia Bilbon egitea pentsatu du. Berton izango ditugu topaketok 2004ko otsailaren 23a (astelehena) eta 29 (igandea) bitartean. Solasaldiotan izango dira John Berger, Lydie Salvayre, Bernardo Atxaga eta Harkaitz Cano. En contre izeneko literatur ikuskizunean, otsailaren 25ean (asteazkena) 22:00etan Lydie Salvayre, Serge Teyssot- Gay, Marc Sens batetik eta Harkaitz Cano, Meritxell Cucurella, Pako Aristi, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe izango dira Bilboko Kafe antzokian.

Efemerideak

1931 urtarrilak 15: Roger Idiart jaio zen Azkainen. Hona iduzki xuria poema Plazara aldizkarian.

1949 urtarrilak 15: Kepa Ormaetxea hil zen Txileko Viña del Mar herrian. Txilen bertsozko bi ipui liburu kaleratu zituen, Lontzi Aba'ren ipuintxoak (1947) eta Lontzi Aba'ren bigarren ipuintxoak (1948).

1906 urtarrilak 16: Felipe Arrese Beitia hil zen Otxandion. Santi Onaindiak Arrese Beitiaren biografiaz artikulu bat idatzi zuen Euzko Gogoa aldizkarian.

1916 urtarrilak 16: Juan Bautista Bilbao Batxi hil zen. Arroxelatik etxera ontziz datorrela, La Palicetik berrogei miliatara mina batek jo zuen Lezama y Compañiako Bayo ontzia. Idazle ezezagun batek galdu zuen bizia. Duela gutxi berreskuratu zuten Iñigo Aranbarri eta Koldo Izagirrek, Hau mundu arrano hau liburuarekin, Interneten osorik dagoena.

1862 urtarrilak 17: Pierre Topet Etxahun hil zen Barkoxen. Bere Bertsoak eta kantak (XIX. mendea) Euskal Testuen Gordailuan dituzu.

1915 urtarrilak 17: Antonio Valverde Ayalde jaio zen Errenterian. Ibar ixillean (1970) plazaratu zuen.

1917 urtarrilak 17: Bixente Barandiaran jaio zen Itsasondon. Iazko urriaren 1ean hil zen Donostian.

1919 urtarrilak 18: Salbatore Mitxelena jaio zen Zarautzen. Euzko Gogoan poesia asko idatzitakoa.

1968 urtarrilak 18: Pierre Duhour hil zen Hazparnen.

1835 urtarrilak 20: Joakin Lizarraga hil zen Elkanon.

Agenda

Harkaitz Canok eta Igor Calzadak (Uztail oparo ostean) Hirisladak R-zitala eskainiko dute urtarrilaren 15ean (osteguna) 19:30etan, Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxeko Areto Nagusian.

Anjel Lertxundik "Mentura dugun artean" saiakera izango du hizpide Iruñeko irakurleekin urtarrilaren 16an (ostirala) 20:00etan Zaldiko Maldiko Elkartean.

Alberto Barandiaranek "Kazetaritzatik literaturara, lekukotasun historikoa eta bidaia kronikak" hitzaldia eskainiko du urtarrilaren 17an (larunbata) 10:00etan Larrabetzuko Literatura Eskolan.

Bernardo Atxagak hitzaldia eskainiko du urtarrilaren 22an (osteguna) 19:30etan Bilboko Euskaltzaindian. Antolatzailea: Bilbo Zaharra Forum.

Bihotz Bakartien Klubak Zakil alu hori eskainiko du urtarrilaren 22an (osteguna) 20:00etan Leioan eta urtarrilaren 30ean (ostirala) 20:30etan Lemoako gaztetxean.

Edorta Jimenezek "Kilkerren hotsak" liburuari buruz egingo du berba urtarrilaren 28an (asteazkena) 20:00etan, Santutxuko AEK Euskaltegian (Arbidea 21). Antolatzaile: Asapala Elkartea.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: