Literatur Emailuak
102 zenbakia: 2003ko abenduaren 25ean
Susa literatura argitaletxea

Ataramiñe Interneten

Euskal errepresaliatu politikoen literatur koadernoak dira "Ataramiñe" liburuan batutakoak.Orain arte bi zenbaki argitaratu dira, iaz lehenengoa eta azkena aurtengo Durangoko azokaren bezperetan. Lehen zenbakia osorik Interneten jarri dugu eta bertan idazle hauen lanak irakurriko dituzu: Mikel Ayllon, Iñaki Ojeda, Jon Mirena San Pedro, Zorion Zamakola, Harriet Iragi, Jokin Urain, Karmen Gisasola, German Urizar, Joseba Arregi, Julen Larrinaga, Josu Ormaetxea, Joseba Garmendia, Idoia Lopez Riaño, Piston Turbinaga, Peru Alvarez, Jon Gaztelumendi, Enrike Letona, Iñaki Gonzalo, Iñaki Rekarte eta Xanti Iparragirre.

Irigarayren Kondairaren ihauterian

Poema liburua da aste honetan osorik dakarkizuguna, Kondairaren ihauterian. Jose Angel Irigarayren lehen poesia lana, 1978an kaleratu zuen Gipuzkoako Kutxarekin, 77an Irun Hiria literatur saria irabazi zuen obra baita hau. Bere lehen poema-liburua, gerora Bizi minaren olerkian eta Urdinkara plazaratu zituen, Kondairaren ihauterian obran hasitako bidea sendotuz: tradizio eta ohiturei begirada modernoa, kantuetarako joera... 2002an kaleratu du oraingoz azkena duen poema liburua: Joan-jinaren labirintoan.

Paper Hotsak argitaletxea sortu da

Gaztelupeko lagunek beste pauso bat eman dute. Kantagintza eta musikari lotutako disketxe izatetik, paperezko edizioak ere egingo dituzte aurrerantzean. Paper Hotsak bilduman "apurka, musikarekin eta bereziki kantagintzarekin zerikusirik duten materialak ditugu argitaratuko: bertako eta atzerriko kantarien letrak, memoriak, elkarrizketak, bertsoak, lan teorikoak..." aipatu digute. Horrela kaleratu dituzte aurten Rafa Egigurenek txineratik euskaratutako "Mandarin dotore" poemak, Kirmen Uriberen testuak "Zaharregia txikiegia agian" CD liburuan edota "Karibetik Kantaurira" bertso sorta.
Lehenago ere, literaturari lotutako proiektu batzuek izan dute aterperik Gaztelupeko Hotsaken.

Kandela aldizkaria

20 urte igaro dira 1983ko abenduan, Gasteizko Filologia fakultatean Kandela aldizkaria plazaratu zutenetik. Bi zenbaki baino ez zituzten kaleratu (bigarrena 1984ko maiatzean). Julen Arriolabengoa, Jon Iñaki Lasa, Tere Irastortza, Manu Lopez eta Xabier Etxanizek sortu eta idatzi zuten. Lehen zenbakian Arantxa Urretabizkaia elkarrizketatu zuen Tere Irastortzak, eta bigarrenean Jon Juaristi Manu Lopezek.
Aurretik Stultifera navis aldizkariak beste bi zenbaki kaleratu zituen fakultate berean.

Efemerideak

1690 abenduak 25: Manuel Larramendi jaio zen Andoainen. Mendibururen libururako gutuna (1747) irakurriko duzu Euskal Testuen Gordailuan.

1915 abenduak 26: Sebastian Salaberria jaio zen Oiartzunen.

1860 abenduak 27: Juan Carlos Guerra jaio zen Donostian.

1917 abenduak 27: Luis Egia jaio zen Tolosan.

1965 abenduak 28: Salbatore Mitxelena hil zen Suitzan.

1972 abenduak 28: Jon Mirande hil zen Parisen. Andima Ibiñagabeitiak elkarrizketa hau egin zion 1953an Gernika aldizkarirako. Berak, Txomin Peillenekin Igela euskaldun heterodoxoen errebista sortu zuen.

1703 abenduak 29: Agustin Kardaberaz jaio zen Hernanin. Euskeraren berri onak liburua irakurgai dago Euskal Testuen Gordailuan.

1889 abenduak 29: Jose Agerre Gurbindo jaio zen Iruñean. Jose Mari Satrustegik idatzi zuen Jose Agerreren biografia (Bidegileak bilduma)

1995 abenduak 29: Jean Baptiste Lertxundi Gabriel Lertxundi hil zen Ahurtin.

1922 abenduak 30: Nikolas Alzola Bitaño jaio zen Izurtzan. Edward Spencer Dodgson hizkuntzalariaren jaiotzaren mendeurrena zela eta Euzko Gogoan artikulu interesgarria plazaratu zuen 1956an.

Agenda

Jon Abril "Helloak Txinan" aurkeztuko du urtarrilaren 2an (ostirala) 20:00etan Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.

Bihotz bakartien klubak "Sarri gure artean" errezitala egingo du abenduaren 30ean (asteartea) 20:30etan Urdiainen.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: