Literatur Emailuak
101 zenbakia: 2003ko abenduaren 18an
Susa literatura argitaletxea

Jon Alonso eta Jon Benito Amukoetan

Argitalpen berri bi egin ditu Susak Amukoak sailean: Jon Benitoren Orbel zaku bat poesiazkoa (Xabier Gantzarainen irudiekin) eta Jon Alonsoren Umoreari buruzko gogoeta hitzaldia. Amukoak bildumako liburuxkak ez dira salgai izaten, soil-soilik Susaren web-dendan libururen bat erosten dutenek hartzen dituzten opariak baitira, idazleek irakurleei egindako opariak alegia. Alonsoren eta Benitoren berri hauez gainera, aukeran dituzu Zabala, Otamendi, Jimenez, Izagirre, Gantzarain, Cano, Borda, Aristi, Urain eta Aranbarri idazleenak ere.

Hitz berdeak

Aste honetan osorik eskaintzen dizuegun liburua poema-liburu bikaina da: Joxe Azurmendiren Hitz berdeak. Liburu mardula, bost partetan zatitua, Azurmendiren garai eta estilo desberdinetako poemak biltzen ditu, Bitoriano Gandiagaren aurkezpenak argitzen duenez; 60ko hamarkadako ibilbide poetiko oso bat jasotzen du obrak. 1971n argitaratu zuen Arantzazuko argitaletxeak, eta Gandiagarenaz gain Juan San Martinen hitzaurrea ere badakar. XX. mendeko ahots oso inportantea ezaguzteko aukera paregabea.

Txaman aldizkariaren leihoa

"Eta hortik leihotik, argixe sartzen dan lez, argixe urten be eitten da" esanez hasten zaigu Txaman aldizkariaren 4. zenbakia. Oso osorik sarean jarri dugun aldizkari honetan Kale Kantoitik ohiko sarrerarekin batera beste 20 poema eta testu aurkituko dituzu, fotokopietan banatzen den literatura. Berriki, Durangoko azokaren karietara 5. zenbakia kaleratu dute eta hori ere aurki jarriko dugu sarean.

Fadwa Touqan poeta hil da

Joan den ostiralean hil zen, 86 urte zituela, Fadwa Touqan poeta palestinar handia. Nabulusen jaioa eta hantxe zendu dena, "pesimista, erromantikoa, oldartua", definitzen du Itxaro Bordak. Poesia intimista batetik abiatua, bere herriaren eta bizitzaren ibilbideaz bat, erresistentzia kantatzera jo zuen, palestinarra eta emakumea zela beti ardatz izanez. Euskaraz Itxaro Bordak jarri zuen bere poema bat, Itsasora itzultzea, 1988ko udan kaleratu zen Maiatz aldizkariko 16. zenbakian, poeta palestinarrei eskaini zien atal batean. Hementxe duzue.

Efemerideak

1884 abenduak 19: Juan Bautista Gesalaga Zaldubi jaio zen Zarautzen.

1896 abenduak 19: Jose Inazio Arana hil zen Oñan. Interneten irakurriko duzu Bai pekatu da liberalqueriya.

1899 abenduak 19: Nemesio Etxaniz jaio zen Azkoitian. Euzko Gogoa aldizkarian artikulu andana bat idatzitakoa.

1906 abenduak 19: Txomin Jakakortajarena jaio zen Berastegin. Euzko Gogoako lehen urteetan idazten ibilitakoa.

1943 abenduak 20: Enrike Zubiri Manezaundi hil zen Iruñean.

1768 abenduak 21: Frai Bartolome de Santa Teresa-Bartolome Madariaga jaio zen Etxebarrin. Euscal-Errijetako Olgueetako olgueeta ta dantzeen neurrizco-gatz-ozpindura osorik eskaintzen dizu Euskal Testuen Gordailuak.

1908 abenduak 21: Antero Apaolaza hil zen Antzuolan.

1907 abenduak 22: Paben Loidi jaio zen Añorgan.

1882 abenduak 24: Gregorio Mujika jaio zen Ormaiztegin.

1914 abenduak 24: Imanol Berriatua jaio zen Elantxoben. Xabier Kintanak bere biografia idatzi zuen Bidegileak bilduman.

1956 abenduak 24: Bonifazio Etxegarai hil zen Durangon.

1982 abenduak 24: Juan Iruretagoiena hil zen

Agenda

Jon Abril "Helloak Txinan" liburuarekin hitzaldi sorta bat ematen ari da: abenduaren 17an (asteazkena) 21:00etan Lazkaoko Maizpide Euskaltegian izango da eta urtarrilaren 2an (ostirala) 20:00etan Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.

Gasteizko Irakurleen Klubean Patxi Zubizarretaren "Barrikadak" liburuaz jardungo dute abenduaren 18an (osteguna) 20:00etan, Hikaateneoan.

Markos Zapiainek "Zenbait terrorista" liburua aurkeztuko du abenduaren 19an (ostirala) 12:30etan Bilboko Likiniano liburudendan. Argitaldaria: Txalaparta.

Bihotz bakartien klubak "Zakil alu hori" irakurketa egingo du abenduaren 19an (ostirala) 22:30etan Soraluzen. Abenduaren 30ean (asteartea) 20:30etan berriz, Urdiaingo gaztetxean "Sarri gure artean" errezitala.

"Ba al dago umorerik euskal literaturan?" itaunari erantzuten saiatuko da Iban Zaldua abenduaren 20an (larunbata) 17:00etan Ondarroako Kafe Antzokian.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: