Literatur Emailuak
98 zenbakia: 2003ko azaroaren 27an
Susa literatura argitaletxea

Hemingway eta euskaldunak

Juan Duñabeitia eta Ernest Hemingway elkarrekin ageri diren argazki batekin dator Edorta Jimenezen liburu berria: Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan. Duñabeitia marinela, Untzain abadea, Ibarluzea anaiak eta Areitio pilotariak, Pako Garai eta beste batzuk dira liburuko protagonista nagusiak; baita ere bidenabar: Jose Antonio Agirre, Jesus Galindez, Manu Sota edo Antonio Irala. FBIren barruan Basque Intelligence Service zer zen jakingo duzu, agiri sekretuak, gutunak, gertakari bitxiak... 36ko Gerra, gerraren jarraipena exilioan eta Karibea, horra Edorta Jimenezen ikerketa eta abenturazko liburuaren ardatzak.

Arana Goiriren Olerkijak

2003ko azaroaren 25ean bete da Sabin Arana Goiriren heriotzaren mendeurrena. Politikako, gramatikako, historiako eta bestelako idazkiez gain, poemak ere idatzi zituen Arana Goirik, 33 haren lanen biltzaileek diotenez. Bere olerkien lehen bilduma Koldo Eleizaldek egin zuen eta 1919an eman argitara, Editorial Vasca-n, Olerkijak izenburuaz. 1980an, Sendoa argitaletxeak Arana Goiriren Obras Completas kaleratu zuen, eta bertan publikatu ziren poema guztiak, hala Eleizaldek jasotakoak nola bildu gabe utzi zituenak. Edizio horretan jaso bezala dakartzagu guk hona, Arana Goiriren olerki guztiak. 1982an, azkenik, Santi Onaindiak Arana Goiri'tar Sabin olerkari eman zuen argitara. Arana Goiriren poema guztiak dakartzagu, beraz, eta baita Koldo Eleizaldek 1919an egin zuen hitzaurrea eta Santi Onaindiak bere liburuan idatzitako sarrera.

Efemerideak

1900 azaroak 27: Sorne Unzueta Utarsus jaio zen Bilbon.

1913 azaroak 27: Inazio Eizmendi Basarri jaio zen Errezilen. Gernika aldizkarian hainbat poesia idatzitako bertsolaria.

1875 azaroak 28: Juan Bautista Eguzkitza jaio zen Lemoan.

1983 azaroak 28: Aingeru Irigaray Apat-Etxebarne hil zen Donostian.

1767 azaroak 29: Juan Inazio Iztueta jaio zen Zaldibian.

1947 azaroak 29: Ramon Intzagarai Elurmendi hil zen Donostian.

1904 abenduak 1: Telesforo Monzon jaio zen Bergaran. Lau kantari eta xori bat antzezlana irakurriko duzu Euzko Gogoan.

1989 abenduak 1: Patxi Etxeberria hil zen Loiolan.

2000 abenduak 2: Luis Villasante hil zen Arantzazun. Gernika eta Euzko Gogoa aldizkarietan idatzi zituen artikuluak.

Agenda

Iñaki Zabaletak "110. Streeteko geltokia" liburuari buruz egingo du berba azaroaren 26an (asteazkena) 20:00etan, Santutxuko AEK Euskaltegian (Arbidea 21). Antolatzaile: Asapala Elkartea.

R. L. Stevensonen "Altxor uhartea" liburuaren inguruko eztabaida izango dute azaroaren 26an (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.

Jon Arretxek "Manila konexioa" aurkeztuko du azaroaren 27an (osteguna) 11:45etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Elkar.

Bernardo Atxagak "Soinujolearen semea" nobela aurkeztuko du azaroaren 28an (ostirala) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Arratsaldean berriz, Iruñeako Maisonnave hotelean jendaurreko solasaldia egingo du arratsaldeko 19:30etan. Aurkezle: Jose Anjel Irigaray. Argitaldaria: Pamiela.

Bihotz Bakartien Klubak "Zakil alu hori!" errezitatuko du azaroaren 28an (ostirala) 21:30etan Iurretako Paco tabernan. Antolatzaile: Iurretako Gurien Bai euskara elkartea (Kultur errota).

Ataramiñek abenduaren 2an (asteartea) 20:00etan aurkeztuko du bere bigarren lana Bilboko Kalderapeko gunean. Ekitaldian testuen irakurketa egingo dute.

Jon Kortazarrek Gabriel Arestiren biografia txiki bat aurkeztuko du abenduaren 3an (asteazkena) 19:30etan Bilbon, BBKren Elkano kaleko egoitzan.

Pako Aristik Libreta horiko poemak liburuan oinarritutako errezitala egingo du abenduaren 3an (asteazkena) 19:30etan Azpeitiko Udal Liburutegian. Jose Luis Otamendi laguntzaile izango du irakurketan.

Unai Elorriagak "Belaunaldi barri bat euskal literaturan" hitzaldia eskainiko du abenduaren 3an (asteazkena) 20:00etan Zamudioko Dorretxean. Antolatzailea: Lagatzu.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: