Literatur Emailuak
97 zenbakia: 2003ko azaroaren 20an
Susa literatura argitaletxea

Juan San Martin eta Bertolt Brecht

Aste honetan omenaldia jaso du Juan San Martin idazle eta kultur-eragile eibartarrak, eta horrekin bat, haren jarduera bat ekarri nahi izan dugu webgunera: poesia itzulpena. Prosa liburuez gain, poesia asko idatzitakoa da Juan San Martin Otsalar, eta asko eta ona euskaratutakoa. EHUk kaleratutako Giro gori / Tiempo ardiente (1954-1977) liburuan bildu ziren 1998an Juan San Martinen poemak. Artikulu argigarria idatzi berri du Joxe Azurmendik eibartarrari buruz. Itzulpenak ere asko egina da; guk hona haren lanaren atal bat ekarri nahi izan dugu: Olerti aldizkarian Bertolt Brecht idazle alemanari itzuli zizkionak.

Jon Iñaki Lasaren Alizia eta biok

1982ko irailekoa da Jon Iñaki Lasaren estreinako liburua, Alizia eta biok. Ustela Saileko azken aurrekoa, 18.a, poema-liburua da Lasarena. Iganaldia izenburuko hasiera-poemaren ondoren, "Alizia eta biok" izeneko saila dakar, zazpi poemarekin; eta gero "Ametsak direla? Fantasia dela?" izenburuko sailaren baitan gainontzeko poemak. Joxean Muñozek egina da azala.

Maiatzen 20. solasaldiak

Maiatz literatura aldizkariak urteroko solasaldiak antolatu ditu Baionako Elkartetxean (Pannecau karrika 47) azaroaren 25, 26 eta 27an. Azaroaren 25ean, (asteartea) 19:00etan Txomin Peillenek "Mende Joanaz" 50 urtez idatzi olerkien bilduma aurkeztuko du. 19:45etan hurrupaldia egin ostean, 20:00etan Piarres Aintziarten hitzaldia eta ondotik eztabaida Etienne Salaberri heletar filosofo eta kazetariaren inguruan. Eguna bukatzeko 21:30etan poesia errezitala Hondarribiko Aritz eta Irungo Pakurekin.
Azaroaren 27an (osteguna) 19:00etan Danielle Albizuren liburua "Lau sasoi, lau ipui" aurkeztu eta hurrupaldia egin ostean 20:00etan mahai ingurua izango da "Idazlea eta Ikusgarria: sortzaileen lekua ikusgarri antolatzaileei begira" gaiaren gainean. Koldo Amestoy, Itxaro Borda eta Pantxix Bidart arituko dira kalakan. Eguna eta ekitaldiak amaitzeko 21:30etan Koldo Amestoy eta Pantxix Bidartek emanaldi berri bat eskainiko dute.

Berrian idatzitako narrazioak

Berria egunkaria sortu eta jarraian igandero narrazio bat irakurtzen hasi ginen. Anjel Lertxundik Wagner ekainaren 29an plazaratu ostean, Edorta Jimenezek Galdara kosmikoa, Itxaro Bordak Kurlo hegaletan, Pako Aristik Postaletan idatzitako ipuina, Felipe Juaristik Autobusa, Iban Zalduak Margolariarena, Gerardo Markuletak Señorita Espe eta andereño Itxaro, Harkaitz Canok Ogiaren konkista, Patxi Zubizarretak Ileak bainuontzian, Javi Cillerok Newscastle-ko tximinoak, Juan Kruz Igerabidek Izar ona, Juan Luis Zabalak Bizikleta andregai eta Xabier Mendiguren Elizegik Haur bat jolasean argitaratu zituzten igandeetako Hitzalean gehigarrian.

Efemerideak

1891 azaroak 20: Agustin Anabitarte jaio zen Donostian.

1986 azaroak 20: Balendin Enbeita hil zen Muxikan. Olerti aldizkarian asko idatzitako bertsolaria.

1878 azaroak 21: Ramon Intzagarai Elurmendi jaio zen Donostian.

1993 azaroak 21: Andoni Urrestarazu Umandi hil zen Gasteizen. Euzko Gogoa aldizkarian artikulu eta kritika ugari idatzi zituen.

1700 azaroak 22: Agustin Basterretxea jaio zen Izpasterren.

1915 azaroak 22: Andre Ospital jaio zen Alduden. Aintzina aldizkaria kaleratu zuen Marc Legassekin batera.

1883 azaroak 23: Juan Cruz Ibargutxi jaio zen Ubidean.

1929 azaroak 23: Robustiano Ortuzar hil zen Bermeon.

1932 azaroak 23: Begoña Bilbao jaio zen Bermeon.

1971 azaroak 23: Klaudio Sagarzazu Satarka hil zen Hondarribian.

1870 azaroak 24: Juan Manuel Lertxundi jaio zen Tolosan.

1911 azaroak 24: Jon Oñatibia jaio zen Oiartzunen.

1866 azaroak 26: Jean Martin Hiribarren hil zen Baionan. Andima Ibiñagabeitiak Hiribarren-en Eskaldunac izan zuen hizpide Gernika aldizkarian. Koplarien Guduak webgunean haren bertso ugari irakurriko dituzu.

Agenda

Koldo Izagirrek "Vladimir" liburuaren berrargitalpen berezia aurkeztuko du azaroaren 20an (osteguna) 12:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaldaria: Txalaparta.

Lore Agirrezabalek "Che Guevara, ametsen komandantea" eta Toti Martinez de Lezeak "Antso Nagusia, baskoien errege handia" aurkeztuko dituzte azaroaren 25ean (asteartea) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Txalaparta.

Bihotz Bakartien Klubak "Zakil alu hori!" errezitatuko du azaroaren 25ean (asteartea) 20:30etan Gasteizko Parral tabernan. Antolatzaile: Geu Gasteiz (Kultur errota).

Iñaki Zabaletak "110. Streeteko geltokia" liburuari buruz egingo du berba azaroaren 26an (asteazkena) 20:00etan, Santutxuko AEK Euskaltegian (Arbidea 21). Antolatzaile: Asapala Elkartea.

R.L. Stevensonen "Altxor uhartea" liburuaren inguruko eztabaida izango dute azaroaren 26an (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.

Bernardo Atxagak "Soinujolearen semea" nobela aurkeztuko du azaroaren 28an (ostirala) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Arratsaldean berriz, Iruñeko Maisonnave hotelean jendaurreko solasaldia egingo du 19:30etan. Argitaldaria: Pamiela.

Pako Aristik Libreta horiko poemak liburuan oinarritutako errezitala egingo du abenduaren 3an (asteazkena) 19:30etan Azpeitiko Udal Liburutegian. Jose Luis Otamendi laguntzaile izango du irakurketan.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: