Literatur Emailuak
96 zenbakia: 2003ko azaroaren 13an
Susa literatura argitaletxea

Miquel Martí i Pol-en heriotza

2003ko azaroaren 11n zendu zen, 74 urte zituela, Miquel Martí i Pol, katalan poeta handietako bat. 1954an plazaratu zuen bere lehen liburua, Paraules al vent, eta geroztik hainbat eman ditu, poesiaren alorrean gehienbat. Prosan ere jarduna da, eta baita itzultzaile ere. Euskarara Joseba Sarrionandiak ekarri digu. 1984ko apirileko Maiatz aldizkarian (5. zkia.) bere 9 poema dakartza. Eta beste bat itzuli zuen Hezurrezko xirulak (Elkar, 1991) liburuan. Bestalde, Maiatz-30ean, 1998. urtean, Marti i Polen beste poema bat plazaratu zen, Itxaro Bordak euskaratua. Hemen eskaintzen dizkizugu denak.

Federiko Krutwigen poemak

1998ko azaroaren 15ean, orain bost urte, hil zen Federiko Krutwig. Hala euskalgintzan nola kulturgintzan XX. mendeko eragile handietako bat izana, gazterik lotu zitzaion euskalgintzari, gehienbat Euskaltzaindiaren bitartez. Bere lan filologiko eta politikoez gain (Vasconia), literaturaren alorrean ere izan zuen emaitzarik. Oso ezaguna ez zaion arloa, poesigintzarena, jaso nahi izan dugu, eta bere poemak ekarri ditugu gure liburutegi honetara.

Andoni Tolosaren Satorrak

Poema liburua da poesiak harturiko aste honetako Emailuan osorik eskainiko dizuguna. 1990ean jalgi zen idazleen plazara Andoni Tolosa Morau. Ordura arte komikigintzan ezaguna (Mattin-ekin batera Argia aldizkarian ale eder askoak emana), gerora musikaren bidetik jo du. Baina tartean liburu hau utzi zigun, Satorrak, poemaz betea, erdi ezkutuan erdi itsuan baina jardunean ibili dabilenaren intuizioz osaturiko poemez betea.

Efemerideak

1922 azaroak 13: Ernest Bidegain jaio zen Alduden.

1929 azaroak 14: Alfontso Irigoien jaio zen Bilbon.

1930 azaroak 15: Jose Mari Satrustegi jaio zen Arruazun.

1881 azaroak 17: Jose Ramon Astibia jaio zen Errenterian.

1932 azaroak 17: Txomin Peillen jaio zen Parisen. Literatur Aldizkarietan asko idatzitakoa da, besteak beste Igela ere sortu zuelako.

1761 azaroak 18: Agustin Basterretxea hil zen Lekeition. .

1611 azaroak 19: Rafael Mikoleta jaio zen Bilbon. Euskal poesiaz (1653) liburua osorik eskaintzen dizu Euskal Testuen Gordailuak.

1909 azaroak 19: Mariano Estornes Lasa jaio zen Izaban. Auñamendi entziklopedia sortu zuen bere anaia Bernardorekin batera.

1913 azaroak 19: Rodolfo Bozas jaio zen Donostian.

1921 azaroak 19: Piarres Xarriton Xabier Gasteiz jaio zen Hazparnen.

1963 azaroak 19: Katalin Eleizegi hil zen Lizarran.

Agenda

Joan Mari Irigoienek "Euskal kulturaren ajeak eta literatura" hitzaldia emango du azaroaren 13an (osteguna) 19:30etan Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Antolatzaile: Bilbo Zaharra Forum.

Antoine Saint-Exupéryren "Gerrako pilotu" (Josu Zabaletak euskaratua) eta Leo Perutzen "Bederatzietatik bederatzietara" (Anton Garikanok euskaratua) aurkeztuko dituzte azaroak 14an (ostirala) 11:30etan SGAEren egoitzan, Bilbon. Argitaldariak: Elkar eta Alberdania.

Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendik "Banguardien arriskuak: Aimé Césaire eta Vladimir Maiakovski" izango dituzte hizpide azaroaren 15ean (larunbata) goizeko 10:00etatik aurrera Larrabetzuko Literatura Eskolan.

Abentura Liburuen Biltzarra antolatu du Galtzagorrik azaroaren 13, 14 eta 15erako Gasteizko Goiuri jauregiean.

Bihotz Bakartien Klubak "Zakil alu hori!" errezitatuko du azaroaren 25ean (asteartea) 20:30etan Gasteizko Parral tabernan. Antolatzaile: Geu Gasteiz (Kultur errota).


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: