Literatur Emailuak
95 zenbakia: 2003ko azaroaren 6an
Susa literatura argitaletxea

 

azken aldarria

(letra xehez, noski)

 

Guk
guk, idazleok
guk, idazle katalan, galiziar eta euskaldunok
paul eluard-ek kantatu zituen gernikaren errautsen gainean bildurik
honako hau adierazten dugu:

memoria behar dugu ondoen dakiguna egiteko: idazteko
aldarrikatzen dugu ahazturak elbarritu, pobretu, urritu eta asimilatu
egiten gaituela
aldarrikatzen dugu iraganaren ezagutza beharrezkoa zaigula fikzioa harilkatzeko,
hartaraino mintzen gaituela gure iraganak,
non ezinezkoa zaigun normaltasun simulakro honetan bizitzea
harrigarria da: izan ginenak ez digu uzten zoriontsu izaten gaurkoan
elkartu eta memoriaren web orria sortzeko beharraz mintzo izan gara
bertan atseden har dezaten elikatzen gaituzten horiek guztiek
elkarren artean erabakitako sari batez mintzo izan gara
iragan trinko hau da, azaroko zaparrada hau

eta guztiarekin, adierazten dugu
idazlea gai dela ehun, berrehun, milaka askatasun orri sortzeko
haietan elkar hobeto ezagutu, hobeto maitatu, okerrago gorrota gaitezen
hala uste dugu
horregatik hautatu genuen gernika
horregatik elkartzen gara, gauden lekuan gaudela, munduko gernika orotan
fisterrako bide bazterretatik port bourako pausura, bagdaden gaindi
horrexegatik zaizkigu ausaz eramanezinak
zaldi gaineko jeneralisimoen plazetatik eginiko ahazturarako deiak
demokrazia-agiri banaketa arranditsu hau
egunez egun, ehortzi arte, gainera datorkigun galipot beltz hau
hemen, gure gernika guztiotan
nunca mais!

horregatik elkartu gara
horrexegatik salatzen dugu katalanez, galizieraz, euskaraz
itotzen gaituen eskua
gure egunkariak ixten dituen eskua
gure hizkuntzan aritzea galarazten diguna
folklorizatu eta recuerdo, souvenir, memory idatzi beharrean
record, lembranza, oroimena idazteagatik
papagaio exotiko kaiolatu bihurtzen gaituena
diru laguntzen morrontzan ixildutako, bozatutako,
funtzionarizaturiko ahotsak gara
XXI. mendean bizi gara baina lekora nahi gaituzte
halamoduko eleberrigile batek sorturiko amesgaiztoa dirudi
baina ez da

eta guk,
guk, idazleok
gu, idazle katalan, galiziar eta euskaldunok
iragana behar dugu etorkizuna izan dezagun

iragana behar dugu oraina birsortzen dugunean hanka sartzeko
kritikoak izateko idazten dugunaren gainean
iragan horren beharrean gaude hautsitako ispilu hau osatzeko
hamaika letra xehe egunerokotasunaren errautsen azpian hondoraturik
aldarri egin beharra al dago?
libre izan beharra dugu idazteko
idatzi beharra dugu libre izateko
hemen, gure gernika guztiotan
fisterratik port boura, bagdaden gaindi



gernika, 2003ko azaroaren 2an GALEUSCA


95. Literatur Emailura itzuli