Literatur Emailuak
94 zenbakia: 2003ko urriaren 30ean
Susa literatura argitaletxea

Pako Aristiren poemen faksimilea

Sakelako kaiera batean eskuz idatzitako poemak argitaratuko ditu Pako Aristik Libreta horiko poemak izeneko liburu berrian. Azaroaren 7an (ostirala) 11:00etan Donostiako Bilintx dendan aurkeztuko du, Harkaitz Canok lagundurik. Plazara agertu bitartean, poema liburuaren edergarri eta lagungarri, hementxe daukazu Pako Aristiren sakelako libreta hori osorik, idazleak idatzi bezalaxe: eskuizkribuaren faksimilea, alegia.

Etienne Salaberriren Ene Sinestea

Euskalzaleen Biltzarrak, EKE-k, Egan-ek eta Heletako herriak antolatuta, Etienne Salaberriren inguruko jardunaldiak burutu dira joan den astean, igandean Heletan idazlearen omeneko eguna ospatuz. Izan ere, aurten bete da (otsailaren 16an) Salaberriren jaiotzaren mendeurrena. Idazle heletarraren Ene Sinestea liburua eskaintzen dizugu osorik, aste honetan. 1978an kaleratua, idazlearen autobiografia modukoa da, bere bizitzaren eta pentsamenduen berri ematen duena. Orobat, mendeurreneko egunean Euskaldunon Egunkaria-n (kazeta itxi baino lau egun lehenago) plazaratu artikulua ere eskaintzen dizuegu, Etiennne Salaberriz Jean-Louis Davantek egindako zutabe argigarriarekin bat.

Evelyn Waugh-k 100 urte

XX. mendeko eleberri satirikoaren maisuetako bat dugu Evelyn Waugh, 1903ko urriaren 28an Londresen sortutako idazlea. Ironia eta umorearen bidetik jo zuen, eta jenero horretan liburu gogoangarriak ditu (A Handful of Dust, Scoop), baina besterik ere landu zuen (Brideshead revisited). Euskarara Juan Mari Mendizabalek ekarri zuen, 1995ean Milabidai bilduman Erein argitaletxearekin kaleratutako Dickens atsegin zuen gizona-n, non izen bereko ipuina eta Loveday jaunaren ateralditxoa ipuina agertu ziren. Evelyn Waughez Interneten topatuko duzu helbiderik (http://www.doubtinghall.com/, adibidez), eta BBCk 1960an egin zion elkarrizketa entzun dezakezu.

Txaman fantzinearen hirugarrena

Durangoko Txaman fantzinea egiten duten lagunak ez dabiltza geldi. Aspaldian bi zenbaki gehiago kaleratu dituzte, eta aste honetan berain 3. zenbakia sareratu dugu, eta hurrengo batean 4. zenbakia eskainiko dugu. Abenduaren 7an (igandea) Durangoko Azokako karietara testu errezitaldia egingo dute Atxo Fun Fun tabernan.

Efemerideak

1877 urriak 30: Jean Etxepare Bidegorri jaio zen Mar Quiquitan (Argentina).

1895 urriak 30: Klaudio Sagarzazu Satarka jaio zen Hondarribian.

1913 urriak 30: Julian Alustiza jaio zen Gabirian.

1948 urriak 30: Rafa Egiguren jaio zen Hernanin. Mugarrien garraioan poesia liburuko poemak entzungai dituzu bere ahotsez..

1950 urriak 30 : Julio de Urquijo hil zen Donostian. Euskaltzalea eta liburuzalea. Azaroaren 2arte (igandea) dago ikusgai bere bizitza eta obra aztertzen duen erakusketa Donostiako Koldo Mitxelenako Ganbaran.

1931 urriak 31: Jean Barbier hil zen Senperen.

1937 urriak 31: Jean Etxepare Landerretxe jaio zen Jatsun.

1969 urriak 31: Fidel Sarriegi hil zen Donostian.

1967 azaroak 2: Andima Ibiñagabeitia hil zen Caracasen (Venezuela). 1905 eta 1967 urte bitarteko gutunak Erbestetik barne-minez liburuan daude batuta.

1912 azaroak 3: Balentin Aurre-Apraiz jaio zen Gernikan.

1914 azaroak 3: Augustin Zubikarai jaio zen Ondarroan.

1915 azaroak 4: Jean Hiriart-Urruty hil zen Hazparnen.

1925 azaroak 4: Karmelo Etxegarai hil zen Gernikan.

1999 azaroak 4: Inazio Eizmendi Basarri hil zen Zarautzen.

Agenda

Xabier Montoiaren "Denboraren izerdia" nobela izango dute mintzagai urriaren 29an (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.

Juan Ramon Madariagak Izozmendiak poema liburu berria aurkeztuko du urriaren 30ean (osteguna) 11:00etan Bilboko Urretxindorra liburudendan. Gonbidatua: Igor Estankona. Argitaldaria: Susa.

Iñigo Aranbarrik "Sakabi, soinu txikiaren handitasuna" biografia liburua aurkeztuko du urriaren 30ean (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

Joan Mari Irigoienek "Oilarraren promesa" aurkeztuko du urriaren 31n (ostirala) 12:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaldaria: Elkar.

Azaroaren 1ean eta 2an (larunbata eta igandea) Galeusca burutuko da Gernikan. Antolatzailea: Euskal Idazleen Elkartea.

Literatur Solasaldia izango dute azaroaren 4an (asteartea) 19:30etan Billabonako euskaltegian. Unai Elorriagaren "Vanīt Hoffen ilea", Xabier Montoiaren "Denboraren izerdia" eta Hasier Etxeberriaren "Eulien bazka" nobelak izango dituzte solasgai.

Edorta Jimenezek hitzaldia eskainiko du azaroaren 5ean (asteazkena) 19:30etan Algortako Literatur Txokoan. Antolatzaile: Bizarra Lepoan euskara elkartea.

Jean Louis Davantek "Harri txintxolak" liburua aurkeztuko du azaroaren 5ean (asteazkena) 11:30etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Aurkezle: Piarres Xarriton. Argitaldari: Elkar.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: