Literatur Emailuak
93 zenbakia: 2003ko urriaren 23an
Susa literatura argitaletxea

 

Juan Ignazio Iztuetaren olerkiak

Astero liburu bat eskaintzeko ekimenean orain 25 urte kaleratutako hauxe dakarkizuegu: Iztueta'ren olerkiak. Kardaberaz Bilduman argitaratua, Jose Garmendia Arruebarrenarena da edizioa; berak egin zuen J. Ignazio Iztuetaren poesia eta bertsoak biltzeko eta prestatzeko lana. Bere aurkezpenez gain, Manuel Lekuonaren hitzaurre bat ere badu liburuak, eta lanaren mamia: idazle zaldibiarraren 70etik gora olerki.

Mansfielden Lorategiko festa

1922an kaleratu zen Lorategiko festa eta beste kontakizun batzuk, Katherine Mansfield idazle zeelandarraren azken liburua. Hurrengo urtean hil zen, 1923an, 35 urte zituela. 1888ko urriaren 14an jaioa zen Wellingtonen bizitza labur baina bizia izan zuen emakume hau. Lorategiko festa eta beste kontakizun batzuk narrazio liburua Anton Garikanok euskaratu zuen eta Ibaizabalek kaleratu Literatura Unibertsala bilduman 1998an. Osorik irakur dezakezu euskarazko testua (hala-nola ingelesekoa ere). Autorearen berri Garikanok berak ematen du liburuaren hitzaurrean.

Galeusca Gernikan

Historia eta oroimena gaitzat harturik azaroaren 1ean (larunbata) eta 2an (igandea) Galeusca burutuko da Gernikan. Larunbat goizean, aurkezpenak oro egin ostean hiru lantalde osatuko dituzte: Lehenengoan Fikziozko memoria gaia landuko dute: "Trantsizioaren oroimena" landuko du Jon Kortazarrek, "Novel lar la guerra civil per als lectors del segle XXI" Josep Françesc Delgadok eta "Divagación sobre a novela histórica e as nacións sin estado" Darío Xoh´n Cabanak. Bigarren talde batean memoria pertsonalak aztertuko dituzte. Joxemiel Bidadorrek "Euskararen memoria Nafarroan 36ko gerran: Larrekoren Gerla urte gezur urte" izango du hizpide, Armando Requeixok "Literatura do eu: autrodiéxese e historia no ensaísmo galego actual" eta Salvador Jáferrek "Exilis, deserts, pelegrinatges". Hirugarren lan talde baten poesia eta antzerkigintzaz jardungo dira. Xipri Alberbidek Piarres Lafitte ekarriko du gogora, Inma López Silvak Galiziako poesia eta antzerkia eta Rosa Calafatek Kataluniako poetak.
         
Mahainguru eta hitzaldiez gain, ikuskizun bat ere izango larunbatean 22:00etan Gernikako Lizeo antzokian. Aitzpea Goenagak aurkezturik, Hasier Etxeberriak testu bat irakurriko du, Asier Serranok poema batzuk musikatu eta ostean Harkaitz Canok idatzitako "Ixteko ordua" antzezlana jokatuko dute.

 

Efemerideak

1729 urriak 23: Xabier Munibe Peñafloridako kondea jaio zen Azkoitian.

1866 urriak 26: Ebaristo Bustinza Kirikiño jaio zen Mañarian.

1893 urriak 27: Jose Garzia jaio zen Hernanin.

1957 urriak 28: Juan Bautista Gesalaga Zaldubi hil zen Zarautzen.

1867 urriak 29: Frantzisko Apalategi jaio zen Donostian.

 

Agenda

Eneko Bidegainen "Anbroxio" nobela izango dute aztergai urriaren 24an (ostirala) 19:45etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean.

Joanes Urkixok "Gerlari zuria" aurkeztuko du urriaren 23an (osteguna) 19:00etan Donostiako Miramar jauregian. Aurkezle: Arantxa Iturbe. Argitaldaria: Elkar.

Xabier Montoiaren "Denboraren izerdia" nobela izango dute mintzagai urriaren 29an (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.

Juan Ramon Madariagak Izozmendiak poema liburu berria aurkeztuko du urriaren 30ean (osteguna) 11:00etan Bilboko Urretxindorra liburudendan. Gonbidatua: Igor Estankona. Argitaldaria: Susa.

Iñigo Aranbarrik "Sakabi, soinu txikiaren handitasuna" biografia liburua aurkeztuko du urriaren 30ean (osteguna) 11:00etan Donostiako Liburutegian. Argitaldaria: Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.

Joan Mari Irigoienek "Oilarraren promesa" aurkeztuko du urriaren 31an (ostirala) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaldaria: Elkar.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: