Literatur Emailuak
92 zenbakia: 2003ko urriaren 16an
Susa literatura argitaletxea

Liburu bat astero: Hilargiaren hotzikarak

Hogeita bost urte bete ditu Pello Lizarralderen Hilargiaren hotzikarak liburuak, aste honetan osorik eskaintzen dizugun honek. Bere estreinako liburua da (gerora E pericoloso sporgersi; Hatza mapa gainean; Sargori...), Ustela Saileko zazpigarrena, eta Joxe Artolaren azal eta irudiez ilustratua dator. Ondorengo lanetan baietsi duen estilo berezi baten jabe, poema, narrazio labur eta apunteen arteko muga lanbrotsuan dabil idazlea Hilargiaren hotzikarak liburuko 18 piezetan.

Italo Calvinok 80 urte

Orain 80 urte, 1923ko urriaren 15ean jaio zen Italo Calvino, idazle italiarra, Kuban jaio hain zuzen ere. II. Mundu Gerrako bere esperientzia jasoz egin zuen jauzi liburuen plazara, Il sentiere dei nidi di ragno-rekin, eta gerora hainbat eleberri eta narrazio liburu idatzi zituen. Literaturaren baitan eremu oso diferentetan aritutakoa, horren erakusgarri dira euskarara itzuli diren bere bi liburuak: Bizkonde erdibitua eta Marcovaldo edo Urtaroak Hirian, Iñaki Ugarteburuk eta Koldo Bigurik hurrenez hurren euskaratuak. Horiez gain, baina, literatur aldizkarietan Italo Calvinoren beste lan batzuk ere kaleratu dira euskaraz eta hemen eskaini nahi dizkizuegu.

Gabriel Arestik 70 urte

1933ko urriaren 14an jaio zen, Bilboko Berroeta-Aldamar kalean, Gabriel Aresti idazlea. Euskal literaturari astinaldia eman eta gure letren ikur bilakatutakoa, 30 urte zituela jaso zuen, 1963an, Orixe Saria bere lanik izendunena bihurtua den Harri eta Herri liburuak, eta 1964an argitaratu Itxaropenan. Poeta bilbotarraren lanak irakur ditzakezu Susa argitaletxearen web orrialdean, eta bere ahotsean entzun bere lau poema.

Efemerideak

1936 urriak 17 : Jose Ariztimuño Aitzol fusilatuta hil zuten Hernanin.

1974 urriak 17: Gilen Epherre hil zen Baionan

1770 urriak 18 : Agustin Kardaberaz hil zen Bolonian.

1931 urriak 18: Lukas Dorronsoro jaio zen Ataunen.

1886 urriak 19: Migel Olasagarre Damaso Intza jaio zen Intzan.

1911 urriak 19: Gilen Epherre jaio zen Altzürükün.

1977 urriak 20: Madalena Jauregiberri hil zen Zibozen. Eskiulan bere omenezko pastorala eman zuten 2000 urtean.

1911 urriak 21: Juan Beistegi jaio zen Eibarren.

1960 urriak 21: Martin Uriarte hil zen

1858 urriak 22: Augustin Xaho hil zen Baionan.

Agenda

Txaman literatura aldizkariko kideek poesia errezitaldia egingo dute urriaren 16an (osteguna) 20:30etan Durangoko Santa Ana plazan.

Igor Aranbarri, Aitor Bengoetxea Ondarru eta Kepa Urbietak Diapoesia saioa eskainiko dute urriaren 16an (osteguna) 20:30etan Larrabetzuko kultur etxean.

Unai Elorriagak hitzaldia eskainiko du urriaren 16an (osteguna) 20:00etan Tolosako kultur etxean. Antolatzaile: Galtzaundi.

Iñigo Aranbarrik Pizkundea: Aitzol modernitatearen kontra gaia landuko du urriaren 18an (larunbata) goizeko 10:00etatik aurrera Larrabetzuko Literatura Eskolan. Antolatzaile: Bihotz bakartien kluba.

Voces bilbainas titulupean Igor Estankonak eta Urtzi Urrutikoetxeak poemak irakurriko dituzte urriaren 18an (larunbata) 19:30etan Bilboko Arenaleko oihaletxean. .

"Zaharregia, txikiegia agian" ikuskizuna aurkeztuko dute urriaren 18an (larunbata) 21:30etan Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingel Mendizabal eta Rafa Ruedak Bilboko Arenaleko oihaletxean.

Rafa Egigurenek Tang kulturako poemak irakurriko ditu urriaren 19an (igandea) 20:00etan Bilboko Arenalean.

Eneko Bidegainen "Anbroxio" nobela izango dute aztergai urriaren 24an (ostirala) 19:45etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean.

Joanes Urkixok "Gerlari zuria" aurkeztuko du urriaren 23an (osteguna) 19:00etan Donostiako Miramar jauregian. Aurkezle: Arantxa Iturbe. Argitaldaria: Elkar.

Xabier Montoiaren "Denboraren izerdia" nobela izango dute mintzagai urriaren 29an (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: