Literatur Emailuak
91 zenbakia: 2003ko urriaren 9an
Susa literatura argitaletxea

Juanra Madariagaren Izozmendiak

Izozmendiak izango du izenburua Juan Ramon Madariagaren zazpigarren poema liburuak. Madariagak joan den igandean Cho Oyu mendiko gailurrera igotzea lortu zuela-eta, gure zorionak harentzat eta zuentzat liburu berriko zortzi poema. Izozmendiak bi aste barru aurkeztuko du Susa argitaletxeak Bilbon, idazlea Tibetetik itzulitakoan. Madariagaren Galera errepikatuak liburua osorik emana duzu sarean.

W.H. Auden hil zela 30 urte

1973ko irailaren 29an zendu zen, Vienan, Wystan Hugh Auden poeta ingelesa. 1907an jaioa, 1928an bere estreinako poema liburua, Poems, argitaratu zuenez gero, sona handia erdietsi zuen. Hainbat poema-liburu eta prosa eta antzerki lanak kaleratu zituen XX. mendeko poesia ingeleseko ahots inportanteena bilakatu zen Audenek. 1994an kaleratu zuen W.H. Audenen poema antologia Susa argitaletxeak, Juanjo Olasagarrek prestatu eta euskaratua. Osorik irakur dezakezu hemen.

Udazkeneko liburuak Berrian

Uda ostean hasi eta Durangoko Azokara bitarte argitaratuko diren liburuen zerrenda eskaintzen du Berria egunkariaren guneak. Orotara 72 egileren lanen berri ematen du guneak; nobelak, ipuin liburuak, poesia, Saiakera, kazetaritza eta lekukotasuna, haur eta gazte literatura, berrargitalpenak eta itzulpenak sailetan.

Txinako Tang poesia Rafa Egigurenen eskutik

Rafa Egiguren idazleak Tang dinastiako 30 olerki batu ditu disko batean, euskaraz eta txineraz eta Joserra Senperenaren pianuarekin grabatu ditu disko batean kaleratzeko. Urriaren 19an (igandea) 20:00etan errezitaldi musikatu bat egingo dute Bilbon eta poemak txineraz eta euskaraz errezitatuko ditu Egigurenek, Ramon Agirreren laguntzarekin. Irudiak Jose Luis Zumeta pintorearenak izango dira eta pantaila handi batean proiektatuko dituzte.

Efemerideak

1942 urriak 9: Jose Angel Irigaray jaio zen Iruñean.

1810 urriak 10: Augustin Xaho jaio zen Atharratzen.

1939 urriak 10: Luis Mari Mujika jaio zen Lizartzan.

1987 urriak 10: Koldo Mitxelena hil zen Errenterian.

1904 urriak 11: Antonio Arzak hil zen Donostian.

1947 urriak 12: Blas Alegria hil zen Lakuntzan.

1994 urriak 12: Antonio Maria Labaien hil zen Tolosan.

1884 urriak 13: Madalena Jauregiberri jaio zen Alozen.

1946 urriak 13: Xabier Kintana jaio zen Bilbon.

1901 urriak 14: Iñaki Olabeaga jaio zen Donostian. Bidegileak bilduman irakurriko duzu Patxi Ezkiagak idatzitako biografia.

1933 urriak 14: Gabriel Aresti jaio zen Bilbon.

Agenda

Edorta Jimenezek Kilkerren hotsak aurkeztuko du urriaren 9an (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegian, eta arratsaldez 20:00etan Bilboko Likinianon. Argitaldaria: Susa

Ana Urkizak "Bazterreko ahotsa" liburuan oinarrituta errezitala egingo du urriaren 10ean (ostirala) 19:30etan Zarauzko Olerti Etxean.

Gabriel Arestiren jaiotzaren egunean urriaren 14an (asteartea) 19:30etan Bilboko Bidebarrietan: Kirmen Uribek aurkezturik, irakurraldia egingo dute Bernardo Atxaga, Manuel Rivas eta Joan Margaritek.

Jon Alonsok Camembert helburu liburuaren gainean berba egingo du urriaren 15ean (asteazkena) 20:00etan Deustuko Bidarte Etxean. Antolatzaileak: Irakurlearen Txokoa, Berbaizu euskara elkartea.

Igor Aranbarri, Aitor Bengoetxea Ondarru eta Kepa Urbietak Diapoesia saioa eskainiko dute urriaren 16an (osteguna) 20:30etan Larrabetzun.

Iñigo Aranbarrik Pizkundea: Aitzol modernitatearen kontra gaia landuko du urriaren 18an (larunbata) goizeko 9:00etatik aurrera Larrabetzuko Literatura Eskolan. Antolatzaile: Bihotz bakartien kluba.

Voces bilbainas titulupean Igor Estankonak eta Urtzi Urrutikoetxeak poemak irakurriko dituzte urriaren 18an (larunbata) 19:30etan Bilboko arenaleko oihaletxean. .

"Zaharregia, txikiegia agian" ikuskizuna aurkeztuko dute urriaren 18an (larunbata) 21:30etan Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingel Mendizabal eta Rafa Ruedak Bilboko Arenaleko oihaletxean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: