Literatur Emailuak
87 zenbakia: 2003ko irailaren 11n
Susa literatura argitaletxea

Galera errepikatuak

Galera errepikatuak poema liburua kaleratu zuen Susa argitaletxearekin Juanra Madariagak, 1992an. 1980ko hamarkadaren erdialdera literatur aldizkarietan lanak argitaratzen hasitakoa, Bizkaiko Foru Aldundiko 1988ko poesia saria irabazi eta hurrengo urtean plazaratu zuen liburua, bere lehena, Imentzioaren pergamua. Jarraitu du idazten eta publikatzen, eta udazken honetan bertan kaleratuko du poema liburu berria Susarekin, Izozmendiak izenekoa. Hurrengo astean: Jonas Poisson, Iñigo Aranbarriren poema liburua.

Efemerideak

1943 irailak 12: Patxi Ezkiaga jaio zen Legorretan.

1943 irailak 12: Odon Apraiz hil zen Gasteizen.

1865 irailak 14: Jose Elizondo jaio zen Tolosan.

1922 irailak 14: Inazio Begiristain jaio zen Altzon.

1981 irailak 15: Imanol Berriatua elantxobearra hil zen Jerusalemen (Palestina). Anaitasuna aldizkaria sortu zuen.

"Irailaren 11n ekintza egingo dugu"

Interneten bolo bolo dabil deia. Irailaren 11n (osteguna) ekintza poetiko bat egiteko abisua eskutik eskura. Deialdi bat dago, liburu bat eskuan hartu, "ezezagun bati" eskaini eta kalera ateratzekoa. Ostean liburu hori toki publiko batean lagatzeko (tabernan, jatetxean, liburutegian, geltokian, parkean...). Liburua topatzen duenak, sari bezala hartuko du. "Lagun ezezagun hori, eskuartean duzun liburu hau, ez da galdua izan, apropos lagatakoa izan da, zuk, aurkitu duzun horrek, irakur dezazun. Ekintza hau, munduan zehar burutzen ari garen zenbait ekintza poetikoren parte da. Zuk ere parte har dezakezu, beste libururen bat apropos lagata. Horrelako eskaintza bat idatzi liburuan eta toki publiko batean laga, besteren batek aurkituko du gero...".

Agenda

Ixaka Lopez-Mendizabalen "Xabiertxo" liburuaren berrargitalpena aurkeztuko du irailaren 11n (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Abarka. Aurkezleak: Xabier Lopez-Mendizabal eta Kike Amonarriz.

Gotzon Hermosillak "Road movie" liburua aurkeztuko du irailaren 11n (osteguna) 20:00etan Larrabetzun, "irailak 11 New York: musika eta literatura" ekitaldiaren barnean. Antolatzaile: Bihotz Bakartien Kluba eta Arrekikili euskara elkartea.

Patxi Iturregik "Behi eroak" liburua aurkeztuko du irailaren 12an (ostirala) 12:00etan Bilboko Kalderapeko kultur gunean. Argitaldaria: Elkar. Aurkezlea: Edorta Jimenez.

Oreretako Mikelazulokoek ekitaldi berezia presatu dute irailaren 12rako (ostirala) 20:00etatik aurrera Pasai Antxoko kultur etxean. "Mugaindituz: Mugek gainditzen gaituzte" dantza garaikidea, musika, pintura eta poesia elkarrekin uztartzen dituen performance proiektu berria da. Ostean, "Eskubiko pareta" ikuskizuna eskainiko dute non, antzerkia, poesia eta ilustrazioa uztartzen diren.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: