Literatur Emailuak
86 zenbakia: 2003ko irailaren 4an
Susa literatura argitaletxea

 

Abere madarikatuak

Narrazioen bidetik egin zuen jauzi, idazleen plazara, Antxon Gomezek, 1997an, Abere madarikatuak narrazio liburuaz. Idazleen plazara esan liteke edo, zergatik ez, idazleen zelaira edo basora edo errekara... Izan ere, liburuak dakartzan sei ipuinek natura dute kokaleku, eta denetan animalia bat da protagonista nagusi. Animaliak dira protagonista, bai, baina gizakiez hitz egiten dute ipuinok. Hurrengo astean: Galera errepikatuak, Juanra Madariagaren poemak.

Mario Onaindia hil da

Pasa den igandean, abuztuak 31 zituela, zendu da Mario Onaindia politikari eta idazlea. 1977an argitaratu zuen bere lehen literatur lana, Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak (Gero, 1977), eta geroztik beste dozena erdi literatur lan eskaini dizkigu: Gau ipuiak (1983), Grand Placen aurkituko gara (1983), Gilen Garateako batxilerra (1984), Del Rincon-en motorra (1985), Olagarroa (1987) eta Gela debekatua (1988). Saio politikoaren alorrean, 1978an lan elebiduna eman zuen argitara, Ez, ez ez Konstituzio hori ez. Itzulpenak ere egin zituen: Luis Bonaparteren 18. Brumarioa (1973), Hitlerrek untxi arrosa lapurtu zuenean (1988), Lope Agirrekoa (1989), Charlie eta txokolate fabrika (1989), Bakerako jostailuak eta beste istorioak (1989), Ateak zabaldu, euskal panpako kronika (1990).

Mugek gainditzen gaituzte eta Eskubiko pareta

Oreretako Mikelazulokoek ekitaldi berezia presatu dute irailaren 12rako (ostirala) 20:00etatik aurrera Pasai Antxoko kultur etxean."Mugaindituz: Mugek gainditzen gaituzte" dantza garaikidea, musika, pintura eta poesia elkarrekin uztartzen dituen performance proiektu berria da. Ostean, "Eskubiko pareta" ikuskizuna eskainiko dute non, antzerkia, poesia eta ilustrazioa uztartzen diren. Proiektu berri hau Mikelazulok ekoiztu du eta estreinaldi horren ostean, Senpereko Oxtikenea etxean eta Lasarteko Jalgi kafe antzokian ere eskainiko dituzte.

Efemerideak

1912 irailak 4: Eusebio Erkiaga jaio zen Lekeition.

1937 irailak 5: Arturo Kanpion hil zen Iruñean. Euzko-Gogoa aldizkariak, bere jaiotzaren mendeurena ospatu guran Itzaltzuko koblakaria plazaratu zuen 1954an.

1878 irailak 7: Kepa Enbeita Urretxindorra jaio zen Muxikan.

1887 irailak 7: Juan Bautista Bilbao Batxi jaio zen Arratzun. Hau mundu arrano hau liburua osorik dago Susaren webgunean.

1926 irailak 7: Marie Jeanne Minaberri jaio zen Baigorrin.

1868 irailak 9: Gorgonio Renteria jaio zen Elantxoben.

 

 

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: