Literatur Emailuak
85 zenbakia: 2003ko abuztuaren 28an
Susa literatura argitaletxea

Abbadiaren Koplari Guduak

Orain dela 150 urte, 1853ko abuztuaren 29an, jokatu zela lehen Lore Jokoa, Anton Abbadiak antolatutakoa, diote kronikek. Data hori hartu da estreinaldi ofizialtzat, baina ez dirudi hala denik, Patri Urkizuk prestatutako Anton Abbadiaren Koplarien Guduak (1851-1897) liburuan ikus eta irakur daitekeenez. Liburuan bildutako 400 poema-sortak irakur ditzakezu hemen, eta izen zerrenda oparoa kausituko duzu: Etxahun, Iparragirre, Dibarrart, Zaldubi, Duvoisin, Elissanburu, Hiribarren, Etxeto, Otaño, Arrese Beitia, Lopez Alen, Iraola...

Gartzelako egunkaria

Ho Chi Minh-en Gartzelako Egunkaria euskaratu zigun Iñaki Aramaiok eta 1985ean argitaratu zuen Susak. Buruzagi vietnamdarra 1942an preso hartu eta kartzelan idatzitako poemak dira gartzelako egunkari hau osatzen dutenak, 101 poema, Iñaki Aramaiok Txinan baizik Espainiako kartzela batean, Herrera de la Manchan, euskaratuak. Euskaratzaileak hitzaurrean dioenez, poesiaz gain testigantza ere aurkituko du irakurleak. Hurrengo astean: Antxon Gomezen narrazio-liburua, Abere madarikatuak.

Olerkiaren abartxoetan Senperen

Senpereko Hatsa elkartea eta Maiatz literatura aldizkariak poesia ekitaldi bat antolatu dute irailaren 6 (larunbata) eta 7rako (igandea) Senpereko Oxtikenea etxean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez ekitaldiaren helburu nagusia "olerkizaleek eta olerki idazleek, eurak maite dituzten euskarazko olerkiak publikoari aurkeztea eta publiko artean olerki trukeak egitea" izango da. Ekitaldi berezi horretan parte hartzeko ez da ordu finkorik izanen, baina izena emateko epea abuztuaren 31arte dago finkaturik.
Parte hartzeko igorri mezuak: hatsaelkartea@aol.com edo maiatz@caramail.com helbideetara.

Efemerideak

1856 abuztuak 30: Cayetano Sanchez Irure jaio zen Donostian.

1831 abuztuak 31: Ramon Artola jaio zen Tolosan.

1934 irailak 1: Gotzon Garate jaio zen Elgoibarren. Berak batutako 14.458 euskal atsotitz dituzu Interneten.

1938 irailak 1: Mikel Lasa jaio zen Donostian.

1899 irailak 3: Errose Bustintza jaio zen Mañarian. Bere ipuinak irakurgai dituzu Susaren webgunean.

1949 irailak 3: Pablo Fermin Irigarai Larreko hil zen Iruñean. Euzko Gogoan irakurriko dituzu, Lizardi ta Larreko ziranek elkarri egin-gutunak


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: