Literatur Emailuak
84 zenbakia: 2003ko abuztuaren 21ean
Susa literatura argitaletxea

 

Mañariko Errose Bustintzaren ipuinak

Duela 50 urte, 1953ko abuztuaren 20an, hil zen Errose Bustintza Mañariko. Euzkadi aldizkariko kronikalaria, poesiak eta kantu-letrak ere idatzi zituen, baina bere ipuinek egin dute ezagun. Hainbat aldizkaritan argitara emanak, Jaime Kerexetak bildu zituen Jesus'en Biotzaren Deia eta Anaitasuna aldizkarietan Euskalerriko ipuiñak izenburupean. Liburu gisa 1990ean kaleratu zituen Gero argitaletxean, Kerexetak berak zuzenduriko edizioan, Ipuiñak izenburuaz eta Santi Onaindiaren hitzaurrearekin. Osorik irakur ditzakezu hemen.

Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri

Michele Angiolillo anarkistak Arrasateko Santa Ageda bainuetxean hil zuen, 1897ko abuztuaren 8an, Canovas del Castillo Espainiako gobernuko presidentea. Bergarako kartzelan preso atxikia, gerra kontseilua egin eta bertako patio zabalean hil zuten, garrotez, abuztuaren 20an. Hil aurretik, hitz bakarreko mezua aldarrikatu zuen: Germinal! Michele Angiolillo (Lilio) da Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelako protagonista nagusietako bat; nobela 1998an argitaratu zen eta orain osorik emana daukazu hemen. Eta gainera, nobela hura idazten ari zelarik egindako baina argitaratu gabeko kapitulu berezi bat ere eskaini digu Izagirrek. Hurrengo asteko liburua: Ho Chi Minh-en Gartzelako egunkaria.

Efemerideak

1916 abuztuak 22: Jose Antonio Loidi jaio zen Errenterian.

1935 abuztuak 22: Eñaut Etxamendi jaio zen Ezterenzubin..

1749 abuztuak 23: Salvat Monho jaio zen Isturitzen.

1916 abuztuak 24: Cayetano Sanchez Irure hil zen Donostian. 1906an El Pueblo Vascon argitaratutako Mintzatu danok euskera bertso jarriak dituzu irakurgai.

1984 abuztuak 26: Luis Egia hil zen Tolosan.

1949 abuztuak 27: Ander Arzelus Luzear hil zen Baionan.

1963 abuztuak 27: Sebero Altube hil zen Gernikan.

1982 abuztuak 27: Plazido Mujika hil zen Loiolan. Oh! Euzkadikoek elkarrizketa egin zioten 1981eko azaroan.

 

 

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: