Literatur Emailuak
79 zenbakia: 2003ko uztailaren 17an
Susa literatura argitaletxea

Etxahunen "bolada" duela 50 urte

Pierre Topet Etxahun, Barkoxeko olerkaria, "vogan" izan zen orain 50 urte, 1953an. Pierre Bordazarre Etxahun Irurik Etxahun pastorala ondu zuen (Barkoxekoa vogan zela Bordazarrek berak erran zuen 1979an Zeruko Argia-ri emaniko elkarrizketa batean; Argiak 1999. urtean kaleratutako Gure Mendea liburuan irakur daitekeena). Eta Piarres Larzabalek ere 1953an plazaratu zuen Etchahun antzezlana, Gure Herria aldizkarian. Antzezlan hau irakur dezakezu hemen, 1953ko urtarril-otsaileko zenbaki hartan kaleratutako bertsioan.

Egunkariaren aldeko berbak gazte sarean

Euskaldunon Egunkariaren itxierak elkartasun uholde handia ekarri zuen berarekin. Idazle eta literaturazaleen aldetik ere hainbat ekimen jarri ziren martxan. Hauetako bat, martxoaren 9an Bilboko Kalderapekon hainbat idazlek eginiko irakurtaldia. Sonia Gonzalez, Laura Mintegi, Andolin Eguzkitza, Aritz Zubiate, Iñaki Friera, Toti Martinez Lezea, Gari Berasaluze, Lourdes Unzueta eta Igor Estankona bere testuak irakurri zituzten. Errezitaldi hartako testuak lehen aldiz gaztesarean argitaratu dituzte.
Juan Kruz Igerabide, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Hasier Etxeberria, Xabier Mendiguren Elizegi, Patxi Zubizarreta, Jose Luis Padron, Toti Martínez de Lezea eta Patxi Irurzunen testuak topatuko dituzu orri berean.

Aingurak erreketan

Jon Benitoren poesia liburua, Aingurak erreketan, irakur dezakezu osorik aste honetan. Bere lehen liburua, indarrez eta freskotasunez beteriko poemekin plazaratu zen idazlea Susa argitaletxearen eskutik. Liburuari egindako kritikak ere aurkezten dizkizugu. Datorren astean: Jon Casenaveren Itsu-mandoka liburua, Ustela Sailean, 16. zenbakiaz, 1981ean argitaratua.

Efemerideak

1902 Uztailak 20: Marzelino Soroa hil zen Donostian.

1876 uztailak 22: Indalezio Bizkarrondo Bilintx hil zen Donostian. Bere bertso guztiak, bertso paperen faksimileak eta eskuizkribuak batu genituen iaz Interneten berrargitaratzeko.

1931 uztailak 22: Gregorio Mujika hil zen Donostian.

1966 uztailak 22: Alejandro Bilbao hil zen Armintzan.

1908 uztailak 23: Frantzisko Atutxa jaio zen Diman.

Agenda

Raymond Carverren "Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean" liburua aurkeztuko dute uztailaren 18an (ostirala) 10:30etan Donostiako Udal Liburutegian. Euskaratzailea: Koro Navarro Argitaldariak: Elkar eta Alberdania.

Bihotz Bakartien Klubak poesia errezitaldi berezia egingo du uztailaren 28an (astelehena) 20:00etan Larrabetzuko gaztetxean "gazte eguna"ren karietara. Antolatzaile: Hori Bai.

Getxoko udal liburutegiek 2.000 liburu aterako dituzte kalera abuztuaren 31(igandea) bitartean. Letren terrazak kanpaina jarriko dute abian, liburuak irakurleengana gerturatzeko asmoz. Areetako geltokia, Andra Mari auzoko Sarri plaza eta Algortako geltokiko plazan jarriko dituzte liburuak.

Udan harpidetza eteteko aukera

Udan Literatur Emailurik jaso gura ez baduzu, harpidetza eteteko aukera duzu orain. Guri mezu labur bat igorrita, zuk nahi duzun asteetan ez duzu albistegi hau jasoko. Oporretatik bueltan berriro automatikoki berriztatuko dizugu harpidetza. Jakin ezazu halaber, uztailan eta abuztuan Emailuak egiten jarraituko dugula, eta Susako webgunean irakurgai izango dituzula beti. Mezuak hona igorri: susanews@armiarma.eus


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: