Literatur Emailuak
76 zenbakia: 2003ko ekainaren 26an
Susa literatura argitaletxea

Etiopia-k 25 urte

1978ko ekainean plazaratu zuen Bernardo Atxagak Etiopia liburua. Egilearen beraren argitalpena, Pott Liburutegiko liburu bakar bihurtu zen. Berehala sona handia hartu zuen lanak, eta 1978ko Durangoko Azokan liburu salduenaren saria jaso zuen. Gure literatura modernoko ikur, bost urte geroago Ereinek berrargitaratu zuen, egilearen hitzaurrerik gabe eta poema pare bat erantsita. Bi ediziootako azalak, lehenengoko hitzaurrea, lau poema eta egin zaizkion hainbat kritika edo azterlan irakur ditzakezu hemen.

Astero liburu bat: Bidaia / Termitosti

Duela 25 urte argitaratu zen Joxe Austin Arrietaren lehendabiziko liburua: Bidaia / Termitosti. Horixe duzu aste honetan osorik emana. "Bidaia" eta "Termitosti" izeneko bi narrazioak Juanba Berasategiren irudiez apaindurik agertu zituen Ustela Sailak 1978ko udaberrian. Datorren asteko liburua: Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari.

Mendea George Orwellek

1903ko ekainaren 25ean jaio zen, duela 100 urte, George Orwell idazlea. Hala bizitza nola obra ezagutzeko modukoa duena, autore honi buruzko erreportaia argigarria kaleratu du Berria egunkariak, Emilio Lopez Adanen eta Juan Martin Elexpururen iritzi-artikuluez hornitua. Abereen etxaldea eta 1984 ditu obrarik ezagunenak Orwellek, eta lehena dago euskarara ekarria, hain zuzen Juan Martin Elexpuruk itzulia. Elkar argitaletxearekin kaleratua, 1982 ezkeroztik hainbat berargitalpen izan ditu. Nolanahi ere, itzulpen-moldaketa bat estreinako 1981ean argitaratu zuen Hordagok, Tximista sailean, Abereeneko iraultza izenburuaz. Imanol Unzurrunzaga izan zen itzulpen-moldaketaren arduraduna.
Horretaz gain, Jakin aldizkariko 32. zenbakian, 1984koa hain zuzen, Joxe Azurmendiren artikulua irakur daiteke: 1984: Orwell, idazle enpeinatua.

Efemerideak

1879 ekainak 27: Martin Uriarte jaio zen Zeanurin.

1854 ekainak 29: Bizenta Mogel hil zen Abanton.

1914 ekainak 30: Xabier Peña jaio zen Tolosan.

1979 ekainak 30: Jon Oñatibia hil zen Oiartzunen.

1998 ekainak 30: Jon Etxaide hil zen Donostian.

1994 uztailak 2: Justo Garate hil zen Mendozan (Argentinan).

Agenda

Egunkari baten goiza irakurraldi-emanaldia (irakurketa, bideoa, musika, dantza) egingo dute ekainaren 25ean (asteazkena) 20:00etan Gasteizen, Aldabe Gizarte Etxeko Antzokian. Bertan izango dira: Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Xabier Izaga, Manu Lopez, Gerardo Markuleta, Aitziber Perez de Karkamo, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta. Musikariak: Xabier Montoia eta bere taldea, Maite Arroitajauregi (celloa).

Aitor Aranak "Bost ahizpa" (Txomin Agirre eleberri-saria) eta "Lagun mina" (Toribio Altzaga antzerki-saria) aurkeztuko ditu ekainaren 26an (osteguna) 11:30etan Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Xipri Arbelbidek "Jean Pierre Goytino: Californiako Eskual Herria" saiakera aurkeztuko du.

Piarres Xarritonek "De Re Publica edo politikaz" liburua aurkeztuko du ekainaren 26an (osteguna) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudenda. Aurkezle: Joseba Intxausti. Argitaldari: Elkar.

Begoña Bilbaok "Emakumezkoek idatzitako literaturaren ezaugarriak" izango ditu hizpide ekainaren 26an (osteguna) 19:30etan Ondarroako Kafe Antzokian.

Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua" liburuaz hitz egiteko bilduko dira ekainaren 26ean (osteguna) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubekoak, GEU elkarteak antolaturik.

Bihotz Bakartien Klubak "Poeta hilen kluba" ikuskizuna plazaratuko du ekainaren 26an (osteguna) 20:00 Algortako Kultur Etxean. Antolatzaile: Getxoko Irakurlearen Txokoan.

Er3mu4k "inon izatekotan" ikuskizunarekin izango da ekainaren 27an (ostirala) The Balderen festan, Donostiako Artelekun.

Kirmen Uribek "Zaharregia txikiegia agian" ikuskizuna aurkeztuko du uztailaren 5ean, (larunbata) 23:00etan, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Ruedagaz batera Gasteizko Aihotz plazan.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: