Literatur Emailuak
68 zenbakia: 2003ko maiatzaren 1ean
Susa literatura argitaletxea

Aste honetako liburua: Sakoneta

Juan Luis Zabalaren Sakoneta ipuin liburua duzu asteon osorik eskaintzen dizuguna, 1994an argitaratua eta hamaika narrazio biltzen dituena. Liburu honetako bi ipuin espainolez ere irakur ditzakezu: "Planetas abatidos" (Juan Luis Zabalak berak itzulia) eta "Nochebuena" (Bego Montoriok itzulia). Datorren asteko liburua: Harkaitz Canoren Kea behelainopean bezala.

Donostiako euskal idazleak

Donostiako Udaleko Euskararen Donostia Patronatuak literaturari atxikitako web gune berria abian jarri du: Donostiako euskal idazleak. Donostian jaiotako eta bertakotutako 91 idazle bildu dira orriotara, argazkia, jaiotza-data eta bibliografia barne. Denera, idazle horien 486 liburu zentsatu dituzte orain artean, eta horietako 245en azal eta pasarte batzuk sarean jarri dituzte. Idazleak eta liburuak kronologikoki eta alfabetikoki antolatuta daude. Bada zer irakurria eta zer kontsultatua gune berri zoragarri honetan.

Efemerideak

1864-maiatzak 4: Txomin Agirre jaio zen Ondarroan.

1908-maiatzak 5: Juan Inazio Goikoetxea "Gaztelu" jaio zen Gaztelun. Oh! Euzkadi aldizkarikoek elkarrizketa egin zioten 1980ko azaroan.

1910-maiatzak 5: Pedro Mari Otaño hil zen Argentinan.

1915-maiatzak 5: Piarres Larzabal jaio zen Azkainen. Teatroa.com gunean bere 18 antzezlan irakur ditzakezu.

1854-maiatzak 7: Arturo Kanpion jaio zen Iruñean. Korrok aldizkariak Okendoren eriotza Kanpionen lana kaleratu zuen 5. zenbakian.

Olerkiaren astea Oreretan

Mikelazulo kultur elkarteak 2. Olerkiaren astean antolatu du maiatzaren 12tik aurrera. Joxerra Gartziak "Metafora zertarako" itaunari erantzungo dio maiatzaren 12an (astelehena) 19.30etan Mikelazulon. Maiatzaren 13an (asteartea) 19.30etan "Hitz eta irudien katea" erakusketaren inaugurazioa, Miren Agur Meabek idatzitako lehen kate begiarekin hasi eta beste testuen irakurketarekin. "Oteitza Mikelakobazuloan" gaia jorratuko dute maiatzaren 14an (asteazkena) 19:30etan Urbeltz eta Irigaraik bereziki prestatutako olerki eta testu irakurketa batean. Biharamunean, Jose Luis Padrodenek poemak irakurriko ditu euskaraz, galizieraz eta gaztelaniaz; maiatzak 15 (osteguna) 19:30etan. Ostiralerako, maiatzak 16, 19:30etan "Letren kilimak" saio berezia atondu dute Mikelazuloko lagunek eta inguruko euskaltegietako ikasleek. Azkenik, Tuporakiren retrospektiba" olerkiaren inguruko topaldia burutuko dute maiatzaren 17an (larunbata) goizean hasita Txintxarri tabernan.

Agenda

Bihotz Bakartien Klubak "Poeta hilen kluba" ikuskizuna egingo du apirilaren 29ean (astelehena) 19:30etan Arrasateko Monterron kultur etxeko hitzaldi aretoan.

Xabier Mendiguren Elizegik 16 ipuin amodiozko liburuari buruz berba egingo du apirilaren 30ean (asteazkena) 20:00etan Txurdinagako AEKren euskaltegian. Antolatzailea: Asapala kultur elkartea.

Pello Lizarraldek "Hirira doan bidea" liburua izango du hizpide maiatzaren 9an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteko Irakurriz Dibertitzen Gara ekimenarekin.

Hainbat idazlek "Munduko herri baten literatur ekimenaren saioa egingo du maiatzaren 8an (osteguna) 20:00etan Iruñeko Iruñezar euskaltegian.

Egunkariaren aldeko hitzak eta musika entzun ahal izango dira maiatzaren 9an (ostirala) 20:00etan Berako kultur etxean.

Hasier Etxeberriak Eulien bazka liburua izango du mintzagai maiatzaren 28an (asteazkena) 20:00etan Txurdinagako AEKren euskaltegian. Antolatzailea: Asapala kultur elkartea.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: