Literatur Emailuak
67 zenbakia: 2003ko apirilaren 24an
Susa literatura argitaletxea

Aste honetako liburua: Eulien bazka

Asteon osorik eskaintzen dizugun liburua Hasier Etxeberriaren Eulien bazka nobela berria duzu (duela hilabete Susak argitaratua). Zortzi zati eginda agertu da emakume baten gorpua, eskuak eta burua falta dituela; eta Damian Arruti entomologoak ezaguna du biktima. Datorren astean: Juan Luis Zabalaren Sakoneta ipuin liburua.

Haranburu Altuna, komunistak eta Juan Jose Lasa

Saizarbitoriak eta Izagirrek emaitza bikoitza dastarazi zuten duela 25 urteko Zeruko Argia astekarian. Alde batetik, Baietz astea gaizki bukatu sailean, Luiz Haranburu Altunak PCa utzi zuela eta biribildu zuten artikulu nagusia: Gorka Semprun, Santxeztar Federiko edo Haranburu Altunaren gora beherak. Bestetik, Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna sailean, Juan Jose Lasa psikiatrarekin egindako elkarrizketa luzea eman zuten, guztira egindako bostetatik azkena.

Gau orbela, Jon Alonsoren ipuina The Balde-n

The Balde, euskaraz eta ingelesez argitaratu eta doan banatzen den aldizkariak 9. zenbakia kaleratu berri du. Irudi ederrez eta testu laburrez osatutako ale honetan, Jon Alonsoren Gau orbela narrazioa irakur daiteke. "Belardietako loreak (oraindik) the balde dira" izenburu orokorraren haritik, betiko sailak ere jasotzen ditu aldizkariak: musika, literatura, agenda, komikia, artea...

Efemerideak

1848-apirilak 27: Marzelino Soroa jaio zen Donostian.

1887-apirilak 27: Toribio Etxebarria jaio zen Eibarren.

1844-apirilak 29: Migel Urruzuno jaio zen Elgoibarren.

1911-apirilak 29: Jose Antonio Arkotxa jaio zen Mutrikun.

1929-apirilak 29: Pepe Artola hil zen Donostian.

1984-apirilak 29: Manex Erdozaintzi-Etxart hil zen Okzitaniako Tolosan. Bere poemak entzun eta irakur ditzakezu XX. Mendeko Poesia Kaieretan.

1831-apirilak 30: Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" jaio zen Donostian. Iazko emailuen bitartez weberatu genituen bere bertso guztiak.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: