Literatur Emailuak
2003ko apirilaren 2an
Susa literatura argitaletxea

 

Ni, artean, txikia nintzen

Ni, artean, txikia nintzen; ez dakit seguru zenbat urte izango nituen. Gauza batez bai oroitzen naiz: nire aitaren idazmahaiaren parera ailegatzeko bezain luze banintzela, eta altzariaren gainean besoak ezarri eta haien gainean atsedena ematen niola matrailari. Justu begien parean brontzezko estatua bat geratzen zitzaidan: gizon mehar bat zen, eskuan lantza bat zeukana eta hezur hutsezko zaldi baten gainean zegoena; atzetik asto bat, zeinaren gainean lagun potolo bat baitzegoen, besoa luzaturik kapelu bat jasota zeukana bibaka eginez.

Nire galdera bati erantzunez, aitak biak aurkeztu zizkidan: On Kixote eta Santxo Pantza.

Nortzuk ziren eta non bizi ziren jakin nahi izan nuen. Horrela jakin nuen espainiarrak zirela eta orain mende asko etxe liluratu batean, hots, liburu batean bizi zirela. Aitak berehala utzi zuen egiten ari zena, eta apalategira joan, handik liburu bat hartu eta hango irudiak erakusten hasi zitzaidan, bi haien historia kontatzen zidan bitartean. Irudietako batean On Kixote liburuz inguratuta ageri zen.

—Eta nor bizi da liburu horietan? —galdetu nion nik.

Erantzun bezala, ohartzen hasi nintzen era guztietako liburuak zeudela eta haien barruan infinitua bizi zela. Handik aurrera eta gurasoen eskutik haietako batzuk ezagutzen joan nintzen: Robinson Crusoe bere irlan, Gulliver Liliputen eta Robin Hood bere basoan. Eta ohartu nintzen maitagarriak, printzesak, erraldoiak eta iratxoak, errege-erreginak eta sorginak, hiru txerrikumeak eta zazpi antxumeak, ahatetxo itsusiak eta otso gaiztoak, nik entzuten nituen istorioetako ezagun zahar horiek guzti-guztiak ere liburuetan bizi zirela.

Irakurtzen hasi nintzenean neu pasatu nintzen liburuetan bizitzera. Mundu osoko herri ipuinetako pertsonaiak ezagutu nituen, Txinatik Irlandarako eta Errusiaitik Greziarako joan-etorriak eginarazi zizkidaten bildumen bidez. Monteiro Lobatoren liburuetan hainbeste murgildu nintzen, non esan baitezaket okil horiaren baserrira, bere istorioak gertatzen diren tokira, joan nintzela bizitzera. Ni han bizi nintzen. Lurralde aske eta mugarik gabea zen hura. Erraztasun berdinarekin bizi ahal izan nintzen Mississipin Tom eta Huckekin, Frantzian barrena D'Artagnanekin zaldi gainean ibili, Bagdadeko azokan Aladinorekin galdu, (...) Peter Panekin hegan egin... (...).

Hori bezain erraza izan zen. Geografia eta adin mugarik gabe. Dena zegoen elkarrekin komunikatua, etxe liluratu sare bat bailitzan. Eta hainbeste mundurekin, neure munduak eraikitzen joan nintzen. Eta idazten ditudan liburuen bidez nire barruan bizi den guztia besteekin partekatzen dut.

Ahatetxo Itsusia

65. Literatur Emailura itzuli