Literatur Emailuak
64 zenbakia: 2003ko martxoaren 27an
Susa literatura argitaletxea

Hasier Etxeberriaren Eulien bazka

Joxerra Garziak aurkeztuko du Hasier Etxeberriaren nobela berria, Eulien bazka, martxoaren 28an (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Damian Arruti zientzialaria (entomologoa) du protagonista, eztarrian gaitz bat duena eta hilko ote den beldur dagoena; hala ere gertakari harrigarri batek gehiago larrituko du ustekabean: zortzi zatitan moztutako emakume-gorpu bat aurkitu du Ertzaintzak... eta, itxuraz, Damianek ezaguna du. Hona hemen Susa argitaletxearekin plazaratuko duen nobelaren lehen kapitulu biak.

Nazioarteko Antzerki Eguna

Martxoaren 27an Nazioarteko Antzerki Eguna ospatuko da mundu osoan. Urtero bat idazten du antzezle edo idazleren batek; aurtengoa Tankred Dorst alemaniarrak idatzi du (Oberlind, 1925). Bere lehen lanak 60ko hamarkadan estreinatu zituen Dorstek, eta absurduaren antzerkian koka daitezke. Bere lan ezagunena "Merlin oder das Wste Land" da. Diderot, Moliere eta O'Caseyren obrak itzuli eta taularatu ditu. Mundu osoko hainbat hizkuntzatara itzulita topatuko duzu agiria Nazioarteko Antzerki Egunaren gunean. Gurean Urtzi Urrutikoetxeak euskaratu du 2003ko manifestua.

Antzerkia Euzko Gogoan

Euzko Gogoa aldizkarian, orotara 17 antzerki lan irakur ditzakezu. Izan ere 1950 eta 1959 urteen artean euskaraz idatzi eta beste hizkuntza batzuetatik euskaratzen zen antzerkiaren gune garrantzitsua suertatu zen Jokin Zaitegik zuzentzen zuen aldizkaria. Jacinto Benavente, Jon Etxaide, Joseph Maistre, Telesforo Monzon, Antonio Maria Labaien, Eskilo, Sofokle (Jokin Zaitegik euskaratua), Etienne Salaberri eta Wiliam Shakespeareren antzezlanak (Bedita Larrakoetxeak euskaratuak) daude irakurgai Euzko Gogoan.
Telesforo Monzon Olasoren Lau kantari eta xori bat antzezlana , Antonio Maria Labaienen Jostuna (hiru aldizkaritan eskainia), Etienne Salaberriren Ohantzetik kanpo, eta Wiliam Shakespeareren Macbeth, Lear Errege (King Lear) eta Ekatxa (The Tempest) ere osorik irakur ditzakezu.

Efemerideak

1915-martxoak 27: Anastasio Albisu jaio zen Lazkaon.

1920-martxoak 27: Jon Etxaide jaio zen Donostian. "Joanak joan" eleberria izan zen Etxaideren libururik ezagunena, Euskaltzaindiaren sariketan lehen saria hartutakoa eta ondoren Kuliska Sortan argitaratua 1955ean. Harrera ona izan zuen eleberriak irakurleen eta kritikarien aldetik, baina Koldo Mitxelenak bestelako iritzia agertu zuen: "Eskasean aurkitzen dut Etxaide nobelagilea Etxaide idazlearen aldean. Nabarmenegi ageri da askotan egilearen eskua. Bere gizakiek diotena, honek erakutsi die esaten, ez baitira sarri bere baitatik mintzatzeko edo mugitzeko gauza".

1937 martxoak 27: Lourdes Iriondo jaio zen.

1899 martxoak 28: Juan Iruretagoiena jaio zen.

Agenda

"Inon izatekotan" lana aurkeztuko du eR3MU4K taldeak martxoaren 22an (asteazkena) Sestaoko musika eskolan. Korrika Kulturala.

Jon Arretxek hitzaldia emango du martxoaren 26an (asteazkena) 20:00etan Santutxuko euskal eskolan (AEK). Antolatzaile: Asapala euskara elkartea.

Anjel Lertxundik idatzitako "Mentura dugun artean" (Alberdania, 2001) liburuaz arituko dira solasean martxoaren 26an (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Hikateneoan Iban Zaldua moderatzaile dela. Egilea bera han izango da irakurleekin solastatzeko. Gasteizko irakurleen kluba.

Joan Mari Irigoien poemak irakurtzen izango da martxoaren 26an (asteazkena) 20:15etan Kalderapeko kultur guneko Literatur Jazzean. Antolatzailea: Alde Zaharreko Euskal Txokoa.

Aingeru Epalzak "Rock'n'roll" liburua izango du hizpide martxoaren 27an (osteguna) 19:30etan Ondarroako Kafe Antzokian.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitaldia egingo du martxoaren 27an (osteguna) 20:00etan Durangoko institutoan.

Unai Elorriagak "Literatura prentsan" izango du hizpide martxoaren 28an (ostirala) goizeko 9:00etan EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko Gradu aretoan (Leioa). Antolatzaile: Euskal Idazleen Elkartea.

Hasier Etxeberriak "Eulien bazka" nobela aurkeztuko du martxoaren 28an (ostirala) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Gonbidatua: Joxerra Garzia. Argitaratzailea: Susa.

Josetxo Azkonak eta Mikel Tabernak "Koilara bete hitz" eta Txokolatezko dinamita liburuak izango dituzte hizpide martxoaren 28an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, "Irakurriz dibertitzen gara" ekimenaren barrenean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: