Literatur Emailuak
62 zenbakia: 2003ko martxoaren 13an
Susa literatura argitaletxea

Pott aldizkaria duela 25 urte

Orain dela 25 urte, 1978ko martxoan, ezagutu genuen euskal literaturako banda ezagunenetako bat: Pott aldizkariaren lehen zenbakia, Pott Bandaren Berriemailea, argitaratu zuten Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi, Manu Ertzila, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikak. "Bi hitzetan adieraziko dizuegu zertan den geure konplotta. Editoriale bat egiteko bildu gara Bilbaon (...) Bitartean, hau bezalako panfletoen bitartez jakinen duzue gutaz". Editoriala ere iragarri zuten, Gabriel Arestik itzulitako T.S. Elioten "Lau Cuartetto" liburuarekin abiatzekoa zena, baina Atxagaren "Etiopia" izan zen plazaratutako bakarra. Aldizkariak beste bost zenbaki izan zituen, eta hainbat idazleren abiapuntu izan zen. Fidel Azkoaga, Mariano Arsuaga, Jose Luis Longaron, Gonzalo Etxebarria eta Kapo izan ziren aldizkarietako marrazkilariak, eta Remigio Mendiburuk sortu zuen logotipoa. Lehen zenbaki haren faksimilea ikus eta irakur dezakezue Interneten, eta aldizkari guztiak Literatur Aldizkarien Gordailuan.

Efemerideak

1703 martxoak 17: Patrizio Meagher jaio zen Donostian.

1840 martxoak 17: Patrizio Antonio Orkaiztegi jaio zen Andoainen.

1897 martxoak 17: Anton Abbadia hil zen Parisen.

1890 martxoak 18: Gabriel Manterola jaio zen Zeanurin. Berak idatzitako artikulu eta liburu guztiak bildu dituzte Eibarko Ego Ibarra gunean.

1896 martxoak 18: Joxe Ariztimuño "Aitzol" jaio zen Tolosan

Kritikari buruzko jardunaldiak Bilbon

Markos Zapiainek kritikari buruzko hiru egun antolatu ditu Bilboko Kalderapeko Kulturgunean. Hiru libururen gaineko hitzaldiak izango dira: "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak", "Lagun izoztua" eta "Rock'n'roll". Martxoaren 19an (asteazkena) 20:15etan Koldo Izagirreren "Agirre zaharraren kartzelaldi berriak" liburuari buruz ariko dira Jon Benito, Patxi Gaztelumendi eta Iñigo Aranbarri. Izagirre ere bertan izango da. Martxoaren 20an (osteguna) 20:15etan Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua" liburuari buruz ariko dira Aitzpea Azkorbebeitia, Igor Estankona eta Patziku Perurena. Sarrionandiaren ordez, Xabier Mendiguren izango da. Eta martxoaren 21ean (ostirala) 20:15etan Aingeru Epaltzaren "Rock'n'roll" liburuari buruz ariko dira Ibon Egaña, Gotzon Hermosilla eta Iban Zaldua. Aingeru Epaltza ere bertan izango da.

Agenda

"Inon izatekotan" lana aurkeztuko du eR3MU4K taldeak martxoaren 13an (osteguna) 20:30etan Laudioko gaztetxean eta martxoaren 22an (larunbata) Berako kultur etxean. (Korrika Kulturala).

"Hitzak Biluzten" errezitaldia egingo dute HUHEZIko ikasleek martxoaren 14an (ostirala) 11:30etan Eskoriatzan.

Zantzoakoek "Gerizpetatik" errezitala egingo dute martxoaren 16an (igandea) 19:00etan Azpeitiko Urtzi tabernan.(Munduko herri batean, Gernika deialdia)

Jasone Osorok hitzaldia eskainiko du martxoaren 18an (asteartea) Muskizeko liburutegian. Antolatzaile: Euskal Idazleen Elkartea.

Jose Luis Otamendik "Poema politikoak" errezitaldia egingo du martxoaren 20an (osteguna) 19:00etan Zumaiako Foronda Kultur Etxean.

Bihotz Bakartien Klubak "Poeta hilen kluba" eskainiko du martxoaren 20an (osteguna) 20:00etan Derioko institutoko areto nagusian (Korrika Kulturala).

Jon Arretxek hitzaldia emango du martxoaren 26an (asteazkena) 20:00etan Santutxuko euskal eskolan (AEK). Antolatzaile: Asapala euskara elkartea.

Aingeru Epalzakk "Rock'n'roll" liburua izango du hizpide martxoaren 27an (osteguna) 19:30etan Ondarroako Kafe Antzokian.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitaldia egingo du martxoaren 27an (osteguna) 20:00etan Durangoko institutoan.

Unai Elorriagak "Literatura prentsan" izango du hizpide martxoaren 28an (ostirala) goizeko 9:00etan EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko Gradu aretoan (Leioa). Antolatzaile: Euskal Idazleen Elkartea.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: