Literatur Emailuak
61 zenbakia: 2003ko martxoaren 6an
Susa literatura argitaletxea

Oholtza gaineko Metxa

Eneko Olasagastik, Koldo Izagirreren Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak narrazioan oinarrituta Metxa antzezlana zuzendu eta egokitu du. Donostiako Antzoki Zaharrean, 2003ko otsailaren 21ean (ostirala) estreinatu eta Euskal Herrian zehar antzezten ari dira Korrika Kulturalaren karietara. Antzerki obra osoa Interneten duzu orain irakurgai.

Manoel Antonioren Lauretatik lauretara

Duela 75 urte, 1928ko martxoan, Manoel Antonio poeta galegoaren De catro a catro. Follas sin data d'un diario d'abordo liburua argitaratu zuen Nós argitaletxeak. Poesia galegoaren baitan modernitateari bidea zabaldu zion liburu hori 1992an euskaratu zuten Iñigo Aranbarrik eta Koldo Izagirrek. Urte hartan bertan argitaratu zen zenbakitutako 60 aleko edizio berezi bat, Trintxerpen, Magosto festarako. Haren berrargitalpena duzue orain aurkezten duguna.

Efemerideak

1876 martxoak 6: Bitor Garitaonaindia jaio zen Zaldibarren.

1933 martxoak 6: Mikel Zarate jaio zen Lezaman.

1981 martxoak 9: Telesforo Monzon hil zen Donibane Lohizunen. Bere poemak irakurgai dituzu.

1908 martxoak 11: Jean Baptiste Lertxundi "Gabriel Lertxundi" izengoitaz ezagutua jaio zen Ziburun.

1898 martxoak 12: Joseba Zubimendi jaio zen Donostian. Iaz kaleratu zuten Bertso minez bere kronikak biltzen dituen liburua.

1906 martxoak 12: Jose Artetxe jaio zen Azpeitian.

1933 martxoak 12: Joxe Mari Agirre Xabier Lizardi hil zen Tolosan. Liburu hauek guztiak irakurgai daude Euskal Testuen Gordailuan: Biotz-begietan (1932), Laino eta izar (1932), Bi aizpak (1932), Umezurtz olerkiak (1934), Itz-lauz (1934) eta Ezkondu ezin zitekeen mutilla (1953). Bere poemak entzun eta irakurriko dituzu Susako webgunean.

Munduko herri batean

Munduko herri batean Remo Urroz bizi da, Remo Aginaga bizi da, Remo Etxeberri bizi da eta Remo Fernandez de Muniain ere bizi da. Guztiek apunte kaiera bana utzi digute eta guzti-guztiek badute zer esan franko. Remo Muskerrarenean, adibidez, honako hau irakur daiteke:"Hamaika aldiz ikusi dituzu telebistako irudiak. Espainol baten erretratua da. Zuek kargatzen duzue pistola eta Egunkariak egiten du tiro. Euskara: bederatzi milimetro parabellum. Emakume batek beste egunkari bat darama besapean. Eta barruan, behin eta berriro hiltzen zaituzten letra mekanografiatuak".

Gutxienez, guzti-guztiek esaldi bana daukate. Euskal Herriak baditu idazleak, beste askok bezala mundutarrentzat ametsen errotan xehatu eta ondutako testuak jaulkitzen dituzte munduko herri batean. Hori erakusten dute Euskal Herriko idazleen testu askotarikoek ere, munduaren edergarri. Euskal Herriko idazle askok, irakurle askok arnasa bezala behar du Euskal Herri bat. Bestela bere izatea bera galduko bailuke, eta horrek hiltzearen antzeko izan behar du. Pentsa ezazue bat batean norbait mundurik gabe uzten dutela. Deserrotze gordin bat. Euskal Herriak herri izaten jarrai dezan aukera zapuztu nahi dutela ari gara ikusten kezkaz larrituta. Ez dugu liburuetako orrietan aterpe hartutako Euskal Herri bat nahi. Irain bat da demokrazia liburuetan bilatu behar izatea.

Hitzarenganako ardurak egiten du pertsona idazle. Hona bildu garen idazleok ere, Euskal Herriko eta munduko beste guztiek bezala, literatura maite dugu. Ozen aldarrikatzen du hori gure idazle jardunak, baina munduko Euskal Herri batean bizi nahi dugu, Euskal Herri benetako batean, demokrazian. Munduko herri batean (Gernika Deialdia) asmoaren ingurura biltzen ari garen Euskal Herriko idazleok, bestalde, berretsi nahi dugu gure hitzaren indarra, gure asmamen eta talentuaren gaitasuna Euskaldunon Egunkaria berriro osatzearen alde jarriko dugula zeinek bere jardunaren esparrutik eta bakoitzak duen ahalmenaren arabera. Hitzak behar ditu egunkari batek egunero eta gu emateko gertu gaude.

Munduko herri batean poesia emanaldi musikatua izango da martxoaren 7an (ostirala) 20:15etan Bilboko Kalderapekon. Partehartzaileak: Iñigo Aranbarri, Bihotz Bakartien Klubeko kide bat, Lutxo Egia, Sonia Gonzalez, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi, Paddy Rekalde, Kepa Urbieta (Diapoesia), Kirmen Uribe eta Asier Serrano.

Agenda

Unai Elorriagak "Van't Hoffen ilea" nobela aurkeztuko du martxoaren 7an (ostirala) 12:00etan Donostiako Gastronomiazko Euskal Anaiartean (Elbiria Zipitria, 2) eta arratsaldeko 19:00etan Beasaingo Udaletxean. Aurkezlea: Julen Gabiria. Argitaldaria: Elkar.

Mikelazuloko poetek "Letren kilimak" ikuskizuna eskainiko dute martxoaren 8an (larunbata) 20:00etan Arteako mataderoan.Antolatzaile: Munduko herri baten ekimena.

Zantzoa taldeak "Geizpetatik" errezitaldia egingo du martxoaren 7an (ostirala) 20:15etan Zarauzko Arrano tabernan. Martxoaren 9an (igandea) 19:00etan Bihotz Bakartien klubak "Sarri gure artean" ikuskizun literarioa eskainiko du. Antolatzailea: Munduko herri batean ekimena.

Juan Martin Elexpuruk "Testu Erotikoen Gatza eta Berakatza" izango du hizpide martxoaren 10ean (astelehena) 19:00etan Eskoriatzako HUHEZI fakultatean.

Bihotz Bakartien Klubak "Poeta hilen kluba" eskainiko du martxoaren 11n (asteartea) 20:00etan Santurtziko Kresala aretoan. Korrika Kulturala.

Jasone Osoro, Paddy Rekalde eta Juanjo Olasagarre "Literatura eta Erotismoa" mahainguruan izango dira martxoaren 12an (asteazkena) 11:30etan Eskoriatzako HUHEZIN.

Iban Zalduarekin "Obabatiko tranbia" izango dute hizpide internautek martxoaren 12an (asteazkena) 18:30etatik 19:30etara txat batean. Nontzeberri eta Korrika 13ren guneetatik izango duzue txatera sarbidea. Antolatzailea: Korrika ziberkulturala.

Ziberkuturalaren eskutik, martxoaren 12an, 18:30etatik 19:30etara literatur solasaldia Iban Zaldua idazlearekin txat batean. www.nontzeberri.com edo www.korrika.org webguneetatik sartuta.

"Inon izatekotan" lana aurkeztuko du eR3MU4K taldeak martxoaren 13an (osteguna) 20:00etan Laudioko gaztetxean eta martxoaren 14an (ostirala) 21:00etan Igorreko Axular tabernan.

"Hitzak Biluzten" errezitaldia egingo dute HUHEZIko ikasleek martxoaren 14an (ostirala) 11:30etan Eskoriatzan.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: