Literatur Emailuak
2003ko otsailaren 20an [zenbaki berezia]
Susa literatura argitaletxea

Elkartasunezko Emailua

"Euskaldunon Egunkaria"ren kontra egindako erasoaren aurrean arbuioa adieraztearren, eta atxilotuei eta Egunkaria-ko langileei elkartasuna, klik bat gehiago egin beharko duzu susa-literatura.eus eta Literatur Aldizkarien Gordailuaren guneetako edukietara iristeko. Literatur Emailu berezi hau ere izan dadila elkartasun agiri bat. Otsailaren 22an (larunbata) 17:30etan manifestazioa egingo da Donostian, Antiguatik abiatuta.

Egunkaria eta Jakingunea webguneak etenda

Gaurko literaturak daukan webgune argigarrienetarik bat sortu zuen "Euskaldunon Egunkaria"k 2002ko martxoan, Juan Luis Zabalak gidatua: www.egunkaria.com/literatura. Eten egin dute epailearen aginduz. Eta berdin, momentuz, www.jakingunea.com orrialdeak eskaini eta Joan Mari Torrealdaik gidatutako XX. mendeko euskal liburuen bibliografia ere ez dago erabilgarri.

Euskalzale eta Resurreccion Maria Azkue

Resurreccion Maria Azkuek 1897ko urtarrilean Bilbon sortutako "Euskalzale" albistegia argitaratzeari utzi egin behar izan zion 1900ean, Bizkaiko gobernadoreak debekatu egin baitzion euskara hutsez agertzea 1899ko irailaren 27an. Orduan Azkuek aldizkariaren 38. zenbakia elebitan eman zuen: ezkerrean euskara hutsez eta eskuinean espainolez. Gobernadoreak 100 pezetako izuna jarri zion horregatik urrian. Harrezkero "Euskalzale" ez zen gehiago argitaratu. Hala eta guztiz, 1902an lekukoa hartu zuen "Ibaizabal" agerkariak, Ebaristo Bustintza "Kirikiño"k gidatua.

Olerti eta Santi Onaindia

Santi Onaindiak 1959an Zornotzan sortutako Olerti literatur aldizkaria argitaratzea debekatu egin zuten 1969an (1966ko Manuel Fragaren Legea edo Ley de Prensa e Imprenta delakoa baliatuta). "Olerti" aldizkariak 28 zenbaki argitaratu zituen hamaika urte haietan. Santi Onaindiak arazo franko izan zituen aurretik ere Zentsurarekin; Poliziak 1955eko martxoan bisita egin zion "Milla euskal olerki eder" liburua bahitu nahian, baina idazleak lortu zuen argitalpen zati bat gordean salbatzea. Olerti aldizkariaren bigarren aroa ezin izan zuen abiatu 1980ra arte.

Jakin ere debekaturik

Arantzazuko frantziskotarrek sortu zuten "Jakin" 1956an. Joan Mari Torrealdaik gidatzen zuelarik, 1969ko abuztuan "Jakin" aldizkaria ere debekatu egin zuen Manuel Fragaren Legeak. Karlos Santamaria saiatu zen orduan lan diplomatikoak egiten; Lojendio abadearengana jo zuen Valle de los Caidos-ko monastegira, ezagutzen baitzuen Joxe Artetxek lortzen zuela 50etan Gipuzkoako Zentsurako Fernando Urrutia gainez pasa eta Lojendioren bitartez Madrilera zuzenean iristea. Baina Santamariak ez zuen deus ere erdietsi ahal izan. Jakin aldizkaria 1977ra arte ez zen berriro argitaratu.

Egin itxi eta liburuak bahiturik

Epaile-aginduz Orain editorialaren "Egin" egunkaria 1998ko uztailean ixtearekin batera, 1995 eta 1996 urteetan Orain-ek argitaratutako literatur liburuek bahiturik jarraitzen dute; besteak beste idazle hauenak: Etxepare, Axular, Mogel, Kirikiño, Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Mirande, Aresti, Larzabal, Txillardegi, Saizarbitoria, Urretabizkaia, Izagirre, Sarrionandia.