Literatur Emailuak
57 zenbakia: 2003ko otsailaren 6an
Susa literatura argitaletxea

"Escritor vasco / Euskal idazlea" polemika (II)

Aurreko astean helarazi genizuen1978an izandako "Escritor vasco / Euskal idazlea" eztabaidaren lehen artikulu-multzoa. Oraingoan beste hainbat egileren iritziak gehitu dizkiogu: Elías Amezaga, Martin Ugalde, Ramón Buckley eta Jon Urrujulegi. Datorren astean argitaratuko dugu sail horretako azken emaitza.

Donostiako herri literatura euskaraz.net gunean

Donostiako XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako egileen testuak batu ditu Donostiako Euskararen Patronatuak euskaraz.net gunean. Toribio Alzaga, Martzelino Soroa, Ramon Artola, Pepe Artola, Bitoriano Iraola eta Antonio Arzak idazleen lanak jasoko ditu. Oraingoz, Toribio Alzagaren lau testu ("Neskazar", "Amantxi", "Aterako gera", "Biozberak") Bitoriano Iraolaren "Au poza senti det eta beste bertso asko", Ramon Artolaren "Ipuiak edo kontutxoak I eta II" eta Antonio Arzaken "Idazlan-sorta" bildu dituzte herri literaturaren txoko honetara.

Mikel, Antxon, Joxan, Pello eta Sabintxo

Duela 25 urteko Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna elkarrizketa-atalean, Saizarbitoriak eta Izagirrek ikastolako bost gaztetxo eraman zituzten Zeruko Argiako orrialdeetara: Mikel, Antxon, Joxan, Pello eta Sabintxo. Argazkiak ere baziren, baina begiak estalita. Aldizkariko zenbaki hartan, Perturren desagerketari buruzko datu berriak izan ziren gai nagusia, eta Joseba Sarrionandiaren ipuin labur batzuk eta Koro Navarroren liburu kritika ere aurki zitezkeen.

Efemerideak

1840 otsailak 6: Joan Mateo Zabala hil zen Zarautzen.

1934 otsailak 7: Juan Anjel Etxebarria jaio zen Santurtzin. Euskalerrian, euskera debekatua! Esanak ederrak eta egiñak pobreak 1970. urtean egindako idazkia duzu irakurgai.

1894 otsailak 9: Manuel Lekuona jaio zen Oiartzunen.

1962 otsailak 12: Leon Leon hil zen Ustaritzen.

Agenda

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik liburuari buruz berbetan arituko da otsailaren 7an (ostirala) 19:30etan Mungiako Torrebillela Kultur Etxean.

Iban Zalduak "Ipuinak, gezurrak, traizioak" hitzaldia eskainiko du otsailaren 14an (ostirala) 19:30etan Mungiako Torrebillela Kultur Etxean.

Euzko-Gogoa aldizkariaren berrargitalpena aurkeztuko da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, otsailaren 17an (astelehena), goizeko 11:00etan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, aldizkaria osorik jarriko da Interneten.

Anjel Lertxundik "Zorion perfektua" nobela izango du hizpide otsailaren 26an (asteazkena) 20:00etan Deustuko Irakurlearen Txokoan.

"XXI. mendeko idazle berriak" izeneko erakusketa Balmasedako Ateneoan egongo da ikusgai otsailaren 7tik (ostirala) 24ra (astelehena). 1969. urtetik hona jaiotako idazleen lanak, argazkiak eta ahotsa ikusi, irakurri eta entzun ahalko ditu bertaratzen denak. Antolatzailea: Euskal Idazleen Elkartea.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: