Literatur Emailuak
55 zenbakia: 2003ko urtarrilaren 23an
Susa literatura argitaletxea

Juan Luis Zabalaren "Hautsia natza" sarean

1999an Felipe Arrese Beitia saria irabazi zuen Juan Luis Zabalak Hautsia natza liburuaz. Hurrengo urtean argitaratu zen paperean eta orain, urte bi pasatu eta gero, Susako web gunean irakur daitezke liburu horretako 67 poemak.

Teatroa.com etengabe berritzen

Euskal teatro testuak biltzen duen gunea da teatroa.com. Etengabe berritzen ari da, antzerkigile eta zaleek testuak bidali ahala, eta dagoeneko 77 antzezlan batu ditu Mikel Martinez aktoreak. Horietako 42 euskaraz sortuak dira, 19 itzulpen, haurrentzat sortutako 8 antzezlan eta eskoletako umeek egiteko pentsatutako beste 6 teatrolan. Azken asteotan gehitutako lanen artean: Kontenedore baten istorioa, Errenta, Shakespeareren lan ugari eta Anarkista baten ezusteko heriotza.

Halaber, Mikel Martinez kide duen taldeak, Maskaradak, bere ibilbide osoan taularatutako 22 antzezlanen informazioa publikatu berri du web "entziklopediko" batean (eskuprogramak, kartelak, argazkiak, jantzi eta eskenografien bozetoak, bideoak eta audioak...).

Claudia Cardinaleren dezepzioa

Aurreko asteko gaiari jarraituta, Claudia Cardinale sekuestratzeko plana zelan amaitu zen kontatzen ziguten aste hartako Baietz astea gaizki bukatu sailean,eskoletan euskara sartzearen eztabaidarekin batera. Zeruko Argia-ko zenbaki hartan ere Martin Villak esandako "Dos a uno a nuestro favor" esaldi famatuaren sorburuan dauden hilketak izan ziren gai nagusia.

Efemerideak

1928 urtarrilak 23: Antonio Zabala jaio zen Tolosan. Auspoa bilduma abiatu zuen 1961. urtean.

1869 urtarrilak 25: Fermin Irigarai "Larreko" jaio zen Auritzen.

1906 urtarrilak 26: Andima Ibiñagabeitia jaio zen Elantxoben. Susak 2000. urtean argitaratu zituen bere gutunak Erbestetik barne minez liburuan.

1982 urtarrilak 27: Nemesio Etxaniz Donostian hil zen. Bere poemak irakurtzeko eta entzuteko moduan dituzu: XX. Mendeko Poesia Kaierak

1766 urtarrilak 29: Manuel Larramendi hil zen Loiolan.

1930 urtarrilak 29: Martin Landerretxe hil zen.

Agenda

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" testu errezitaldia egingo du urtarrilaren 24an (ostirala) 22:00etan Laudioko gaztetxean.

Bernardo Atxaga hizlari izango da urtarrilaren 29an (asteazkena) 17:00etan Livornon burutuko diren Memorie periferiche izeneko topaketetan. Egun berean Bilboko Antzerkiola Imaginarioak akzio bat egingo du Livornoko portuan.

Unai Elorriagak "SPrako tranbia" izango du mintzagai urtarrilaren 29an (asteazkena) 20:00etan Santutxuko AEKn (Arbidea 21) Asapala elkarteak antolatutako Irakurlearen Tartean.

Ana Urkizak "Bazterreko ahotsa" poema liburua aurkeztuko du urtarrilaren 29an (asteazkena) 20:15etan Kalderapekoko Literatur Jazzean Bilboko Four Friends jazz-blues taldeak lagundurik.

Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik liburua izango dute hizpide Gasteizko irakurle klubean urtarrilaren 29an (asteazkena) 20:00etan Hikateneoan.

"Bost idazle, irakurle baten begietatik" solasaldia eskainiko du Hasier Etxeberriak urtarrilaren 30ean (osteguna): 20:00etan Iruñeko Erraldoien Txokoan (Deskalzos kalea, 72).


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: