Literatur Emailuak
53 zenbakia: 2003ko urtarrilaren 9an
Susa literatura argitaletxea

Literatur Emailuek urtebete

Duela urtebete ekin genion Literatur Emailuok zabaltzeari, eta tarte horretan 30etik gora web argitalpen eskaini ditugu, asteroko agenda, efemeride eta albisteekin batera. Horietarik nagusienak orri berezi batean bildu ditugu, eskurago eta guztiak batera izan ditzazuen.

Joxemi Zumalabe hil zela 10 urte

1993ko urtarrilaren 12an hil zen Joxemi Zumalabe, euskalgintzako hainbat arlotan bezala, Susa argitaletxearen hastapenetan ere hainbesteko ekarria egindakoa. Efemeride horren karietara, bi argitalpen eskaini nahi ditugu aste honetan: batetik, Anton Santamaria eta Jose Anjel Eizmendirekin batera idatzitako Makina antzezlana, 1969an kaleratua, eta Josu Landarekin batera burututako Ipurtargi beltza (1983), oso-osorik, Joxemiren marrazkiak barne.

Astea gaizki bukatzeko modurik ez

Zeruko Argia-ren urte hasierako zenbaki bikoitzaren (767-768.a) ostean, 1977ko urtarrilaren 8an ez zen Baietz astea gaizki bukatu sailik argitaratu. Aste honetan, beraz, ezin gozatu, Koldo Izagirreren eta Ramon Saizarbitoriaren artikuluez.

Efemerideak

1935 urtarrilak 9: Jean Etxepare Bidegorri hil zen.

1988 urtarrilak 11: Piarres Larzabal hil zen Donibane Lohizunen. Bere antzerki lanak, irakurtzeko moduan daude Teatroa.com gunean.

1920 urtarrilak 14: Txomin Agirre hil zen Zumaian. Kresala liburua osorik dago, Euskal Testuen Gordailuan. Santi Onaindia, luze eta zabal mintzo da Olerti aldizkarian Txomin Agirre idazlea eta bere obrari buruz.

1931 urtarrilak 15: Roger Idiart jaio zen Azkainen.

Agenda

"Hamar mezu eta dei bat" ikuskizuna eskainiko dute Patxi Zubizarreta, Unax Ugalde eta Mikel Urdangarinek urtarrilaren 9an (osteguna) 20:30etan Gasteizko Principal antzokian.. Literatura Unibertsaleko idazleen maitasun testuetan oinarrituta dago ikuskizuna. Antolatzailea: Geu Gasteiz.

Unai Elorriagak "SPrako tranbia" izango du mintzagai urtarrilaren 15ean (asteazkena) 19:00etan Eibarren, Portaleko areto nagusian. Antolatzailea: Eta Kitto! aldizkaria.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: