Literatur Emailuak
52 zenbakia: 2003ko urtarrilaren 2an
Susa literatura argitaletxea

Emeterio Arreseren Olerki berrizte

Duela 50 urte, 1952an, argitaratu zen Emeterio Arrese poeta tolosararen Olerki berrizte poema liburua. Aurretik beste bi poema liburu eman zituen argitara: "Nere bidean" (1913) eta "Txindor" (1932). Orain aurkezten duguna, argitaratu zuen azkena izan zen, egileak laurogeita bi urte zituelarik. Bertan, aurreko liburuetako poemak hautatu eta orraztu zituen, eta baita azken urteetako poema berriak gehitu ere. Emeterio Arreseri buruzko zertzeladak ere irakur ditzakezu.

Pedro Berrondo itzultzailea hil da

Pedro Berrondo apaiz itzultzailea hil da 2002ko abenduaren 27an. Oiartzunen (Gipuzkoa) sortua 1919an, bera izan zen "Don Kixote Mantxa'ko" osorik euskaratu zuena. Oh! Euzkadi aldizkariaren 2. zenbakian harekin egindako elkarrizketa luzea irakur daiteke. EIZIEko ohorezko bazkidea zen.

Ave Cesar, agur tú

Hizkuntz politika eta elebitasunak sortutako hainbat korapilo jorratzen zituzten Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriak Baietz astea gaizki bukatu saileko 1978ko lehen artikuluan. Ave Cesar, agur tú izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren ale hartako beste zenbait eduki: 1977. urteko bilana, Bardeetako tiro poligonoa, Charles Chaplinen heriotza...

Efemerideak

1895 urtarrilak 3: Mixel Elizanburu hil zen Hazparnen. Euskal testuen gordailuan bi liburu irakurriko dituzu: Lehenagoko Euskaldunak zer ziren (1889) eta Frantziako hirur Errepubliken ixtorioa laburzki (1890).

1926 urtarrilak 3: Emile Larre jaio zen Baigorrin.

1813 urtarrilak 4: Luis Luciano Bonaparte jaio zen.

1864 urtarrilak 4: Pepe Artola jaio zen Donostian.

1920 urtarrilak 4: Jean Diharce "Iratzeder" jaio zen Donibane Lohizunen.

1782 urtarrilak 7: Mattin Larralde "Bordaxuri" jaio zen Hazparnen.

1983 urtarrilak 7: Joan Inazio Goikoetxea "Gaztelu" hil zen.

1888 urtarrilak 8: Julene Azpeitia jaio zen Zumaian.

Agenda

Bihotz bakartien klubak "Poeta hilen kluba" ikuskizuna (poesia, musika eta irudia) eskainiko du urtarrilaren 3an (ostirala) 22:00etan Debako gaztetxean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: