Literatur Emailuak
50 zenbakia: 2002ko abenduaren 19an
Susa literatura argitaletxea

Agustin Anabitarteren Donostia

Agustin Anabitartek duela 70 urte argitaratu zen Donostia nobela. Euskaltzaindiak antolatutako Schuchardt Saria irabazi eta Euskera aldizkarian agertu zen zatika lehenik, eta Editorial Vasca etxearen eskutik liburuan 1932an. XIX. mende amaierako Donostia nolakoa zen azaltzea izan zuen helburu Anabitartek. Idazleari eta bere obrari buruzko zenbait xehetasun lagungarrirekin, Donostia eleberria eskaintzen dizugu osorik sarean.

Beterriko Liburua sarean

Beterriko Liburua ekimenak eta aldizkariak webgunea dute, Larramendi Bazkunak sortua. Beterriko Liburua aldizkarian 1999eko udazkenetik hona plazaratutako eduki nagusiak irakurriko dituzu; adibidez: idazleekin elkarrizketak (Iturbe, Elexpuru, Oñederra, Iturralde, Zabala, Izagirre Saizarbitoria, Mintegi, Elorriaga, Rozas, Uribe, Etxeberria, Landa, Igerabide, Sastre), eta baita ere idazleak beren liburuei buruz jardunean (Txillardegi, Ugalde, Irigoien, Urretabizkaia, Lertxundi, Igerabide, Artze). Beterriko Liburua Literatur Aipamenei buruzko xehetasunek eta kronikek leku zabala hartu dute webgunean.

Berriz ere

1977ko abenduaren 18ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Berriz ere izan zuen izenburua. Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: Fran Aldasororen askapenaz. Barruan beste zenbait eduki: "Ipurbeltz" aldizkariaren lehen alea plazara, Juan Luis Goenagaren erakusketa, Joseba Sarrionandiak Xabier Gereñoren nobela bati egindako kritika, Itxaro Bordaren bertsoak Xabier Leteri. Hurrengo asteko artikulua: "Parlamentariek ez omen dute aurreautonomiarik lortu".

Efemerideak

1899 abenduak 19: Nemesio Etxaniz jaio zen Azkoitian.

1961 abenduak 10: Jean Etxepare Landerretxe hil zen.

1965 abenduak 20: Salbatore Mitxelena hil zen Suizan

1690 abenduak 25: Manuel Larramendi jaio zen Andoainen.

1915 abenduak 26: Sebastian Salaberria jaio zen Oiartzunen.

Agenda

Ixiar Rozas idazlea eta Mattin marrazkilaria Bilboko Likiniano liburudendan izango dira abenduaren 18an (asteazkena) 20:00etan "Yako eta haizea" liburuaren gainean berbetan.

Hasier Etxeberriak "Bost idazle" liburua izango du mintzagai abenduaren 18an (asteazkena) 20:00etan Deustuko Bidarte Etxean burutuko den Irakurleen Txokoan. Antolatzailea: Berbaizu.

Bohumil Hrabalek idatzitako "Zorrotz begiratutako trenak" (Fernando Reyk euskaratua) eta Isaac Bashevis Singerren "Zortzi kontakizun" antologia (Koro Navarrok euskaratua) Literatura Unibertsala bildumaren aro berriko lehen bi aleak aurkeztuko dituzte abenduaren 19an (osteguna) 11:00etan Donostiako KM kulturunean. Argitaldariak: Alberdania eta Elkar

Xabier Kintanak Yehudah ha-Levi olerkari tuterarraren "Haizearen hegaletan" poesia-liburua aurkeztuko du abenduaren 19an (osteguna) 12:00etan, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan (Plaza Barria, 15). Liburua hebreeraz, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du EHUk.

Joseba Sarrionandiaren gaineko Literatur Jazza iragarri du Kalderapeko kultur guneak abenduaren 19an (osteguna) 20:15etan.

Paddy Rekalde eta Fermin Muguruzak solasaldia izango dute abenduaren 20an (ostirala) 20:15etan Kalderapeko kulturgunean.

Bihotz bakartien klubak "Poeta hilen kluba" ikuskizuna eskainiko du abenduaren 20an (ostirala) 22:00etan Dimako Jentilzubi elkartean.

Mikel Markez eta Pako Aristik "Abiadura handiko urte baten kronika" eskainiko dute abenduaren 20an (ostirala) 22:00etan Zestoako kultur etxean.

Koldo Amestoi helduentzako ipuinak kontatzen arituko da abenduaren 21ean (larunbata) 20:30etan Txantreako Biltoki elkartean (Iruñea).

Unai Elorriagak eta Julen Gabiriak "Larrabetzurako tran2a" elkarrizketa eskainiko dute abenduaren 30ean (astelehena) 20:00etan Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Bihotz bakartien klubak antolaturik.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: