Literatur Emailuak
49 zenbakia: 2002ko abenduaren 12an
Susa literatura argitaletxea

Oscar Wilderen Ipuñak duela 75 urte

1927ko abenduaren 15ean Oscar Wilderen Ipuñak liburua argitaratu zuen Verdes-Atxirika etxeak Bilbon, Joseba Altunak euskaratua eta Ander Jauregibeitiaren irudiez apaindua. Liburuko hitzaurreak argitzen digu itzulpena 1927ko martxoan amaitu zuela Altunak. Duela 75 urte plazaratutako bilduman sei ipuin dituzu irakurgai, orain sarean berrargitaraturik eskaintzen dizkizugunak. Joseba Altuna Aldasorok (Bilbo, 1888-1971) Oscar Wilderen ipuinak ez ezik, Esoporenak, Grimm anaienak, Juan Iturralde Suitenak eta Afanasievenak euskaratu zituen, eta baita ere Manu Sotaren zenbait antzezlan.

Txistu y tamboliñ... eta dietan jarrai

Zenbaki berria argitaratu du Txistu y Tamboliñ aldizkariak Interneten, Txistu y Tamboliñ... eta dietan jarrai izenburuarekin. Bost ipuin, poemak, itzulpen labur ugari, bidai-kronika... eta editoriala, honelaxe hasten dena: "Euskal Bonba Atomikoa egiteko, materiaren funtsera joan behar dugu. Eta zer daukagu?".

Igela argitaletxearen webgunea

Igela argitaletxeak ia 50 liburu argitara emanak ditu 1988ko apirilaren 14an sortuz geroztik. Webgune berria dauka, Patxi Uhartek atondua: katalogo osoaz gainera, liburu batzuen irakurketa gidak eskaintzen ditu, idazle hauenak: Machado de Assis, Stevenson, Chandler, James M. Cain, Scott Fitzgerald, Jim Thompson, Chester Himes, Henry James, Jack London eta Dashiel Hammett.

Putz eta Ostiela! berriak

Putz aldizkariak 18. zernbakia argitaratu du: "Komunzuloko kontuak" izenburupean, egoki ilustratutako monografikoa dakar. Eta gainera, Putz aldizkariaren Apokaliftin elkarteak, Eneko Barberenaren "Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk" lehen ipuin liburua argitaratu berri du (21 narrazioz). Bestalde, Ostiela! aldizkariaren 27-28 zenbaki bikoitza agertu da; "Etxebizitza: espekulazioaren egoera, okupazioaren aukera" monografia dakar. Eta gainera, egundaino argitaratutako aleetako zenbait eduki jaso dituzte cd batean.

Baietz astea

1977ko abenduaren 11ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluak Baietz astea izan zuen izenburua, non Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak aitortu zuten: "Pues bai, gu futbolzale amorratuak gara". Zeruko Argia aldizkariaren azalak honela zioen: "Emakumeak burrukan", gerra garaiko emakume anarkistez. Barruan beste eduki batzuk: Antton Olariagaren Hormasprayko, Ibon Sarasolaren "Hitz bitan" saileko lehen artikulua, Jon Sendagortaren "Artea eta anarkismoa" artikulua.

Efemerideak

1946 abenduak 11: Daniel Landart jaio zen Donostirin.

1842 abenduak 13: Jose Manuel Etxeita jaio zen Mundakan.

1897 abenduak 13: Joanes Otsalde hil zen Bidarrain.

1909 abenduak 13: Estanis Urruzola "Uxola" jaio zen Tolosan.

1906 abenduak 14: Patxi Unzurrunzaga editorea jaio zen Donostian. Itxaropena argitaletxean Kuliska Sortaren sortzailea izan zen.

1946 abenduak 14: Luzien Etxezaharreta jaio zen Hazparnen. Maiatz aldizkaria sortu zuen duela 20 urte.

1996 abenduak 16: Alfontso Irigoien hil zen Bilbon.

Kalderapeko kulturguneak bost urte

Abenduaren 18an, Kalderapekok, AEK-k Bilboko Zazpi Kaleetan duen kulturguneak, bost urte egingo ditu. Bi helburu izan zituen AEK-k Kalderapekoko Kulturgunea zabaldu zuenean: alde batetik, euskara ikasten ari direnei euskaraz bizitzeko aukera ematea, euskara euskaltegiaren lau hormen artean ikasten den hizkuntza baino, zerbait bizia dela erakutsi, eta euskaraz garatzen den mundu oso bat dagoela ikustarazi; bost urte hauetan ugariak izan dira Kalderapekon garatu diren kultur ekitaldiak. Aipagarriak dira liburu aurkezpenak, Literatur Jazza hileroko poesia errezitala, ipuin kontakizunak eta hitzaldi eta mahainguruak. Bosgarren urtemuga hau ospatzeko ekitaldi ezberdinak izango dira: abenduaren 19an (osteguna) 20:15etan Joseba Sarrionandia izango da Literatur Jazzean eta abenduaren 20an (ostirala) 20:15etan Paddy Rekalde eta Fermin Muguruzak solasaldia izango dute.

Agenda

Mikel Martinez eta Patxo Tellerria aktoreek Bernardo Atxagaren "Lezio berri bat ostrukari buruz" testuaren irakurketa egingo dute abenduaren 11n (asteazkena) 20:00etan Bilbon Arte Eder Museoan.

Jon Arretxek "Ekialdeko mamua" aurkeztuko du abenduaren 12an (osteguna) 20:00etan Basauriko Ibaigane kultur etxean.

Joan Mari Irigoienek "Ipuin batean bezala" liburua aurkeztuko du abenduaren 13an (ostirala) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaldaria: Elkar.

Unai Elorriagak "SPrako tranbia" izango du hizpide abenduaren 13an (ostirala) 19:45etan Iruñeko Zaldiko Maldiko Kultur Elkarteko "Irakurriz Dibertitzen Gara" ekimenaren lehenbiziko saioan.

Aurelia Arkotxak "Septentrio" liburua jendaurrean aurkeztuko du abenduaren 13an (ostirala) 20:30etan Baigorriko Herriko Etxean. Antolatzailea: Basaizea elkartea.

Ixaka Lopez-Mendizabalen heriotzaren 25. urteurreneko ekitaldien barruan abenduaren 13an (ostirala) 19:30etan bere oroitarria bisitatuko dute Tolosan, eta ostean mahaingurua egingo da Kultur Etxean. Han izango dira Xabier Lopez-Mendizabal (zertzeladak), Ramon Labaien (XX.mendearen hasierako Tolosako kultur giroaz) eta Aita Joseba Gogorza (ideologiaz). Moderatzaile: Antton Izagirre.

Ibiltarixanak ikuskizuna (Iñigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi eta Bide Ertzean taldea) Bartzelonan izango da abenduaren 14an (larunbata) 22:00etan La Farinera del Clo aretoan. XX. mendeko poesian oinarritutako ikuskizun azken emanaldia izango da.

Bernardo Atxagak abenduaren 15ean (igandea) 12etan Bartzelonako Kosmopolis literatura jardunaldietan parte hartuko du Ales Debeljak, Monika Zgustova, Chris Keulemans, Maria Barbal eta Bashkim Shehu idazleekin batera.

Ixiar Rozas idazlea eta Mattin marrazkilaria Bilboko Likiniano liburudendan izango dira abenduaren 18an (asteazkena) 20:00etan "Yako eta haizea" liburuaren gainean berbetan.

Bihotz bakartien klubak "Poeta hilen kluba" ikuskizuna eskainiko du abenduaren 20an (ostirala) 20:00etan Dimako Jentilzubi elkartean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: