Literatur Emailuak
46 zenbakia: 2002ko azaroaren 21ean
Susa literatura argitaletxea

Maiatz-en literatur solasaldiak

Hiru ekitaldi izango dituzte aurten Maiatz literatur elkarteak antolatutako solasaldiek. Azaroaren 25ean (astelehena) 19:30etan Senpereko Oxkitenian aurkeztuko ditu Hatsa elkarteak berriki argitaratutako liburuak: Bego Sestaoren "Gaztetxe Zizurkil", Joakin Balentziaren "Egunkari ezkutua" eta Auxtin Zamoraren "Trapuetan haizea". Azaroaren 26an (asteartea) 19:30etan Baionako Triki ostatuan (Kordelieren karrikan) Itxaro Bordaren poema liburua aurkeztuko du Maiatz argitaletxeak: "Hautsak errautsa bezain / Tant la cendre que la poussière". Azaroaren 27an (asteazkena) 19:30etan Baionako Triki ostatuan Bernard Lesfargues poeta okzitaniarraren inguruko arratsa izango da.

XXI. mendeko idazle berriak

Euskal Idazleen Elkarteak "XXI. mendeko idazle berriak" izeneko erakusketa paratu du Deustuko Bidarte Kultur Etxean. 1969. urtetik hona jaiotako idazleen lanak, argazkiak eta ahotsa ikusi, irakurri eta entzun ahalko ditu bertaratzen denak. Erakusketa ibiltaria izango da, eta abenduaren 2ra arte izango da Deustuan; ostean Durangora eramango dute, Liburu Azokaren egunetan. Erakusketa honen aurkezpen publikoa azaroaren 27an (asteazkena) 19:00etan izango da, poesia eta prosa irakurtaldia egingo du zenbait idazlek: Lutxo Egia, Igor Estankona, Jon Benito, Aritz Gorrotxategi, Castillo Suarez... Asier Serranok gitarraz lagunduta.

Deserriko karrikak

Mikel Ibargurenek Deserriko karrikak bere bigarren poema liburua aurkeztu zuen azaroaren 20ko arratsaldean Baionako Mattin liburudendan egindako errezitaldian. Egilearekin batera Jon Benito idazleak parte hartu zuen. Ibargurenek 1996an argitaratu zuen lehen poema liburua: Hemen gauak lau ertz ditu, hura ere Susa argitaletxearekin.

Baietz astea gaizki bukatu

Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak Prentsa herriaren harma (omen) izenburua eman zioten 1977ko azaroaren 20ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluari (Kepa Enbeitak Eibarren kantatutako bertsoak amaieran). Zeruko Argia aldizkariak Amnistiaren Aldeko Batzordeei buruz jardun zuen azalean eta erreportaian; barruan: Jose Luis Zumetaren marrazki bat, Joseba Sarrionandiaren artikulua Eisenstein eta Jancso zinemagileez; eta kontrazalean Eduardo Txillidaren argazkia eta eskuizkribua: "Adarrak zuek, erroak gu".

Efemerideak

1971 azaroak 23: Klaudio Sagarzazu "Satarka" hil zen Hondarribian.

1942 azaroak 24: Joan Mari Torrealdai jaio zen Foruan.

1866 azaroak 26: Martin Hiribarren hil zen Baionan. Txistu y tamboliñ aldizkariak Montebideoko berriac eskaintzen dizu.

Alberdaniaren aurkezpenak

Durangoko Liburu eta Disko Azoka hurbildu ahala, ugaritu egin dira liburu aurkezpenak. Alberdania argitaletxeak datozen egunotan lau liburu presentatuko ditu euskaraz. Azaroaren 26an (asteartea)12:00etan Iban Zalduak "Obabatiko tranbia" (Zerberri saileko saiakera) aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian. Azaroaren 28an (osteguna) 12:00etan "Gorroto haut" ipuin liburuaren berri emango dute toki berean. Liburuak hainbat idazleren narrazioak biltzen ditu : Joxean Sagastizabal, Aritz Gorrotxategi eta Unai Elorriaga, besteak beste. Azaroaren 29an (ostirala)12:00etan Donostiako Udaletxean Joseba Zubimendiren "Bertso-minez", Koldo Izagirrek apailatutako artikulu bildumaren berri emango dute. Azkenik, Anjel Lertxundik abenduaren 2an (astelehena) "Zorion perfektua" nobela presentatuko Donostiako Udal Liburutegiko sotoan.

Agenda

"Hitzak eta giltzak" liburua izango du hizpide Iñigo Aranbarrik azaroaren 20an (asteazkena) 20:00etan Azpeitiako Aitonena aretoan "Euskara eta ideologia" izenburuko hitzaldian.

Diapoesia emanaldia (diapositibak eta poemak) egingo dute azaroaren 21ean (osteguna) 13:00etan Bilboko Ingeniaritza eskolan.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitalak egingo ditu azaroaren 21ean (osteguna) 19:30etan Amurrioko liburutegian eta azaroaren 22an (ostirala) 22:00etan Zaldibarko eskolako aretoan. Gitarra elektrikoa: Txomin Uribe. Zuzeneko margolana: Josu Aranbarri.

Koldo Izagirre "Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak" liburuaz solastatuko da azaroaren 21ean (osteguna) 19:30etan Berriozarko Udal Liburutegian. Antolatzailea: Zorroka Elkartea.

"Ekialdeko mamuak" kronika liburua aurkeztuko du Jon Arretxek azaroaren 22an (ostirala) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaldaria: Elkar.

Literatur-jazzak Mikelazuloko Poetak gonbidatuko ditu errezitalera. Azaroaren 27an (asteazkena) 20:30etan Bilboko Kalderapeko kulturunean izango dira Miren Salaberria, Garazi Urdanpilleta, Ane Gojenola, Aitzol Ezeiza, Asier Sarasola, Ander Fernandez eta Urtzi Urkizu. Jazz doinuak pianoz, Jeronimo Martinen eskutik.

Javier Cilleroren "Hollywood eta biok" (Alberdania, 1999) izango dute hizketagai azaroaren 28an (osteguna) Gasteizko irakurle klubean.

Victor Hugori buruzko erakusketa paratu du Bilbao Bizkaia Kutxak Bilboko Gran Via kaleko aretoan azaroaren 30 arte. Victor Hugoren liburuez gain, berak egindako marrazkiak ere badaude.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: