Literatur Emailuak
43 zenbakia: 2002ko urriaren 31n
Susa literatura argitaletxea

Jon Miranderen 24 poema faksimilean

"Adiskide batek eskatu deraut ene euskal olerki aldizkarietan han-hemenka argitarazi edo orain arteo argitarazi gabekoetan aukera egin eta neure usteko hoberenak bilduman eman ditzadan"; horiek izan ziren Jon Miranderen hitzaurreko lehen hitzak 24 poema izeneko libururako, 1953an. Hutsean gelditu zen asmoa. Hogeita hamar urte geroago, Frantzisko Miangolarrak Xabier Olarrari utzi zion bilduma hura, eta honen bitartez sarera ekarri ditugu orain faksimilean: 24 poema eta "Behiak" ipuina, hitzaurrearekin batera. Xabier Olarrak sarrera argigarria idatzi du argitalpen honetarako.

Bide batez, Jon Miranderi Andima Ibiñagabeitiak 1953ko otsailean Parisen egindako elkarrizketa irakurtzea aholkatzen dizugu (Olerkariarenean, Gernika aldizkariaren 23. zenbakian plazaratua), han ezagutarazi baitzen lehenengoz liburu asmo hura. Miranderen gutunak liburuan ere badira zenbait aipamen.

250 liburu kritika

2002ko urtarriletik egundaino prentsa idatzian agertutako 250 liburu kritika batu ditu Susa argitaletxearen webguneak kritika-hemeroteka sailean, helduen literatura alorreko ahalik eta gehienak jasotze aldera. Astero-astero berritzen dugun hemeroteka duzu. 2001ean argitaratutakoak ere kontsulta ditzakezu (258 kritika). Denera berrehun liburu baino gehiagori buruzko iruzkinak dauzkazu. Biltzea ahantzi dugunik eskura baduzu, susanews@armiarma.eus helbidera igorri eta ahalik eta lasterren paratuko dugu.

Baietz astea gaizki bukatu

Zer egingo diogu ba izenburuz agertu zen 1977ko urriaren 30eko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatua. Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: "Espainia-Alemania demokrazia antiterroristaruntz?". Barruan: Xabier Amurizak Xalbadorri eskainitako bertsoak, Mariasun Landaren artikulu bat eta Iparragirre atzerritik itzuli mendeurrenean erreportaia. Datorren asteko artikulua: "Oteizak txorradak esateko makinie inbentau".

Efemerideak

1931 urriak 31: Jean Barbier hil zen Senperen. Piarres Bigarren Zathia Euskal Testuen Gordailuan da irakurgai.

1927 urriak 31: Jean Etxepare Landerretxe jaio zen Jatsun.

1967 azaroak 2: Andima Ibiñagabeitia hil zen Caracasen. Susak 2000. urtean argitaratu zituen bere gutunak Erbestetik barne minez liburuan.

1912 azaroak 3: Balentin Aurre-Apraiz jaio zen Gernikan.

1914 azaroak 3: Agustin Zubikarai jaio zen Ondarroan.

1915 azaroak 4: Jean Hiriart Urruti hil zen Baionan.

Agenda

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitaldi musikatua eskainiko du urriaren 30ean (asteazkena) 19:00etan San Inazioko Intxixu ikastolako liburutegian (Kanarias ugarteak 71, Bilbo). Antolatzailea: Intxixu Ikastolaren 25. urteurrena batzordea.

Gasteizko Irakurleen Klubean Natalia Ginzburg-en "Hirira doan bidea" nobela (Igela argitaletxea) izango dute mintzagai urriaren 30ean (asteazkena).

Gotzon Garatek "Zakurra, zeure laguna" nobela aurkeztuko du urriaren 31n (osteguna) 11:15etan Deustuko Unibertsitatean. Argitaldaria: Elkar.

Koldo Izagirrek "Menperatuon idazketa" hitzaldia emango du urriaren 31n (osteguna) 19:30etan Bilbo Zaharra Forumean, Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan.

"Euskal Karneta / Carnet Basque" marrazki liburua aurkeztuko du Quai Rouge argitaletxeak Lapurdiko Getariako Erakustetxean azaroaren 2an (larunbata) 16:00etan. Jean Marc Lanussen irudiei Julie Daurelek paratu dizkie frantsesezko hitzak eta Itxaro Bordak euskarazkoak. Liburu hori bera euskaraz eta espainolez Aralar argitaletxeak emango du.

Elkar argitaletxeak Victor Hugoren "Idi orgaren karranka. Euskal Herrian gaindi 1843" eta Koldo Izagirreren "Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak" liburuak aurkeztuko ditu azaroaren 6an (asteazkena) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan.

Alberdania argitaletxeak bi liburu aurkeztuko ditu azaroaren 6an (asteazkena) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean; Pedro Alberdiren "Kafka Bilbon" ipuin liburua eta Juan Kruz Igerabideren "Mailu isila" poema liburua.

Joxe Azurmendik eta Koldo Izagirrek hitzaldia eskainiko dute azaroaren 6an (asteazkena) 20:30etan Pasai Donibaneko Victor Hugo etxean, "Idi orgaren karranka" liburuaren argitalpenaren karietara.

Felipe Juaristik "Itzarri nahi ez zuen printzesa" nobela aurkeztuko du azaroaren 7an (osteguna) 12:00etan Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Argitaratzaileak: Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eta Alberdania.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: