Literatur Emailuak
42 zenbakia: 2002ko urriaren 24an
Susa literatura argitaletxea

%100 basque osorik sarean

Iaz Susak argitaratutako Itxaro Bordaren %100 basque nobelari eman berri diote Euskadi Saria; orain Interneten ere osorik irakur dezakezu. Liburuari egindako kritikak gorderik dituzu: Pilar Iparragirrek, Ana Urkizak, Felipe Juaristik, Mikel Asurmendik eta Markos Zapiainek idatziak.

Isiltzea hobe

1977ko urriaren 23ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatutako laburrena izan zen: Isiltzea hobe (Juanba Berasategiren irudiaz: "Euskal indar biziak negoziaketan"). Zeruko Argia aldizkariaren azala eta editoriala: amnistiari buruzkoa, eta baita ere barruan Antton Olariagaren Hormasprayko; gainera: Joseba Sarrionandiaren artikulua "Galaxietako gerra inperialista" izenburuarekin; eta azken orduko albistea: "Agur Baader-Meinhof".

Igor Estankona: Tundra

Tundra du izenburua Igor Estankonaren bigarren poema liburuak (lehenak Anemometroa, 1998an argitaratua). Urriaren 24an (osteguna) aurkeztuko du liburu berria Literatur Jazza jardunaldiko errezitalean: Bilboko Kalderapekon (Perro kalea) arratsaldeko 20:15etan. Gitarraz lagunduko dio Borja Estankonak.

Auzolan liburudendak 25 urte

Txema Aranaz, Mari Kruz Azpeitia, Jose Agustin Iturri, Josu Mujika, Jabier Zenikazelaia eta Rosa Zufiak 1977ko urriaren 27an zabaldu zuten Auzolan liburudenda Iruñean, San Gregorio kaleko 3. zenbakian. Auzolan liburudenda idazle eta literatuzaleen biltxokoa bilakatu zen laster, eta Auzolanen babesari esker sortu ziren Pamiela aldizkaria 1983an eta Korrok aldizkaria 1984an, gure literaturarentzat ikur ezagunak.

Efemerideak

1866 urriak 26: Ebaristo Bustintza "Kirikiño" jaio zen Mañarian.

1877 urriak 30: Jean Etxepare Bidegorri jaio zen Argentinan.

1895 urriak 30: Klaudio Sagarzazu "Satarka" jaio zen Hondarribian.

1948 urriak 30: Rafa Egiguren jaio zen Hernanin. Mugarrien garraioan poesia liburuko poemak entzungai dituzu bere ahotsez..

Agenda

Imanol Zurutuzak "Errautsera arteko sugarra" liburua aurkeztuko du urriaren 25ean (ostirala) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Gonbidatua: Andoni Egaña. Argitaldaria: Elkar.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik poesia errezitaldia egingo du urriaren 25ean (ostirala) 22:30etan Eskoriatzako Ganuza etxean.

Patxi Ezkiaga poeta herriko seme kuttun izendatu eta Legorretako Kultur Etxeari bere izena emango diote urriaren 26an (larunbata) 12:00etan Legorretan.

"Suzko hitzak" Palestinako erresistentziaren olerkiak irakurriko ditu J. Barandiaranek urriaren 28an (astelehena) 17:00etan Iruñeko Zabaldiko Teterian. Antolatzailea: Zabaldi Elkartasunaren Etxea.

Bihotz Bakartien Klubak "Sarri gure artean" errezitaldi musikatua eskainiko du urriaren 30ean (asteazkena) 19:00etan San Inazioko Intxixu ikastolako liburutegian (Kanarias ugarteak 71, Bilbo). Antolatzailea: Intxixu Ikastolaren 25. urteurrena batzordea.

Gotzon Garatek "Zakurra, zeure laguna" nobela aurkeztuko du urriaren 31n (osteguna) 11:15etan Deustuko Unibertsitatean. Argitaldaria: Elkar.

Koldo Izagirrek "Menperatuon idazketa" hitzaldia emango du urriaren 31n (osteguna) 19:30etan Bilbo Zaharra Forumean, Euskaltzaindiaren Plaza Barriko egoitzan.

"Euskal Karneta / Carnet Basque" marrazki liburua aurkeztuko du Quai Rouge argitaletxeak Lapurdiko Getariako Erakustetxean azaroaren 2an (larunbata) 16:00etan. Jean Marc Lanussen irudiei Julie Daurelek paratu dizkie frantsesezko hitzak eta Itxaro Bordak euskarazkoak. Liburu hori bera euskaraz eta espainolez Aralar argitaletxeak emango du.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: