Literatur Emailuak
41 zenbakia: 2002ko urriaren 17an
Susa literatura argitaletxea

Duela 50 urte Godoten esperoan

ditions de Minuit argitaletxeko Jerôme Lindon-ek 1952ko urriaren 17an argitaratu zuen Samuel Becketten "En attendant Godot" (bi mila eta bostehun ale), eta 1953ko urtarrilaren 5ean jokatu zen estreinakoz Montparnasseko Babylone antzokian (Roger Blin-ek zuzendua). Becketten eskuizkribuko daten arabera, 1948ko urriaren 9an hasi zuen idazketa eta 1949ko urtarrilaren 29an amaitu. Juan Garziak euskaraturik 2001eko apirilean agertu zuen Alberdania argitaletxeak; Godoten esperoan antzezlanaren bi ekitaldietatik lehena hemen duzu irakurgai.
Beckettek idatzitako azken lana elebitan agertu zuen Susa aldizkariaren 25. zenbakiak: Stirrings Still / Azkenburuko bulkadak (1990an Edorta Mataukok eta Kristin Addisek euskaratua).

Bixkaitar traidorearen legea

Bernardo Atxagak sinatu zuen 1977ko urriaren 16ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua: Bixkaitar traidorearen legea. Zeruko Argia aldizkari hartan agertu ziren besteak beste: Joseba Sarrionandiaren artikulua langabeziari buruz eta Antton Olariagaren Hormasprayko autonomiaz eta independentziaz; kontrazalean: Koldo Mitxelenaren argazkia eta eskuizkribua: "Hona galdera: ez zer nahi nukeen nik, guk zer behar dugun baizik". Datorren asteko artikulua: "Isiltzea hobe".

Kazetaritzatik literaturara

Euskal Idazleen Elkarteak "Kazetaritzatik literaturara" jardunaldiak antolatu ditu urriaren 21etik 23ra bitartean EHUko Leioako Kazetaritza Fakultatean. Hogeita bi idazle eta kazetari izango dira mahai-inguru eta hitzaldietan.
Durangoko Azokarako Hegats aldizkariaren 31. zenbakia prestatzen ari dira: Arantxa Iturbek Joseba Intxausti elkarrizketatuko du, eta monografikoa Aita Villasanteri buruzkoa izango da. Bestalde, dibulgazio aldizkari berri bat agertuko du Euskal Idazleen Elkarteak, Kalegats izenekoa (20.000 ale banatuko dituzte Azoka egunetan).

Literatura nontzeberri gunean

nontzeberri.com urriaren 12 eta 13an ezagutu genuen Elektronikaldian (Donostia-Kursaal), eta ostiral honetan urriaren 18an jarriko dute erabilgarri, Bilboko Kalderapekon goizeko 11:00etan egingo duten aurkezpenarekin batera. Nontzeberri kulturgune zabal eta bizi bat izango da, sei atal nagusi hauekin: literatura, artea, musika, eszena, bertsoak eta ikus-entzunezkoak. Literaturaren atalean aurkituko dituzu: liburu berrien aurkezpenak, albisteak, idazleekin elkarrizketak... Foro bat ere izango da solaserako. Eta Zeuk Sortu atalean zeure lanak argitaratu ahal izango dituzu!

Efemerideak

1936 urriak 17: Jose Ariztimuño "Aitzol" hil zuten Hernanin.

1770 urriak 18: Agustin Kardaberaz hil zen Bolonian.

1931 urriak 18: Lukas Dorronsoro jaio zen Ataunen.

1921 urriak 19: Pierres Xarriton jaio zen Hazparnen.

Agenda

Jimu Iturralde "Euliak ez dira argazkietan sartzen" liburuari buruz solastatuko da urriaren 16an (asteazkena) 20:00etan Deustuko Irakurlearen Txokoan, Bidarte auzoetxean. Antolatzailea: Berbaizu euskara elkartea.

Gari Berasaluzek "Tulipa gorria" liburua aurkeztuko du urriaren 17an (osteguna) 12:00etan Iruñeko Xalbador liburudendan. Gonbidatua: Gaizka Aranguren. Argitaldaria: Txalaparta.

Erein argitaletxeak bi liburu aurkeztuko ditu urriaren 17an (osteguna) 12:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan: Aritz Gorrotxategiren "Galtzontziloak autobusean zintzilik" eta "Yako eta haizea" Ixiar Rozasena. Gonbidatua: Pako Aristi.

Vladimir Brigadak "literatura gorria" izango du irakurketagai urriaren 17an (osteguna) 20:00etan Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Antolatzaileak: Bihotz Bakartien Kluba eta Arrekikili euskara elkartea.

Elkar argitaletxeak bi liburu aurkeztuko ditu urriaren 18an (ostirala) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan: Karlos Linazasororen "Entzungailua" nobela eta Nathaniel Hawthornek idatzitako "Pertseo eta Medusaren burua" nobelaren (Txilikuk moldatua).

Bilboko Poesiaren Asteko ekitaldietan Juan Ramon Madariagak poemak irakurriko ditu Bidebarrieta liburutegian urriaren 19an (larunbata) 12:00etan. Urriaren 20an (igandea) 12:00etan Bitoriano Gandiagari gorazarre egingo diote; irakurraldia Igor Estankonak eta Andolin Eguzkitzak, Gontzal Mendibilek musikaz lagunduta.

Igor Estankonak "Tundra" poema liburuan oinarritutako poesia errezitaldia eskainiko du urriaren 24an (osteguna) 20:15etan Bilboko Kalderapekon. Gitarra: Borja Estankona. Antolatzailea: Literatur Jazza.

Imanol Zurutuzak "Errautsera arteko sugarra" liburua aurkeztuko du urriaren 25ean (ostirala) goizeko 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Gonbidatua: Andoni Egaña. Argitaldaria: Elkar.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: