Literatur Emailuak
40 zenbakia: 2002ko urriaren 10ean
Susa literatura argitaletxea

 

Espetxean aldizkaria duela 65 urte

1937ko urriaren 11n agertu zen Espetxean aldizkariaren lehen zenbakia, Santoñako El Dueso kartzelan euskal presoek egina. 1941eko apirila bitartean 11 zenbaki sortu zituzten (4-6-8 orrialdekoak); estreinako bi zenbakiak Santoñan eginak, hurrengo bostak Bilboko Larrinagan, eta azken laurak Burgosen. Ia denak eskuz idatzi eta eginak izan ziren (azken hirurak Burgosko kartzelako inprimategia klandestinoki erabilita). Zenbaki bakoitzak bost bat kopia izaten zituen. Denera 61 artikulu eta poema argitaratu ziren aldizkariotan, 30 euskaraz eta 31 espainolez, izenperik gabeak. Aldizkariaren arduraduna Juan Ajuriagerra izan zen, eta idazleak: Luki Artetxe, Ander Arzelus "Luzear", Sorazu, Lazkano... Inprimaketa eta kopien egileak: Pepe Verdes, Pio Hernandez, Joxe Mari Correa Goitia, Azkarate... Marrazkiak: Lucarini (eskultorea), Etxebarrieta, Uriarte... 12. zenbakia ere prestatua zuten, baina ez zuten burutu; testu haiek Verdes sendiak gorde zituen. Espetxean aldizkarien faksimilea Sabino Arana Fundazioak argitaratu zuen 1992an, eta ahituta dago edizioa. Iturria: Arantza Arzamendi (Espetxean 1937-1942 erakusketako liburutik, 1998).

Beste bost aldizkari kartzelan

Dakigunez, bost aldizkari ezberdin argitaratu izan dira ETAko presoen kartzelaldiaren historian; denak eskuz idatzi, kopiatu eta eginak, eta ezkutuan banatuak. Sorian egin zen lehendabizikoa, "Aga" izenekoa 1979-1980 urteetan (laupabost zenbaki); Puerto de Santa Marían "Intxaurraga", 1982-1983 urteetan (bizpahiru zenbaki); eta beste hirurak Herrera de la Manchan, 1985ean hasita: "Martxan" (1-moduloan), "Kixmi" (2-moduloan) eta "Halankarri" (3-moduloan). Aldizkari haietako zenbait pasarte irakurgai eman zituen Susa aldizkariaren 23-24 zenbakiak 1989an.

 

Pentsatzea ere ez da gutxi

1977ko urriaren 9ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak sinatu zuten: Pentsatzea ere ez da gutxi. Zeruko Argia aldizkariaren azalak izenburu hauek zekartzan: "Ezker abertzalea debekatua", "ETAko militarrak eta bereziak elkarturik" eta "Euzko Jaurlaritzak 41 urte"; barruan, besteak beste: Antton Olariagaren irudia unibertsitateaz eta "Donapaleuko ikastola debekaturik" erreportaia. Datorren asteko artikulua: Bernardo Atxagaren "Bixkaitar traidorearen legea".

 

Poesiaren Astea Bilbon

Bidebarrieta kulturguneak Poesiaren Astea antolatu du Bilbon. Ekitaldi hauen barruan kokatzen da "Gabriel Aresti eguna" idazlearen jaiotzaren urteurrenean (urriak 14). Egun horretan bi ekitaldi nagusi izango dira: "Luma zikina" Arestiri buruzko bideoa emango dute liburutegian 19:00etan, eta Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik poesia errezitaldia 20:00etan. Urriaren 17an Eli Tolaretxipi, Kepa Murua eta Rikardo Arregi Diaz de Herediak poesia errezitala eskainiko dute. Urriaren 19an (larunbata) 12:00etan Juan Ramon Madariagak poemak irakurriko ditu. Urriaren 20an (igandea) 12:00etan Bitoriano Gandiagari gorazarre egingo diote; irakurraldia Igor Estankonak, Andolin Eguzkitzak eta Gontzal Mendibilek egingo dute.

 

Efemerideak

1987 urriak 10: Koldo Mitxelena hil zen Errenterian.

1987 urriak 11: Jose Estornes Lasa hil zen Donostian.

1994 urriak 12: Antonio Maria Labaien hil zen Tolosan.

1946 urriak 13: Xabier Kintana jaio zen Bilbon.

1933 urriak 14: Gabriel Aresti jaio zen Bilbon.

 

Agenda

Joakin Balentziak "Egunkari ezkutua" poema liburua aurkeztuko du urriaren 9an (asteazkena) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Ostean solasaldia izango da. Aurkezlea: Auxtin Zamora. Argitaldaria: Hatsa.

Hasier Etxeberriak Bost idazle berbetan liburua izango du mintzagai urriaren 9an (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Hikaateneoan. Antolatzailea: Gasteizko Irakurleen Kluba.

Anjel Lertxundik "Aizak eta aizan elkarrekin dantzan" liburua aurkeztuko du urriaren 10ean (osteguna) 11:30etan Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Argitaldaria: Elkar.

Paddy Rekaldek "Rebel Mayo Colorao" nobela aurkeztuko du urriaren 11n (ostirala) 12:00etan Donostiako Alde Zaharreko Belfast tabernan. Aurkezlea: Fermin Muguruza. Argitaldaria: Txalaparta.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: