Literatur Emailuak
37 zenbakia: 2002ko irailaren 26an
Susa literatura argitaletxea

Émile Zola hil zela 100 urte

Émile Zola 1902ko irailaren 28-29ko gauean hil zen, lo zegoelarik monoxido karbonikoz itota; askoren iritziz, idazlearen arerioek etxeko tximinia blokatu zuten pozoitu zedin. Urriaren 5ean ehortzi zuten Montmartre-ko hilerrian. Hiletan Anatole France idazleak esan zuen: "Giza kontzientziaren momentu bat izan zen Zola". Idazlearen heriotzaren 100. urteurrenean, Iñigo Aranbarrik euskaraturik eskaintzen dizugu Émile Zolak 1898an L'Aurore aldizkarian argitaratutako Salatzen dut...! ("J'Accuse...!") gutuna, Dreyfus aferako epai-akatsen eta gehiegikeria politikoen kontra.

XIX. mendeko Frantziako gizarte eta literatur giroa ilustratzeko, Joseba Sarrionandiaren Idazlegoa eta iraultza artikulua duzu irakurketaren lagungarri ("Marginalia", 1988, Elkar).

Esan beharrik ez dago

1977ko irailaren 25eko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua Ramon Saizarbitoriak sinatu zuen, Esan beharrik ez dago izenburuarekin. Zeruko Argia aldizkariaren kontrazalean: Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren argazkia eta eskuizkribua. Barruan, besteak beste: Antton Olariagaren Hormasprayko. Datorren astean: "Euskal Univertsitas ala Univertsity?" eta "Monzonen esneduna erne dabilela".

Gaztelupeko Hotsak eta literatura

Gaztelupeko Hotsak disketxearen webguneak literaturari eskainitako tokia erakutsi berri du. Apoaren edertasuna disko liburuko hitzak dakartza (Koldo Izagirre), Dana lanbrotute ikustot ikuskariko poemak (Joseba Sarrionandia, Jose Luis Otamendi, Manuel Maria, Koldo Izagirre, Mikel Ibarguren eta Iñigo Aranbarri), eta Ibiltarixanak ikuskarian errezitatutakoak (Orixe, Iokin Zaitegi, Nemesio Etxaniz, Gabriel Aresti, Joxe Azurmendi, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Xabier Montoia, Jose Luis Otamendi, Itxaro Borda, Iñigo Aranbarri, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Juanjo Olasagarre eta Miren Agur Meabe).

Balendiñe Albizu hil zen irailaren 20an

Zumaian 1914ko irailaren 18an jaio zen Balendiñe Albizu, eta 2002ko irailaren 20an hil. 36-39ko gerrari ihesi ibili zen Ondarroan, Mundakan eta Bilbon. Gernikako bonbardaketari buruzko poema da idatzi zuen lehena: Gernika sutan. Venezuelara joan zen 1940an; Euzkadi, Euzko Gaztedi, Sabindarra, Irrintzi aldizkarietan eman zituen bere lanak. 1972an Itxaropena argitaldariak plazaratu zion "Nere olerki txorta" liburua. Santi Onaindiak argitaratu zituen bere poema ia guztiak 1984an: "Olerkiak". 1995ean itzuli zen erbestetik.

Elixabete Garmendiari zor diogu Balendiñe Albizuren biografia (Bidegileak bilduma, 1998), eta Literatur Emailu honetarako espresuki izkiriatu du artikulu hau idazleaz.

Efemerideak

1929 irailak 27: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi jaio zen Donostian.

1813 irailak 28: Joanes Otsalde jaio zen Bidarrain. Nafarroako Diario de Noticias egunkarian irakurgai dituzu Otsalderen bizitza eta bertsoei buruzko aipamenak.

Agenda

Joxe Iriarte Bikila "Iraultzen maratoia" liburuaz solastuko da irailaren 26an (asteazkena) 20:00etan Oreretako Mikelazulo kultur elkartean.

Josu Landak Odolbildua nobela aurkeztuko du Getxoko Irakurzalearen Txokoan urriaren 2an (astezkena) 19:30etan Algortako Karitate kaleko 1an.

Ana Urkizak "Bazterreko ahotsa" poema liburua aurkeztuko du urriaren 3an (osteguna) 11:00etan Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Aurkezlea: Harkaitz Cano. Argitaldaria: Elkar.

XX. Mendeko Poesia Kaierak bildumako azken 11 antologiak aurkeztuko ditu Koldo Izagirrek urriaren 4an (ostirala) 11:30etan Donostiako Miramongo Arbelaitzenean; eta gisa honetan, 40 kaierako bilduma osaturik geratuko da. Argitaldaria: Susa.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: