Literatur Emailuak
33 zenbakia: 2002ko abuztuaren 29an
Susa literatura argitaletxea



Izagirrek eta Saizarbitoriak
baietz astea gaizki bukatu

Duela 25 urte argitaratzen hasi zen Zeruko Argia euskal kazetaritza literarioak eman duen artikulu-sail gogoangarrienetarik bat, Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak elkarrekin idatzia: Baietz astea gaizki bukatu. 1977ko irailaren 4an abiatu zen sail hura, lehendabiziko kolaborazioa lau idazlek sinatua: Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolak. Hurrengoak, ordea, Izagirre eta Saizarbitoriarenak izango ziren, 1977ko urriaren 16koa izan ezik (Atxagarena). Denera 29 artikulu argitaratu zituzten 1978ko maiatza bitartean: 24 "Baietz astea gaizki bukatu" izenpean eta 5 elkarrizketa "Gure pertsonaia pertsonalaren pertsonaltasuna" atalean. Urtebete geroago, 1979ko maiatzean, Oh! Euzkadi orri erraldoia agertu zen, 24 lagunek sinatua. Eta 1979ko ekainetik urrira Oh! Euzkadi saila Zeruko Argia astekarian. Ondoren, 1980ko maiatzean sortu zen Oh! Euzkadi aldizkaria, hamabost zenbaki plazaratu zituena lau urtetan.
Heldu den astetik aurrera eta datorren urteko maiatza bitartean, "Baietz astea gaizki bukatu" haietako bana eskainiko dizugu astero. Literatur Emailu honetan Joxan Elosegik gaur espresuki idatzitako sarrera bat duzu, orduko irakurle baten oroitzapen gisa.

Hemingwayren "Agurea eta itsasoa" duela 50 urte

Ernest Hemingwayren "Agurea eta itsasoa" ("The Old Man and the Sea") Life aldizkariak argitaratu zuen lehen aldiz 1952ko irailaren lehenean, eta zazpi egun geroago irailaren 8an plazaratu zuen liburuan Scribner's argitaletxeak. Anjel Goenagaren itzulpenez argitaratu zen lehen aldiz euskaraz 1963an, Itxaropena argitaletxearen Kuliska Sortan. Hiru urte lehenago, 1960ko abuztuaren 21ean, Jose Artetxek Ernest Hemingwayrekin enkontrua egin zuen Donostiako Maria Cristina Hotelean, euskarazko argitalpenerako Hemingwayk egile eskubideak doan eman zitzan eskatze aldera. Honela izan zen solasaldia, Artetxek "Agurea ta itxasoa" liburuaren hitzaurrean kontatua: "Baimena ematen al dezu?" galdetu zion Artetxek Hemingwayri, eta idazleak erantzun: "Nik ez daukat ezer euskaldunen kontra. Ondo egiña al dago traduzioa?"; Artetxek: "Bai, oso ondo gañera"; eta Hemingwayk orduan: "Egizue ba nai dezutena. Nere abogaduari eskribitu akiozute". Duela 50 urte argitaratutako "The Old Man and the Sea" (1952) nobelaren euskarazko lehen edizioa Agurea ta itxasoa (1963) osorik duzu hemen .

Efemerideak

1938 irailak 1: Mikel Lasa jaio zen Donostian.

1949 irailak 3: Fermin Irigarai "Larreko" hil zen Iruñean.

1912 irailak 4: Eusebio Erkiaga jaio zen Lekeition. Karmel aldizkariak ale berezia plazaratu zuen 1993an Erkiagaz.

1937 irailak 5: Arturo Kanpion hil zen Iruñean. Korrok aldizkariak Okendoren eriotza ipuinaren pasarte bat kaleratu zuen 5. zenbakian.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: