Literatur Emailuak
30 zenbakia: 2002ko abuztuaren 8an
Susa literatura argitaletxea

Bilintxen bertso zaharrenak duela 150 urte

"Galop infernal" izenburuarekin 1852. urtean argitaratu ziren ustez Bilintxen bertso zaharrenak direnak. Honela kontatua du Antonio Zabalak: "Honoko bertso-sail honek bi zati ditu; lehenengoan ("Lagunkida fraternaleko galaiak beren damari") aditzera ematen denez, inauteri batzuetarako paratua da; eta bigarrengoan ("Ziririkuak")esaten denez, inauteri horietarako dantza-tokia eta abar prestatzen hasi zirenean, kontrarioren bat edo beste izan zuten Bilintx eta bere lagunek; baina hala ere ondo antolatu zituzten gauzak. Bertso hauek "Donostian Pio Barojaren moldiztegian (1852)" argitaratutako paper batetik ditugu. Paper hori Peñaflorida kondearen liburutegian omen zegoen, eta gure eskuetaraino Donostiako Juan Arbelaitz eta Tolosako Juan Jose Beloki jaunen bitartez etorri zen. Guk ezagutzen ditugunetan, hauek izango dira Bilintxen bertsorik zaharrenak. Hogeita bat urte zituen orduan". Data honen aitzakian, Bilintxen bertso guztiak argitaratu ditugu sarean.

Efemerideak

1948 abuztuak 8: Amaia Lasa jaio zen Getarian.

1961 abuztuak 9: Nikolas Ormaetxea "Orixe" hil zen Añorgan. Bere poemak irakurgai dituzu XX. mendeko poesiak kaierak bilduman.

1924 abuztuak 12: Xabier Gere¤o jaio zen Bilbon.

1820 abuztuak 13: Joxemari Iparragirre jaio zen Urretxun. Bitoriano Gandiagak poema bat eskaini zion Iparragirreri.

1828 abuztuak 14: Jean Baptiste Elizanburu jaio zen Saran. Piarres Adame Saratarraren zembait hitztorio Laphurdiko eskuaran liburua osorik dago Euskal Testu Klasikoen Gordailuan.

1860 abuztuak 14: Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" jaio zen Hernanin. Txirritari buruzko aipamen ugari dauzkazu Mikel Azurmendiren Literatur Gazetako artikulu batean eta Patziku Perurenaren Mazantini aldizkariko artikulu batean.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: