Literatur Emailuak
27 zenbakia: 2002ko uztailaren 18an
Susa literatura argitaletxea

Martzelino Soroa hil zela 100 urte

Martzelino Soroa komediagilea hil zela 100 urte beteko dira uztailaren 20an. Donostiarra sortzez (1848), Ziburura ihes egin behar izan zuen Bigarren Karlistadan eta han "Iriyarena" zarzuela eman zuen 1876. urtean. "Anton Kaiku" obra idatzi zuen 1880an, 1882an argitaratu eta estreinatua. "Gabon" antzezlana 1880ko azaroaren 6an estreinatu zen Donostian. "Anton Kaiku" estreinatu zen 1882ko urtarrilaren 25ean. 1884an argitaratu zituen: "Hau ostatua!" eta "Alkate berria". 1885ean argitaratu zituen "Lapurrak, lapurrak!", "Beti oker" eta "Haizeak ekarri eta haizeak eraman". 1886an "Barrenean harra" argitaratu zuen; urte bereko abenduaren 26an estreinatu zen "Urrutiko intxaurrak" (1887an argitaratua). 1888an "Gorgonioren estuasunak" (zarzuela). 1889an "Ezer ez eta festa". 1894an "Hauek istiluak!". 1894 eta 1895 urteetan bere artikuluak bildu zituen: "Azak eta nahaste". 1899ko abenduaren 21ean "Ezer ez eta festa" estreinatu zen Donostian. Hil ondoren, 1907an "Baina zein naiz ni?" argitaratu zen (1909ko abenduaren 21ean estreinatua).

Goaz antzerki taldeak Martzelino Soroaren bi lan antzezten ari da aurten mendeurrenaren karietara: "Gabon" eta "Antton Kaiku".

Putz aldizkariaren ale bikoitza

Ehun orrialdeko aldizkaria argitaratu du Apokaliftin elkarteak: Putz 15-16, ale bikoitza. Lau elkarrizketa dakartza: Patxi Irurzun, Belen Mijangos, Leopoldo Maria Panero eta Paddy Rekalderekin; azken honek Bukowskiren "Hau da Dylan Thomas hil zuena" eman du euskaraz. Ipuin eta poemen egileak, besteak beste: Manex Agirre, J.A. Roca, Enrike Letona, Pablo Sastre.

Efemerideak

1902 uztailak 20: Martzelino Soroa hil zen Donostian.

1876 uztailak 22: Indalezio Bizkarrondo "Bilintx" hil zen Donostian. Koldo Izagirrek Euskararen historia txikia Donostian (1800-1998) liburuan garai hartako berri damaigu, eta Bilintxen heriotza ere aipatzen du lehen kapituluan.

1923 uztailak 24: Luis Eleizalde hil zen Bilbon.

Agenda

Bihotz Bakartien Klubak "Poeta hilen kluba" poesia emanaldi musikatua eskainiko du Iruñeko Larraona ikastetxean uztailaren 17an (asteazkena) 22:00etan, UEUko saio osagarrietan. Bertolt Brecht, Lauaxeta, Lorca, Aresti, Celso Emilio Ferreiro, Silvia Plath, Lizardi, Bukowski, Bitoriano Gandiaga, Maiakovski eta Jon Mirande eskifaiatzat dituen batelean nabigatzeko aukera.

Udan harpidetza eteteko aukera

Udan Literatur Emailurik jaso gura ez baduzu, harpidetza eteteko aukera duzu orain. Guri mezu labur bat igorrita, zuk nahi duzun asteetan ez duzu albistegi hau jasoko. Oporretatik bueltan berriro automatikoki berriztatuko dizugu harpidetza. Jakin ezazu halaber, uztailan eta abuztuan Emailuak egiten jarraituko dugula, eta Susako webgunean irakurgai izango dituzula beti. Mezuak hona igorri: susanews@armiarma.eus


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: