Literatur Emailuak
24 zenbakia: 2002ko ekainaren 27an
Susa literatura argitaletxea

Urain eta Aranbarriren liburu berriak

Jokin Urain eta Iñigo Aranbarri idazleek bi liburu berri argitaratu dituzte Susa argitaletxearen Amukoak bilduman. Jokin Urainek Isilik doaz urak liburua dakar 18 poemez; Uraini lehendik ezagutzen dizkiogu: Gatibu sortu nintzen ,"Adlotse" eta "Izaina". Beagle itzuli zuan, Martin kronika idatzi du Iñigo Aranbarrik, Cabo Verdetik.

Susako Interneteko dendan liburu bat erosten duenari Amuko bat oparitzen zaio, eta dagoeneko 10 dira agertutako liburuak, beste inon topatu ezin direnak. Amukoak saileko egileak: Juan Luis Zabala, Jose Luis Otamendi, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Xabier Gantzarain, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Pako Aristi, Jokin Urain eta Iñigo Aranbarri.

Ostiela! 26. zenbakia: Pornolore

Gil de Paulesek egindako Zuku Festa aldizkariaren ondoren, testu erotikoak maite dituenak badu beste agerkari monografiko bat: "Pornolore, Larrugintzako Eskuliburua". Honetan ere leku zabala daukate argazkiek, eta idatzizko eduki gehienak narrazioak dira (21 ipuin eta 2 poema). Jon Aranoren "Yopu zoriontsuak" hitzaurreaz aurkezturik dator, bi oharrez lagundua: "Aldizkari pornoetako parodia" eta Juan Martin Elexpururen apologia bat. Ipuinek ia beti dakarte aipurik: Jean Baudrillard, Catherine Tavel, Anais Nin, Charles Bukowski, Lou Reed, Guillaume Apollinaire... Azken orrialdean elkarrizketa: Iñaki Olaizolarekin, Pittilin Gorri dendakoa.

Udan harpidetza eteteko aukera

Udan Literatur Emailurik jaso gura ez baduzu, harpidetza eteteko aukera duzu orain. Guri mezu labur bat igorrita, zuk nahi duzun asteetan ez duzu albistegi hau jasoko. Oporretatik bueltan berriro automatikoki berriztatuko dizugu harpidetza. Jakin ezazu halaber, uztailan eta abuztuan Emailuak egiten jarraituko dugula, eta Susako webgunean irakurgai izango dituzula beti. Mezuak hona igorri: susanews@armiarma.eus

Efemerideak

1988 ekainak 30: Jon Etxaide hil zen Donostian.

1918 ekainak 31: Jaime Kerexeta jaio zen Elorrion.

1773 uztailak 1: Bixente Etxegarai jaio zen Donostian.

1682 uztailak 3: Inazio Barrutia jaio zen Aramaion.

1901 uztailak 4: Bingen Ametzaga jaio zen Algortan.

Agenda

Iazko BBK-Euskaltzaindia sarietako irabazleen liburuak aurkeztu ziren ekainaren 21ean Bilbon. Patxi Ezkiagak "Bigarren haurra" eleberria ikusi du argitaraturik Txomin Agirre saria irabazita. Alaitz Olaizolaren "Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin" antzerki lanak irabazi zuen Toribio Altzaga saria. Sonia Gonzalezek "Sagarroia" poema liburua argitaratu du Felipe Arrese Beitia sariarekin eta Jurgi Kintanak: "Vizcaytik Bizkaira? R.M. Azkue Euskaltzaindia sortu aitzin (1888-1919)" saiakera, Mikel Zarate saria.

Patxi Zubizarretak "Usoa / Lehen kanpamendua" eta "Usoa / Zelatan" eta Iban Zalduak "Kea ur gainean" liburuak aurkeztuko dituzte ekainaren 27an (osteguna) 20:00etan Gasteizko Jakintza liburudendan. Maite Arroitajauregik biolontxeloz lagunduko ditu.

Jose Luis Padronek, Asier Larrazak eta Hits and Fits taldekoek literatur agerraldia egingo dute ekainaren 29an (larunbata) 20:30etan Zumarragako plazan. Antolatzailea: Kilometroak 2002.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: