Literatur Emailuak
22 zenbakia: 2002ko ekainaren 13an
Susa literatura argitaletxea

Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan

Hasier Etxeberriak "Bost idazle" liburua aurkeztu zuen ekainaren 12an Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Aurkezpenean bere ondoan izan zituen Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirre. Liburuan lau idazle hauekin eta Joseba Sarrionandiarekin egindako elkarrizketak batzen ditu. Hasier Etxeberriak idazleek berekin izandako jarrera ona eta literaturaz hitz egiteko edukitako prestutasuna eskertzeaz gain, liburu garrantzitsua izango dela adierazi zuen. Euskaldunon Egunkariaren ekainaren 9ko edizioan irakur daitezke liburuko zenbait pasarte aurrerapen gisa. Argitaratzailea Alberdania izan da, eta udazkenerako gaztelaniazko edizioa kaleratuko dute.

Efemerideak

1896 ekainak 19: Koldobika Jauregi "Jautarkol" jaio zen Errenterian.

1920 ekainak 19: Fernando Aire "Xalbador" jaio zen Urepelen.

Agenda

Juan Garziak Juan Rulforen "Pedro Paramo" nobela euskaraturik aurkeztu zuen ekainaren 11n (asteartea) Irunen, ekitaldi berean Anjel Lertxundik hitzaldi labur bat egin zuen. Argitaldaria: Ibaizabal.

Aingeru Epaltzak "Tigre ehizan" liburuaz solasaldia egingo du jendaurrean ekainaren 12an (asteazkena) 20:00etan Deustuko Bidarte etxean Irakurleen Txokoak gonbidatuta. Antolatzailea: Berbaizu euskara elkartea.

Jose Luis Padronek "Zure bila itsasoa bidaliko dut" liburuko poemak errezitatuko ditu ekainaren 12an (asteazkena) 20:15etan Bilboko Kalderapeko Kulturgunean Literatur Jazzean. Antolatzaileak: Euskal Txokoa eta Lizardi AEK euskaltegia.

Juan Martin Elexpuru literatura erotikoaz arituko da ekainaren 13an (osteguna) 20:00etan Berriozarko liburutegian.

Iban Zalduak eta Asisko Urmenetak "Kea ur gainean" liburua aurkeztuko dute ekainaren 14an (ostirala) 12:00etan Donostiako Udalaren Haur Liburutegian (Fermin Calbeton 25). Argitaldaria: Elkar.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: