Literatur Emailuak
20 zenbakia: 2002ko maiatzaren 30an
Susa literatura argitaletxea

Gabriel Arestiren lau poema bere ahotsez

Gabriel Aresti 1975eko ekainaren 5ean (igandez) hil zen Bilbon. Gabriel Arestiren heriotzaren 27. urteurrenaren karietara, poetak berak errezitatutako lau poema eskaintzen dizkizugu: Egia bat esateagatik eta Nire aitaren etxea ("Harri eta herri" liburuan argitaratu zituenak 1964an) eta Gizonaren ahoa eta Azken euskaldunaren heriotzea ("Euskal Harria" liburuan 1967an argitaratu nahi izandakoak, baina zentsuratu egin zizkiotelako beranduago inprimatuak). Gabriel Arestik errezitatutako lau poema hauek bere bi hitzalditatik jasoak dira. Lehen bi poemak 1964ko irailaren 19an Donostiako Udal Liburutegian izandako "Lengo eta oraingo euskal poesia erritarra" hitzaldian Patxi Mujikak grabatuak. Eta ondoko biak 1966an Hernaniko udaletxeko biltzar aretoan izandako "Euskeraren izen poetikoak" hitzaldian Jesus Mari Olanok grabatuak. Susa literatura argitaletxeak Gabriel Arestiren obra osoa argitaratu zuen 1986an hamar liburuko bilduman.

Klasikoen liburutegia sarean da

Pentsamenduaren klasikoak izenarekin 70 obra euskarara itzuliak agertu zaizkigu azken urteotan; 1991n hasi eta 2006 urtea bitartean 100 lan izango ditu euskaratuak Klasikoak egitasmoak. Orain klasikoak.com gunean obra guzti horiek osorik irakurtzeko modua daukagu, Interneten liburutegia sortuz munduko pentsalarien obrak izango baititugu. Epe laburrean gainera, Jung, Schumpeter, Pierce, Chomsky, San Agustin, Hegel, Bergson, James eta Popperen liburuak argitaratuko dituzte. Edizio berezi eta zaindu hauek lantzeko 40 itzultzailek eta 36 aholku-emailek osatzen duten lantaldea eratu zuten.

Pablo Sastreren Leuropa

Pablo Sastrek bere seigarren nobela Leuropa aurkeztu zuen maiatzaren 23an Donostian, Juan Luis Zabalak lagundurik. Andoaingo bi gaztek Marokora egiten duten bidaldia kontatzen du, handik jendea kamioi batean gorderik ekartzeko joanak. "Errealitatea gogorra, gordina, zakarra, dramatikoa eta tragikoa den arren" adierazi zuen Juan Luis Zabalak, "egiari ihes egin gabe baina alferrikako espanturik gabe eta paternalismorik gabe kontatzen du (...) Tximi da narratzailea, inozentea, motz samarra; bere begirada horretan dago nobelaren gakoa". Pablo Sastrek aitortu zuen: "minik ez balitz bezala saiatu naiz errelitate horri heltzen". Interneten irakurgai dauzkazu Leuropa nobelaren hasierako pasarte batzuk.

Literatur kritika eztaidagai "Komatxo artean"

"Komatxo artean" Herri Irratiko literatur saioan mahaingurua izango da maiatzaren 29an (asteazkena) 23:00etan. "Literatur kritika" da eztabaidarako gaia. Felipe Juaristi, Jon Kortazar eta Mari Jose Olaziregi dira solaskide gonbitatuak. Saioaren gidaria: Mikel Asurmendi. Literatur irratsaio honek hasitako ziklo berriaren baitan burutzeko lehenengoa da mahainguru hau. Eztabaida saioak hilero izango dira azken azteazkenean. Komatxo artean: Donostia, Loiola eta Gasteizko Herri Irratian.

Efemerideak

1916 maiatzak 29: Jose Manuel Estonba "Zolozarreta" "Ilunberri" jaio zen Irunen. Oh! Euzkadin elkarrizketa argitaratu zuten 1983ko martxoan. Aurreko urteko irailean hil zen Urkiolan.

1907 maiatzak 30: Antonio Arozena jaio zen Lasarten.

1993 maiatzak 31: Eusebio Erkiaga hil zen.

1936 ekainak 3: Jose Manuel Lujanbio Txirrita hil zen Altzan.

1878 ekainak 5: Bonifazio Etxegarai jaio zen.

1975 ekainak 5: Gabriel Aresti hil zen Bilbon. Bere libururik ezagunena Harri eta herri 2000 urtean berrargitaratu zuen Susak, eta aurkezpenean Joseba Tapiak eta Natxo de Felipek Gabriel Arestiren kantu batzuk eskaini zituzten. (Hor dituzu entzungai).

Agenda

Gabriel Kortak "Harri hautsiak" poema liburua aurkeztu zuen maiatzaren 28an (asteartea) Donostiako Gros auzoko Okendo kultur etxean. Aurkezlea: Jose Luis Padron. Emanaldiko musika: Jon Goenaga. Argitaldaria: Gabriel Korta zigilua (autoedizioa).

Xose Luis Mendez Ferrinek "En el vientre del silencio" liburua aurkeztuko du maiatzaren 29an (asteazkena) 19:30etan, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Aurkezpena euskaraz, galizieraz eta espainolez izango da. Liburua espainolez Txalapartak argitaratu du. Originala galizieraz Xerais argitaletxeak eman zuen (1999).

Pello Lizarraldek "Larrepetit" nobela aurkeztuko du maiatzaren 31an (ostirala) 12:00etan Iruñean, Pamiela argitaletxearen egoitzan (Curia 25). Aurkezle gonbidatua: Xabier Olarra. Argitaldaria: Erein.

Alberto Ladron Aranak "Xake Mate" nobela aurkeztuko du maiatzaren 31an (ostirala) 12:00etan Donostiako Bilintx Megadendan. Argitaldaria: Elkar (Ondarroako Agustin Zubikarai Saria).

Josu Landak Odolbildua nobela aurkeztuko du ekainaren 6an (osteguna) 20:00etan Portugaleteko Zentru Zibikoan. Antolatzailea: Xaribari AEK euskaltegia.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: