Literatur Emailuak
19 zenbakia: 2002ko maiatzaren 23an
Susa literatura argitaletxea

Lutxo Egiaren Paperezko hegazkinak

Lutxo Egiak bere bigarren liburua baina lehenengo nobela aurkeztu zuen maiatzaren 16an, Donostian goizez, arratsaldez Bilboko Kalderapekon adiskide eta idazle askoren aurrean, eta nobelarentzat izenburua oparitu zion Eneko Erranzek kitarraren doinuz lagunduta. Orain Internet bitartez Paperezko hegazkinak nobela osorik irakurtzeko aukera ere baduzu, Josu Landaren Odolbildua bezalaxe.

Martzelino Soroa omenduko dute Deban

Aretoko euskal antzerkiaren aitzindari izan zen Martzelino Soroaren omenez, Debako Goaz taldeak hamaseigarren Antzerki Astea antolatu du. Patri Urkizuk Martzelino Soroa idazle eta antzerkilariaz hitzaldia egingo du maiatzaren 24an (ostirala) 20:00etan Debako Kultur Etxean. Ondoko zortzi egunetan hamar ekitaldi eskainiko dituzte. Helduen antzerkian parte hartuko duten talde guztiak amateurrak izango dira. Uztailaren 20an beteko da Soroaren heriotzaren mendeurrena.

Efemerideak

1888 maiatzak 24: Tene Mujika jaio zen Deban. Zeruko Argiak elkarrizketa egin zion 1972an.

1841 maiatzak 25: Felipe Arrese Beitia jaio zen Otxandion.

1941 maiatzak 27: Toribio Altzaga hil zen Donostian.

1901 maiatzak 28: Justo Mokoroa jaio zen Tolosan.

1908 maiatzak 28: Pierre Bordazarre Etxahun jaio zen Irurin. Zeruko Argiak elkarrizketa egin zion 1979an.

1916 maiatzak 29: Jose Manuel Estonba "Zolozarreta" "Ilunberri" jaio zen Irunen. Oh! Euzkadin elkarrizketa argitaratu zuten 1983ko martxoan. Aurreko urteko irailean hil zen Urkiolan.

Agenda

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik errezitala egin zuen maitzaren 21ean (asteartea) 20:00etan Gasteizko Florida Kultur Etxean. Maiatzaren 24an (ostirala) 22:00etan Lasarteko Jalgi kafe antzokian izango da. Kitarra elektrikoa: Txomin Uribe (Piztiak). Zuzenean margolana: Josu Aranbarri.

Sonia Gonzalezek "Sagarroiak" orandik argitaragabeko liburuko poemak errezitatuko ditu Literatur Jazza emanaldian, Bilboko Kalderapeko kulturgunean maiatzaren 22an (asteazkena) 20:15etan. Antolatzaileak: Alde Zaharreko Euskal Txokoa eta Lizardi AEK euskaltegia.

Pablo Sastrek bere seigarren nobela aurkeztuko du: Leuropa, maiatzaren 23an (osteguna) eguerdiko 12:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Negozio biribil bat egiteko asmotan, bi gaztek kamioiz Marokora egindako bidaldi bat kontatzen du "Leuropa" nobelak. Pablo Sastre Joseba Jaka III. Literatur Bekako sariduna izan zen iaz. Aurkezle gonbidatua: Juan Luis Zabala. Argitaldariak: Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eta Susa.

Lourdes Oñederrak "Euskal kulturaren ajeak eta literatura" hitzaldia egingo du maiatzaren 23an (osteguna) 19:00etan Bilbon Euskaltzaidiaren egoitzan. Antolatzailea: Bilbo Zaharra euskaltegia.

Luzien Etxezaharreta Maiatz aldizkariari eta Ipar Euskal Herriko literaturari buruz mintzatuko da maiatzaren 23an (osteguna) 20:00etan Larrabetzuko eskoletako liburutegian, Maiatz aldizkariaren 20. urteurrenaren karietara. Antolatzaileak: Bihotz bakartien kluba eta Arrekikili euskara elkartea.

"Irakurriz gozatu" ekitaldia egingo dute Leitzako Maxurrenean maiatzaren 23an (osteguna) 20:00etan, bertako idazleen testuak irakurriz.

Hasier Etxeberriak "Inesaren balada" liburua aurkeztuko du maiatzaren 24an (ostirala) 12:00etan Donostiako Bilintx megadendan. Aurkezle gonbidatua: Jose Luis Padron. Argitaldaria: Elkar.

Xose Estevezek "A lagoa da memoria" galizieraz idatzitako liburua aurkeztuko du maiatzaren 24an (ostirala) 19:30etan Pasaiako Itsas Etxean. Liburuaren hitzaurre egile eta aurkezle gonbidatua: Koldo Izagirre. Argitaratzailea: Castelao kultur elkartea.

Alfonso Castelao omenduko dute maiatzaren 26an (igandea) 13:30etan Pasaiako Arrantzale auzoko Castelao kalean.

Xose Luis Mendez Ferrinek "En el vientre del silencio" liburua aurkeztuko du maiatzaren 29an (asteazkena) 19:30etan, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. Aurkezpena euskaraz, galizieraz eta espainolez izango da. Liburua espainolez Txalapartak argitaratu du.

Pello Lizarraldek "Larrepetit" liburua aurkeztuko du maiatzaren 31an (ostirala) 12:00etan Iruñean, Pamiela argitaletxearen egoitzan (Curia 25). Argitaldaria: Erein.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: